Hondamendi-egoera

Eskola-autobusen aferaz han eta hemen esan dena arreta handiz jarraitzen saiatu naiz. Urteak dira gure alabek eskola utzi zutela, baina urte horietako komeriak ez zaizkit ahaztu. Gure bizitza osatzen duten atalak, norberaren zein besteren zaintza eta lana, albainuz josita dauzkagu, eta nahikoa da ezusterik txikienak den-dena hankaz gora jartzeko. Zentzuzkoa denaz haraindi tenkatu egiten dira eusten gaituzten hari fin horiek eta apurtzen direnean, dena abailtzen da. Nahikoa da goizeko zortziak eta laurdenetan haurrak eskolara eraman behar dituen autobusik ez izatea mundua hankaz gora jarri zaizula ohartzeko. Nahikoa da alabak marranta batek hartuta esnatzea galdera existentzialak egiten hasteko: lanera joaterik ez duen langilea ez bagara, nor gara? Agindutakoa betetzeko gauza ez bagara, zer egingo dugu?

Bizitzari eusten dion egituran pitzadurak handitzen eta handitzen ari dira. Ez zaizu hau, irakurle, batere arrotza egingo feminismotik aspalditxotik esaten ari zaiguna nola edo hala jarraitu baduzu, baina asko dira bere burua eztabaida horietatik kanpo kokatzea erabaki duten eragileak. Legeak behartu arte lan eta bizitza pertsonala uztartzeko neurriak aplikatzen dituzten enpresak, denboraren erabilera desorekatuari bizkar emanda agenda antolatzen dutenak eta abar.

Bizitza antolatu ahal izateak eragiten duen kalapita horren agerikoa izanik, harrigarria da gai trantsizio honi eskatzen zaion arreta eskasa. Nire buruari galdetzen diot askotan non geundekeen, adibidez, eraldaketa digitalaren aurrean egokitzeko erabiltzen ari garen baliabideen erdia erabili izan bagenu enpresetan denboraren erabilera orekatua bultzatzeko neurriak eta pizgarriak jarri izan bagenitu. Zein zerbitzu publiko izango genituzke? Nolako pizgarriak izango genituzke krisi demografikoari aurre egiteko? Kontsentsu altua baina lehentasun baxuko auzia da, eta esango nuke horren azalpenetako bat dela krisi honek ez digula guztioi berdin eragiten: emakumeak garela, ia modu esklusiboan, horren pisua jasaten dugunak.

Emakunderentzat hainbat ikertzailek egindako lanak ondorioztatu zuenez, Euskadin 20.000 lanpostu sortu beharko lirateke etxeetako zaintzaren zama % 10 murrizteko. Espainiako Estatistika Institutuak 2019an emandako datuen arabera, ordaintzen ez diren etxeko lanorduak lan-merkatu osoa baino % 30 gehiago izan dira eta bolumen horren % 80 pasa emakumeen bizkar gainean dago.

Norbera eskura dituen baliabideekin erantzuten saiatzen da, etxe bakoitzak, pertsona bakoitzak nahiko lan baitu egunean eguneko orekari eusterekin, erortzeko arriskua nola edo hala saihestuta. Oker gaude: auzoa uholdeak hartzen duenean, alferrik da soilik zure etxeko ataria garbitzea. Ekonomia-eredu berri baterantz, gizarte-antolaketa berri baterantz, bizitza ulertzeko modu berrietarantz igarotzeko bidean gaude, Carol Gilligan filosofo eta psikologoak proposatu zuen "Zaintzaren etikaren" bidean, bizitzako atal guztiak eta pertsonak guztiak elkarren mendekoak garela aitortzetik abiatzen dena. Eginkizun dugu eta urgentea da. Bihar goizeko zortziak eta laurdenetan autobusak hartuko ditu gure haurrak eskolara eramateko, eta asperen egingo dugu, beste behin ere, azken minutuan, lortu dugulako hondamendiari izkina egitea, hurrengo ataka zein izango den pentsatzen dugun bitartean. Alejandar Pizarnik-en olerkia datorkit burura: “Ezinezkoa da beti hondamendi-egoeran bizitzea”.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK