Kalera frantsesez ez hitz egiteagatik. Halaxe zioen aurrekoan irakurri nuen albiste baten lerroburu deigarriak. Kanadan ez dira txantxetan ibiltzen hizkuntza koofizialen bizikidetzarekin, benetan serio hartzen dute elebitasuna, eta horren adibide esanguratsua da Air Canadak azken asteotan bizi izan duena. Izan ere, konpainiak martxoaren 30ean jakinarazi zuen Michael Rousseau presidente eta kontseilari delegatuak ez duela karguan jarraituko eta ordezkoaren bila ari direla. Antza denez, erabaki horren atzean, herrialdean ofizialak diren hizkuntzen erabilerarekin lotuta piztutako polemikak eta protestak daude, eta agerian geratu da hizkuntzen kudeaketa desegokia enpresen sinesgarritasunari, haien balio estrategikoei eta goi kargudunen etorkizunari zuzenean eragiten dien faktorea dela.
Martxoaren 22an, istripu larria gertatu zen New Yorkeko LaGuardia aireportuan: Air Canadaren menpeko konpainia bateko hegazkin batek suhiltzaileen kamioi bat jo zuen lurreratzean, eta, horren ondorioz, Montrealetik zetorren hegaldian zihoazen bi pilotuak hil ziren, eta 40 bidaiari baino gehiago zauritu ziren. Michael Rousseauk hurrengo goizean egin zuen agerraldia, gertatutakoagatik atsekabea adierazteko eta ikerketarekin lankidetzan aritzeko prestutasuna azaltzeko. Hala ere, adierazpen horiek eztabaida piztu zuten, presidenteak ia mezu osoa ingelesez eman baitzuen hiru minutu eta 40 segundoko adierazpen instituzionalean. Frantsesari dagokionez, erabilera sinbolikora mugatu zen: hasierako “bonjour” eta amaierako “merci” hotza, besterik ez.
Agerraldiak eragin zuen haserrea berehala zabaldu zen, eta agerian utzi zuen hizkuntzak ez direla bigarren mailako kontua lidergo instituzionalean, ezta krisi-uneetan ere. Gainera, aire-konpainia Kanadako Hizkuntza Ofizialen Legearen mende dago, eta, beraz, horrek bere komunikazio publikoetan eta zerbitzuetako jardunean ingelesa eta frantsesa pareko baldintzetan erabiltzea eskatzen dio. Are gehiago, gertakariak dimentsio emozional eta sozial handiagoa hartu zuen jakin zenean hildako pilotuetako bat, eta zauritutako bidaiari batzuk, Quebeceko frankofonoak zirela (Kanadako biztanleen %22k frantsesa du lehen hizkuntza, eta horien %80 baino gehiago Quebecen bizi dira); testuinguru horretan, Rousseauren jokabidea ez zen soilik komunikazio-akats gisa interpretatu. Berehala, Quebeceko Mark Carney lehen ministroak Rousseauren dimisioa eskatu zuen, eta Kanadako Parlamentuko Hizkuntza Ofizialen Batzorde Iraunkorrak azalpenak ematera deitu zuen.
Egun batzuk beranduago, Rousseauk barkamena eskatu zuen eta onartu zuen frantsesez komunikatzeko behar adinako gaitasunik ez zuela, baina azalpen horrek ez zuen eztabaida itzali. Air Canadaren zuzendaritzak gertatutakoa publikoki deitoratu zuen arren, hasiera batean argi utzi zuen presidenteak karguan jarraituko zuela. Erantzuna berehalakoa izan zen Quebeceko erakundeen aldetik, Parlamentuak Rousseauren dimisioa eskatzeko mozio bat onartu baitzuen aho batez. Eta haserreak ez zuen behera egin, Kanadako Hizkuntza Ofizialen Komisarioaren Bulegoak 2.000 kexa baino gehiago jaso zituelarik.
Auzia ez zen jada komunikazio akats baten inguruko eztabaida hutsa, baizik eta enpresa handi batek arau eta sentsibilitate esparru komun bat errespetatzeko duen borondateari buruzkoa. Testuinguru horretan ulertu behar da azkenean konpainiak hartu zuen erabakia. Kanadako Gobernuak espresuki azpimarratu zuen Rousseauk kudeaketa teknikoan egindako lana ez zela zalantzan jartzen, baina argitu zuen erakunde handi baten buruan egoteak bestelako betebeharrak ere badakartzala: balioak ordezkatzea, gizarte itunak errespetatzea eta hizkuntzekiko begirunea bermatzea, besteak beste. Mezu horrek adierazi zuen mugarria non zegoen: errendimendu ekonomikoa ez da nahikoa, baldin eta erakundearen zilegitasun sinbolikoa ahultzen bada. Horregatik ezarri zen baldintza argi bat etorkizunerako: zuzendaritza kargu nagusiek elebitasuna bermatzea.
Gertakari hau ispilu modura baliatu daiteke gurean, tamalez ez baita salbuespena. Hizkuntzak ez dira bigarren mailako kontua, are gutxiago zerbitzu publikoetan edo gizartean eragin handia duten enpresetan. Alderantziz, hizkuntza-kudeaketak zuzenean eragiten die zerbitzuaren kalitateari, erakundearen sinesgarritasunari eta herritarren konfiantzari. Hizkuntza Eskubideen Behatokiak behin eta berriz azpimarratu duen bezala, hizkuntza-eskubideen urraketek ez dute ondorio sinbolikoa soilik; ondorio praktikoak dituzte, eta herritarren ongizatea eta zerbitzuen eraginkortasuna kolokan jartzen dituzte.
Horregatik, ezinbestekoa da galdera deseroso bati aurre egitea hemen ere: zerbitzua benetan herritarrei zuzenduta badago, hizkuntza ez al da zerbitzuaren parte funtsezko bat? Kanadatik datorren mezuak ez du zalantzarako tarterik uzten. Lanpostuek hizkuntza-erantzukizuna dakarte. Ez da gaitasun osagarri bat, ezta borondate onaren kontu huts bat ere; gobernantza onaren parte da. Gurean ikuspegi hori barneratzen hasten garenean, zerbitzu hobeak, erakunde sendoagoak eta sinesgarriagoak eta herritarrekiko harreman zintzoagoak irabaziko ditugu.