Gero eta gehiago entzuten dugu enpresen etengabeko hobekuntza, berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzeko ikuspegi estrategikoaz, kudeaketa aurreratuaz, erantzukizun sozialaz, marka balioez, komunitatea sortzeko eta saretzeko beharraz, barne zein kanpo bezeroekin konektatzeko moduez... Hutsalak diruditen baina mamitsuak diren kontzeptu horietara ohitu gara. Ingurumari horretan, burura datorkit galdera hau: ba al dago Euskal Herrian negozio-estrategiaren parte gisa euskara kudeatzen duen enpresarik? Ez soilik une zehatzetako komunikazioan, baita markaren posizionamenduan, bezero-esperientzian eta barne-kudeaketan ere? Gertatzen bada, zein sektoretan da ohikoagoa? Sektore edota eremu jakin batzuetan bideragarriagoa da beste zenbaitetan baino? Eta nola kudeatzen dute? Euskara balio erantsitzat hartzen dute ala legezko betebehar gisa soilik? Zein erronka dituzte aurrera begira, eta zer politika eta tresna erabiltzen dituzte hizkuntzak kudeatzeko?
Bai, badakit gero eta enpresa gehiago ari direla euskara negozio-estrategiaren ardatz bihurtzen. Batzuetan kanpoko aholkularien laguntzarekin egiten dute; besteetan, bertako kideek kudeatzen dute prozesua. Fenomeno hori merkataritzan, ostalaritzan, zerbitzuetan eta industrian gertatzen ari da, izaera eta tamaina askotako enpresetan. Euskara-planak, ziurtagiriak, lankidetza-sareak eta bestelako tresnak erabiltzen dituzte bidea egiteko. Eta hori guztia, legeak ezarritako derrigortasunik gabe, erantzukizuna, konpromiso soziala eta balio erantsia negozioaren parte bihurtuz.
Hala ere, alderdi ahulenetako bat irismena da: gaur egun, Euskal Herriko eremu sozioekonomikoaren oso ehuneko txikia ari baita lanean norabide horretan. Horregatik, beharrezkoak dira bestelako neurriak, hala nola, legedia, inbertsioak, pizgarriak eta lankidetzak, euskara benetan enpresen lehiakortasun-faktore bihurtzeko eta sektore gehiagotarako iristeko.
Sektore publikoan eta mendeko erakundeetan, EAEn bereziki, euskararen erabilera sustatu eta normalizatzeko betebeharra dago barne-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa. Egoera, oro har, hobea da arlo pribatuan baino; hala ere, langileen hizkuntza gaitasuna handia izanik ere –esate baterako, Eusko Jaurlaritzan langileen ia %90ek hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatu du, agintari politikoen %80k euskaraz ulertzen duela dio eta %67,5ek euskaraz hitz egiteko gai dela adierazi du–, galdera da: zenbat sailetan erabiltzen da euskara eguneroko lanabes gisa?
Hezkuntzaren sektorean urrats garrantzitsu bat eman da: hizkuntza kudeatzailearen figura sortu da, ikastetxeetako hizkuntza proiektuaren lidergoa hartzeko. Izan ere, mota guztietako erakundeek, enpresek eta elkarteek kudeatu behar baitituzte hizkuntzak modu sistematikoan. Laguntza moduan, gidak prestatu dira, hezkuntza-komunitateek hizkuntza-proiektua koherentziaz landu dezaten, ikasleen ezaugarri eta beharrizanetara egokituta. Gainera, dekretu berri batek finkatuko ditu ikastetxe publiko guztietan egingo diren proiektuetan landu beharreko elementuak. Horrek hizkuntza-kudeaketa profesionalizatzeko eta sistematizatzeko bidea zabalduko du, euskararen presentzia eta erabilera eguneroko jardunean sendotuz.
Pilotajea abiatu da Hezkuntza Konplexutasunaren Indize (HKI) altuko EAEko hogei bat ikastetxetan, alegia, zailtasun handieneko baldintzetan lan egiten duten zentroetan. HKIren azken helburua gure hezkuntza-sistemaren ekitatea hobetzea da. Indizeak, besteak beste, honako aldagai hauek hartzen ditu aintzat: Ikastetxeen barne-ebaluazioan eta Ebaluazio Diagnostikoan ikasleek izan duten emaitza, ikastetxearen indize sozioekonomikoa eta kulturala (ISEK), bekadun ikasleen ehunekoa, hezkuntza-laguntza premiak dituzten ikasleak, ikastetxeko ikasle etorkinen ehunekoa, adinaren arabera dagokiena baino beheragoko maila batean eskolatuta dauden ikasleen portzentajea, etab.
Hezkuntzan abiatu den ekimen hau eremu sozioekonomikora zabaldu beharko genuke. Administrazioa, enpresa eta kooperatiba elkarteak, sindikatuak eta euskalgintza elkarlanean ikusi nahiko nituzke erronka honetan. Goian esan bezala, Euskal Herri luze-zabalean euskara planetan murgilduta dauden enpresa ugari ditugu, baina benetako apustua behar da irismena biderkatzeko.
Euskara kudeaketa aurreratuaren parte da, eta horregatik, funtsezkoa da enpresa-harremanak ezartzen diren lurraldeetako jatorrizko hizkuntzak kudeatzea, epe ertain eta luzerako ikuspegia izanik. Euskararen kudeaketari buruzko enpresa-estrategia bat definitzeak eta aplikatzeak ez du soilik hizkuntza normalizatzen, enpresek erantzukizun sozialarekiko duten konpromisoa sakontzen du, marka-balioa indartzen du eta lehiakortasun-faktore bihurtzen da.