Gutariko asko ezustean harrapatu gaitu gaurko eguna gorriz tintatuta ikusteak. Iraila hasierak halakoxeak izaten dira: apur bat desordenatuta datoz orduak, udan zehar hautsitako errutinaren piezei lekua aurkitu ezinda oraindik; bizkor eutsiko diogu ohikoari, hain segur. Kontua da Elkanok munduari bira eman ziola ez dugula, nik dakidala, sekula horrela ospatu, baina ulertzen da salbuespena, aurtengoa urteurren biribila delako. 500 urte dira euskal herritar batek munduari bira eman ziola, eta gaurko egunez iritsi zela Sanlucar de Barrameda hirira hiru urte lehenago abiatu zen espedizioa: iturri ofizialek diote hasierako 234 gizonetatik 18 baino ez zirela itzuli, baina egiazki 21 gizon lurreratu ziren munduari bira egin ostean, hiru esklabu, “indiar basatiak” kroniketan, zenbatzea ahaztuta, nonbait.
Mugarria izan zen, Historiako liburuetara jauzi egiteko moduko balentria. Litekeela da lehen bira osoa ez izana, beste iturri batzuek espedizio txinatar baten arrastoak topatu dituztelako haren xendran, baina gutxi axola du horrek: Elkanoren izena nabarmentzen da, bere abenturaz gutxi dakigun arren.
Irudikatzea ere nekeza da. Hiru urtez jardun zuten nora zihoazen eta zer zetorkien iragarri ezinik, teknologia oinarrizkoenarekin, nolabait esatearren. Urteurrena dela eta, aitzindaritzaz, kemenaz eta ausardiaz hitz egiten zaigu, eta ezin esan halakoxea izan ez zenik. Horrek, baina, ez du ezkutatzen gaurko begiez ikusita horren ederra ez den ikuskizuna. Txanpon guztiek dute aurria eta binperra, banaezinak direnak: alderdi erromantikoren beste aldean, jazoeraren alderdi berekoiago eta basatiagoa datza, mundua alderik alde zeharkatu ahal izateak ireki zuen mundu ekonomiko berria, adibidez, globalizazio ustiatzailearen ernamuina orduan erein baitzen. Arantzik gabeko arrosarik ezagutzen duzue? Nik ez.
500 urte dira ordura arte gure Planetaz genekiena osatzeko urrats erabakigarria egin zela. Orduan ikasi zenaren gainean eraikiz joan da orain ezagutzen duguna, ezagutzak, munduak, horrela egiten duelako aurrera, erraldoien bizkarren gainetik so eginez. Data biribila da, eta unea iradokitzalea. NASA egunotan ari da Artemis misioa abian jartzeko ahaleginean (gora-beherak tartean) gizakia Ilargian berriro pausatzeko asmoz. Historian lehen aldiz gizona ez den gizaki ez zuria izango da, gainera, satelitearen gainean.
Egia da Elkanoren espedizioak estualdi ekonomiko baten duela jatorria, espazio-lasterketaren gibelean datzan berbera, bide batez esanda. Eta egia da, halaber, beharrak edo lukurreriak Historiako pasarte asko ulertzen laguntzen digutela, baina beste zerbait dago, beste indar-modu bat, mundua aitzinera eraman duten gertakarien argazkia osatzeko: zerbait berria ezagutzeko itxaropena.
Zein zatekeen munduari bira osoa ematearen pareko erronka gaur egun? Elkanoren garaia eta geurea konparatzerik ez dagoela dakidan arren, nire buruari galdetzen diot kapaz ote garen munta hartako itxaropenak berriro ekoizteko eta aurrera eramateko gaur egun. Itxaropen edo grina hori berriro elikatzeko, hain zuzen. Gai izatea ezinbestekoa da erronkari eusteko, baina ez da nahikoa: lor daitekeenaren itxaropena energia iturri ezinbestekoa da.
George Mallory munduko eskalatzailerik handienetako bati galdetu zioten behin zergatik arriskatzen ote zuen horrenbeste, are bizitza bera, goi-mendi beldurgarri horietara igotzeko. Eta erantzun sinple, ulerterraza eta aldi berean sakona eman zuen: “Hor daudelako”.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta