Ikertzaileen baikortasuna

Bere karrera osoa ikerketan eman duen adiskide batek erretiroa hartu berri du. Elkartu gara gertakari zoriontsua elkarrekin ospatzeko eta harritu egin naiz entzun diodanean ikerketa, funtsean, bizitzari baikortasunez begiratzeko bidea baino ez dela. Ikertzen duenak badaki nekez lortuko duela aurkikuntza handi edo erabatekorik, baina ikertzen diharduen bitartean ez du itxaropena galtzen. Ondoko ikertzaileei lana apur bat aurreratuta uztearekin pozik bizi dira ikerlari batzuk. Aurten Ekonomiako Nobel Saria eskuratu duen Claudia Goldin ez dut ezagutzen, baina ikerlari optimista horietako bat dela esango nuke.

Beharko. Bizitza osoa darama itxuraz amaierarik ez duen ikerketa-lerro horietako baten buru-belarri lanean: gizon eta emakumeen arteko desberdintasun ekonomikoaren epe luzeko joerak ikertzen ditu. Besteak beste, U formako kurba ulertzea hari zor diogu, zeinak demostratu duen belaunaldi baten lorpenek ez diotela deus ere bermatzen hurrengoari, eta berdintasunaren bidea ez dela ez arteza, ezta erabatekoa ere. Estatu Batuetako emakumeen ahalduntze ekonomikoa eta profesionala da horren adibidea: XIX. mendean zeregin askotatik kanporatuta izan ziren emakumeak bertan, eta ondorioz, ondorengo belaunaldiek XX. mendea ia osorik eman behar izan zuten galdutako eremua berreskuratzen.

Baikor eusten dio bizitzari Goldinek, baina horrek ez du esan nahi inozoa denik. Aurrerabideak aukera argiak ikusten ditu, baina berdintasun-arrakala berriei erreparatu behar diegula ohartarazi du.

Lanaren munduan genero-konbergentziarako zantzuak ikusten badira ere (denboraren exijentzia pribilegio gisa darabiltzaten lanpostuak krisian daude, eta etxeko eta zaintzako lanak ekitatez banatzearen aldeko joerak zabalduz joan dira), desberdintasuna areagotuko duten erronka berriez oso gutxi dakigu oraindik.

Ez dago alde bakarreko txanponik: aurrian aurrerapenak ikusten badira ere, binperrean arrakala berriak ageri dira.

Gaur egungo desberdintasun ekonomikoek gero eta zerikusi handiagoa dute aberastasunarekin, eta ez soldatekin. Lana ez da jadanik berdintasunerako giltza. Lana prekarizatuz doa, segurtasun-sare gero meheagoetan bizi gara eta zerbitzu publiko unibertsalen krisia areagotzen ari da. Ingurumaria honetan, lana baino ondasunen kontrola gero eta garrantzitsuagoa da hezkuntza, etxebizitza eta osasun-arreta lortzeko, baita kreditua, norberaren konturako enplegua edo diru-sarrerak ziurtatzeko ere.

Noizbait emakumeek lan beraren truke gizonen soldata bera jasoko balute ere, horrek ez luke berdintasuna bermatuko, ondasunen banaketan gero eta arrakala handiagoak sortzen ari direlako. Gizonek emakumeek baino kapital handiagoa dute sistematikoki, etxebizitzak, lursailak edo aktibo finantzarioak barne. Esate baterako, Frantzian genero-aberastasunaren aldea etengabe handitu da gizonen alde, 1998ko % 9tik 2015eko % 16ra.

Aberastasun-arrakala ez da orain arte asko ikertu, neurri handi batean dokumentatzeko zaila delako. Herrialde gehienetan, aberastasunari buruzko datuak etxeen arabera biltzen dira (inkesta edo aitorpen fiskalen bidez), eta ez banaka. Etxeetako jabetza modu orekatu batez banatzen dela uste izaten denez, aberastasunaren kontrolari buruzko botere-dinamikak gutxi ikertu dira.

Lanaren munduko desberdintasunak hobeto ulertzea lortu dugu, baina hori ez da jadanik nahikoa. Erantzun gero eta zorrotzagoak eskaintzearekin ezin konformatu: galdera berriak egiten asmatu behar dugu. Baikorrak izan behar dute ikertzen dutenek, ezinbestean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK