Inbertsioa ideiaren aurretik?

Aurreko astean negozio-ideia eta eredua diseinatzen ari diren dozena bat ekintzailerekin egoteko aukera izan nuen. Ideiak eta konzeptuak ziren oraindik, haien buruetan, bai, baina oraindik merkaturatzeke zeuden hipotesi hutsak. Haietariko batzuk iada hasiak ziren lehenengo bezeroen xerkan, eta beste batzuk azken aurkezpen eta prestaketak bukatzen. Inork ez zuen negoziorik martxan oraindik, baina argi zuten guztiek kanpo-inbertsioa beharko zutela hasteko bederen. Lehen akatsa.

Gezurra badirudi ere, gero eta “ekintzaile” gehiago dago ideia, produktu edo zerbitzu erreala eskaini aurretik Inbertsio bila hasten direnak. Spoiler txiki bat egingo dut: negozio bat martxan jartzeko kanpo-inbertsioa eskatzetik hasita, eta merkaturik baden eta produktua beharrezkoa den jakin gabe ez da urrutira iristen. Orain arte start-up munduan oso modanizan da praktka hori  —powerpointa aurekztu eta inbertsioa lortzea—. Aitzitik, dagoeneko bukatu da mauka. Funtsezko zenbait baldintza aipatu nahi nituzke ideia edo proiektu bat martxan jarri eta gerora inbertsio edo kanpo-finantziazioa lortu ahal izateko.

Lehenik eta behin produktu edo zerbitzu bideragarria izatea. Funtsezkoa da produktu edo zerbitzu teknologiko bideragarri eta sinesgarria izatea. Benetako arazo bat konpondu edo merkatuko behar handi bat —milaka edo milioika pertsona edo enpresarengan eragina duena— asetzen duen soluzioa izan behar du. Tokian tokiko beharrak beste herrialde edo gizarteetan errepikatzean datza bideragarri izan edo ez izatearen aldea. Errepikakorrak ez diren arazoak itzuri.

Horrez gain, negozio plana garatu behar da. Enpresak diru-sarrerak nola sortu eta epe luzerako errentagarritasuna nola lor dezakeenaren ideia garbi bat behar du. Ziurtasunik ezin da eman, baina aurreikuspen bat bai. Horrek merkatuaren azterketa zehatza egitea eskatzen du, baita lehia identifikatu, monetizazio-estrategia definitu eta finantza-proiekzio errealistak egitea ere.

Aurrekoari gaineratu kontzeptu edo prototipoa sortzea. Ez da produktu finala, baina gutxienez kontzeptu proba edo prototipo funtzional bat izateak areagotu egin dezake negozio-ideiaren sinesgarritasuna. Horrek erakusten du produktua edo zerbitzua garatuta dagoela, eta lehenengo bezeroak lor daitezkeela.

Hala ere, prototipoa beti eskas gelditzen da. Nahiago dugu hasierako trakzio bat lortzea. Negozio-eredua frogatu eta bezeroen nolabaiteko onarpen edo interes maila lortzeko behar-beharrezkoa da hasierako trakzio hori. Fase honetan metrikak definituko dira, hala nola erosle kopurua edo bezeroen jarraipen-tasa, sortutako diru-sarrerak, aliantza estrategikoak edo enpresaren hasierako aurrerapena erakusten duen beste edozein adierazle. Dena da baliogarri, beti ere negozioaren garapen adierazleak direnean. Ez ezazu burua engainatu: negozioan eragin zuzena duten metrikak ez badira, utzi alde batera.

Azkenik, eta aurreko guztia zure kabuz martxan jartzen duzunean, zenbakietara bueltatu eta hasieran egin genuen negozio-planaren metrikak betetzen ari diren ala ez errebisatu dezakegu. Lortzen ditugun emaitzen baitan, eta negozio-adierazleak eskutan ditugularik, azkenean kanpo-finantzazioaren aukera baloratu ahal izango dugu. Ez lehenago, eta ez beranduago. Inbertsioa negozio-ideia frogatzearen aurretik egiteak ez du inongo zentzurik, ez ekintzailearentzat, eta ezta inbertitzaileentzat ere. Ekin!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK