Testu hau gure webgunean irakurtzen ari bazara, jakingo duzu aurrean duzun edukia irakurtzeko ez duzula xentimorik ordaindu behar izan. Zure Interneteko nabigatzailearen bidez iritsi zara hona —zerbitzu horrengatik, bai, ordaindu egiten duzu— eta kito, hortxe duzu. Sinplifikatzen ari naiz, badakit. Edonola ere, EnpresaBIDEA egunero eskuragarri egotea posible da erredakzio batek garrantzitsutzat jotzen dituen albisteak landu eta testuinguruan jartzen dituelako, eta enpresa batek kazetari horiei soldatak ordaintzen dizkielako, eta baita ere askotariko enpresek zein instituzioek uste dutelako kazetaritza hau babestea beharrezkoa dela informazioa zuregana irits dadin.
Ekonomia eta enpresari buruzko informazio guztia biltzen du EnpresaBIDEAren buletinak, euskara hutsean. Egunero-egunero emailean jaso dezakezu, guztiz doan, bi minutu besterik ez dituzu behar harpidetzeko. Eta proiektu hau hazten jarrai dadin lagunduko diguzu.
Zu ez zara hau irakurtzeagatik ordaintzen ari, baina norbait ari da, eta ezinbestekoa da norbait hori existitzea, eustea eta ez nekatzea. Eta hain zuzen ere oreka hori —hauskorra, ikusezina— da gaur arrakalatzen hasi dena.
Prentsa-askatasuna ez da kontzeptu abstraktu bat, ezta aldarrikapen erretoriko hutsa ere. Herritartasun demokratikoa eraikitzeko ezinbesteko pieza da. Gertatzen ari dena kontatuko duenik ez dagoenean, berandu da damutzeko.
Gogoeta hau leherketa kontrolatu deitu genezakeen prozesu baten haritik dator: ez da itxiera bortitza izan, mehetze progresibo bat baizik. Washington Post egunkariak bere lantaldea nabarmen murriztu duela iragarri zuen joan den astean, eta harritu gintuenik ezin esan. Amaiezina dirudien krisi baten barruan gertatu da, baina gertakari bat baino askoz gehiago da. Tanta bat gehiago itsaso asaldatu batean. Ez da edozein tanta: sintoma bat da eta sintomei arretaz begiratu behar zaie.
Prentsa-askatasuna eskubide bat da eta eskubide eraginkor orok bezala, finantzaketa, egonkortasuna eta konpromisoa behar ditu. Baldintza horiek ez badira betetzen, eskubideak ez dira existitzen. Baldintza horiek gabe, ez dago independentziarik eta hori gabe, kazetaritza ahuldu egiten da. Prentsa-askatasuna dardarka hasten denean, demokrazia bera da apurtu egiten dena.
Lehendik genekien eta orain begi hutsez ikusten ari garen zerbait da: demokraziak ez dira ate-kolpe batez hiltzen; argiak itzaltzen direnean hiltzen dira. Normalean ez dago aparteko zaratarik, higadura jarraitua baizik, nekea eta isiltasuna. Hasieran aurrekontuak mehetu egiten dira, gero denbora falta da, eta ondoren eta askotan bateratsu, pertsonak dira desagertzen direnak. Erredakzioa txikitu egiten da eta horrekin batera, begirada uzkurtu egiten da, bizirautearen truke zernahi egiteko atakan jartzen da komunikabidea. Pausoz pauso, kazetaritza —lanbide deseroso hori— existitzeagatik barkamena eskatzen hasten da, bere burua (gure burua) desenkusatzen.
Argi esan behar da: ez da beharrezkoa egunkari bat ixtea prentsa-askatasuna mehatxatuta egon dadin. Nahikoa da bere eginkizuna argaltzea, taldeak murriztea, ikerketa luxu bihurtzea eta hausnarketa bitxikeriatzat zokoratzea. Nahikoa da kazetaritza lehia absurdoaren zelaira eramatea, non irizpideari klika gailendu zaion, non sakontasunaren ordez abiadura lehenetsi dugun. Hori guztia gertatzen denean, bizirautearen truke zernahi egiteko gai garela nabarmen geratzen denean, partida galdutzat ematen dugu, eta asko da denok galtzen duguna.
Gure misioa betetzen dugunean —eta egia da, ez dugu beti egiten— kazetaritza informazio-produktua baino gehiago da: zerbitzu bat da. Balio publikoa duen zerbitzua, eta horrek ez du esan nahi diru-publikoz ordainduta egon behar denik, ezta hala behar denik ere derrigor. Publikoa da errentagarria ez denean ere balio horri eusten diolako, deserosoa delako. Inork begiratzen ez duen tokira argia eramaten duelako da beharrezkoa, eta batez ere, boterearen kontrapisua delako. Kontrapisurik gabe, badakigu norantz makurtzen den boterea.
Washington Posten kasua sinboloa da, eta horregatik da kezkagarria, oso. Urte luzez, bere goiburuan esaldi bat eraman du grabatuta, gaur inoiz baino ozenago entzuten dena: "Democracy Dies in Darkness", demokraziak ilunpean hiltzen dira, hain zuzen. Paradoxa mingarria da: iluntasunaren arriskuaz ohartarazi zuen hedabidea barrutik argiak itzaltzen hasi da, errentagarritasuna eta garrantzi demokratikoa bereizten ez dituen logika ekonomiko batek bultzatuta. Edo logika hori ondo baino hobeto ulertzen duten botereek bultzatuta.
Gaur egungo iluntasuna ez da beti zentsura esplizituaren bidez iristen. Askotan prekarietate estruktural gisa agertzen da, kanpoko plataformen mendekotasun gisa. Zarata nagusitzen da, eta garrantzitsua dena ikusezin bihurtzen da, atari zabalean ezkutatuta.
Ardura ez da soilik enpresa editoreena, haien konpromisoa erabakigarria bada ere. Gizarte osoarena ere bada, bereziki, harpidetzarik gabeko hedabideen kasuan, horrelakoetan kontratua ez baita ekonomikoa, zibikoa baizik. Inork ez du “ordaintzen” irakurtzeagatik, baina denok jakin beharko genuke zer galtzen den hedabide bat desagertzen denean. Hedabide sendorik gabe ez dago kalitatezko eztabaida publikorik, ez kontrol demokratikorik, ez herritartasun informaturik. Kazetaritza ez da doakoa, zeuk zuzenean ordaintzen ez baduzu ere.
Demokraziak ilunpean hiltzen dira, eta iluntasun horrek gaur izen deserosoa du: hauskortasun ekonomikoa.
Garai ilunak dira hauek, dudarik gabe. Horregatik behar dugu, inoiz baino gehiago, argi distiratsu eta sendo bat.