• IRITZIA
  • Igogailu soziala ez da iristen
Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Igogailu soziala ez da iristen

2026eko apirilaren 8a
pilar kaltzada gonzalez 106438(2)

Igogailu sozialaren promesarekin jaio ginen. Nahikoa omen zen barrura sartzea —hezkuntzaren eta esfortzuaren bidez, eta zorte pittin batez— sinisteko, lehenago edo geroago, ateak goiko solairuren batean irekiko zirela. Europak bere kontakizunaren zati handi bat ideia horren gainean eraiki zuen, eta belaunaldi askorentzat abiapuntua horixe izan zen, sorrera-mitoa. Halaxe izan zen hemen ere, Euskadin, non kohesioa herri-nortasunaren parte bilakatu zen. Egia da gure adierazleek inguruko beste testuinguru batzuetakoak baino hobeto eutsi diotela mito horri eta aitortu egin behar da, harrokeriarik gabe, baino harrotasunez. Baina horretan gelditzea arduragabekeria litzateke.

 

OCDEren azken txostena irakurrita, arreta eskatzen duen arrakala nabarmen ikusten da: jatorri familiarrak izaten jarraitzen du lan-ibilbidea baldintzatzen duen faktore nagusia.

Berdintasuna, oraindik ere, posta-kodearen arabera “tokatzen” zaizun zerbait da. Etxe batzuetan igogailuak funtzionatzen du, kalitate handiko makineria da eta mantentze egokia egiten zaio: botoia sakatzen duzunean, igogailuak erantzun egiten du. Baina beste askotan motel dabil, geratu egiten da gutxien espero duzunean, edo ez da solairu guztietara iristen. Auzo askotan, ataria bera beldurgarria da eta eskailera ez da alternatiba bat, bide bakarra baizik.

 

Txostenak, beraz, azalera ekarri du lehendik susmatzen genuena —ezaguna izanagatik ere normalizatu beharko ez genukeena—: garena, neurri handi batean, familiaren hezkuntza-mailaren araberakoa da, dauzkagun edo falta zaizkigun sareek zeharo baldintzatuta. Curriculumetan ez da islatzen kapital hori, baina zein ate jotzera ausartzen zaren horren arabera erabakitzen da maiz. Behin eta berriro kontrakoa esaten zaigun arren, aukera-berdintasuna ez da lehen CVa bidaltzen dugunean hasten, askoz lehenago baizik, eremu askoz lausoago baten, zeinean noraino iritsi gaitezkeen barneratzen dugun, eta baita non gelditzea "dagokigula" sentitzen dugun ere.

Datuak argiak dira: Euskadin igogailu honek beste leku batzuetan baino hobeto funtzionatzen du. Hamarkadetan zehar, matxurak gutxiagotzen dituen sistema eraiki dugu, muturreko desberdintasunak murrizten dituena eta, nola edo hala, minimoari eusten diona. Ezin da gutxietsi sistema horren ekarpena, baina euste hutsa ez da nahikoa, batzuetan, eustea kronifikatzea delako.

Gurean igogailua ez da bizkorregi amiltzen behera doanean, baina horrek ez du bidea bidezkoago egiten, hemen ere, jaio zaren eraikinaren araberakoa izaten jarraitzen du-eta.

FOESSAren pobrezia-txostenak argi eta garbi erakutsi ditu horren ondorioak eta premiazko abisua da. Ikustea zaila egiten zaizun arren, irakurle, gurean iraupen luzeko pobrezia egonkortu egiten ari da eta ezaugarri jakin batzuk dituzten profiletan pilatzen da nagusiki: haurrak, guraso bakarreko etxeak (gehien-gehienak emakumeak), eta jatorria atzerrian duten pertsonak. Igogailu sozialak hiru arrakala horiek erakusten ditu, argi: generoa, jatorria eta testuingurua. Aldagai horiek teilakatzen direnean, ia beti, bizitza-ibilbideak zeharo aurreikusgarriak izaten dira, eta ez onerako, noski.