Ikasturte berria, arazo zaharrak

Abuztuko azken izpiak ahultzen direnean eta egutegiko iraileko orria zabaltzen denean, ikasturte hasieraz hitz egiten dugu beti. Ikasturte hasiera hori ez dagokie bakarrik irakasle eta ikasleei: politika munduan ere izaten da, baita kirolean ere, nahiz eta futboleko denboraldia geroz eta lehenago hasi. Horretan, bat nator Errealaren entrenatzaile ohi batek esaten zuenarekin: Donostian, Liga ez da hasten Kontxako estropadak igaro arte. Eta ekonomia-enpresan ere ikasturte hasierari ekiten zaio. Udako oporrek etenaldi bat irekitzen dute hainbat eragileren jardueretan. Jakina, askotan gertatzen da ordura arte lortutako emaitzak ez direla aurreikusitakoak izaten. Hezkuntzako sistema zaharraren terminoetan, gutxiegi (izan ere, badirudi hezkuntza berriak ez duela halakorik izango). Beraz, ikasturte berria gainditzeko, agintariek eta enpresek bere aurrean erronka potoloak dituzte, bai epe laburrera, bai epe luzera.

Espainian, urte bukaera arte gobernurik gabe egoteak ez du kezka handirik eragingo. Hamaika eragilek aurreratu dute administrazio zentralaren paralisia, horrek arazo larririk sortzen dienik atzematen ez delarik. Europar lehendakaritza abian da, baina inork ez du horretan erreparatzen. EAEn, fokoa udaberrian izango diren hauteskundetan jarrita dute alderdi guztiek (sorpassorik ote?), baina begi ertz bat (edo biak) Madrilen ematen diren negoziaketetan ere jarrita daude. Nafar uretan, bitartean, lasaitasuna, uda aurretik beste lau urterako gobernu aurrerakoi batentzako akordioa aprobatu zelarik.

Bitartean, inflazioaren uhina ez da tsunami bihurtu, baina enpresen eta (bereziki) familien kontuak bere ondorio ezezkorrak nozitzen ari dira. Errekinak eta elikagaien prezioak goranzko norabidean mantentzen direlarik eta salgai horiek familien erosketa saskian duten garrantzia ikusita, erosketa ahalmenak aldapa behera jarraituko du. Euriborraren gorakada gelditu da oraingoz, eta horrek arnas pixka bat emango dio hipoteken eta maileguen zamaren hazkundeari. Baina ez dirudi Europako Banku Zentralak interes tasak jaitsiko dituenik. Beraz, ez dira hilabete samurrak izango alde horretatik.

Aitzitik, enpleguak, nahiz eta jakin berri ditugun abuztuko datuek langabetuen hazkundea iragarri (abuztuan, badakizue, herri honetan ostalariek bakarrik egiten dute lan), ez dirudi bere ibilbide baikorra geldituko duenik. Enplegu publikoak tira egiten du, baina enpresa pribatuek ere langile gehiago behar dituzte. Boomerren jubilazioen eragina? Enpresa zuzendari askori entzunda (berdin dio handiak edo txikiak izan), zailtasun ugari dago hainbat profiletako langileak bilatzeko. Demografiaren indarraren lehen urratsak sumatzen hasiak gara.

Nazioarte mailan, Ukrainako gerrak utzi dio hizpide izateari, nahiz eta egunero hildakoak eta txikizioak izan. Bere eragina, hala ere, izugarria da errekinen eta elikagaien merkatuetan. Bitartean, Txinako ekonomiaren geldialdiak (munduko bigarren ekonomia, gogora dezagun) gure enpresetan eragin zuzena izango du, merkatu berrien bilaketari bultzada emanez. Beste herrialde emergenteak (Brasil, Turkia, India eta beste hainbat) aukera anitzak eskaintzen dituzte. Bazirudien pandemiak globalizazioaren atzerakada ekarri zuela, baina mundua ekonomia bakarra dela ezin du inork ukatu. Eta enpresen administrazio kontseilutan argi daukate: gu ez bagoaz haiengana, haiek gugana etorriko dira.

Hori guztia gertatzen da ziurrenik azken 120.000 urtetan izandako uda beroenean (Leipzigeko unibertsitateko adituen esanetan). Aldaketa klimatikoa dago zain dauden irakasgaien artean, baina badirudi beti hurrengo ikasturte batean jorratuko den gaia dela. Migrazioak antzeko tratamendua jasotzen du (nork uka dezake arazo ekonomikoa ez denik?). Aurten ere Mediterraneoa gurutzatzen ehundaka pertsona hil dira, itxaropena ordez heriotza topatzea behartu dituen bidai batean.

Aforismo zahar batek dioen bezala premiazkoa, garrantzitsuaren etsaia da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK