Indarkeria matxistaren aukera kostuak

Claudia Goldin 2023ko Ekonomiako Nobel Sariduna albiste izan da azken asteotan berriro ere. Edo, bera baino, Goldinek eta beste 600 ekonomialari eta ikertzailek baino gehiagok sinatu duen eskutitza Armin Falk Alemaniako IZA Institute of Labor Economics ezagunaren zuzendari ez egiteko.

Duela aste batzuk iragarri zuen IZAren jabe den Deutsche Post fundazioak Falken izendapena, 2024ko urtarrilaren 1etik aurrerakoa. Iragarpenak, baina, hautsak harrotu zituen berehala. Izan ere, Nora Szech ikertzaileak salatu egin zuen, ekonomialari alemaniarra 2022ko udazkenean, sexu jazarpena eta botere nagusikeria egotzita.

Ikertzaileek sinaturiko eskutitzan jasotzen denez, Falk Deutsche Posten menpeko Briq institutukoa zuzendaria zen salaketa gertatu zenean. Institutuaren erreakzioa izan zen "oso modu txarrean" gertatutakoa "ukatzea", "oinarririk gabeko akusazioak zirela" esatea eta adieraztea, hala jarraituz gero, "difamazioagatik" salatuko zutela ustezko biktima. Briqeko ikertzaile asko kexatu egin ziren erreakzioagatik eta barne ikerketa abiarazi zuen insitutuak, Falkekin "lan eszedentzia" adostu ostean. Ikerketak ondorioztatu zuen akusazioak "ez zirela baieztatu", eta Falk kargura itzuli zen. Ondoren etorri da arestian aipaturiko izendapena. Eta horrekin batera, eskutitza, erabakiaren ezegokiasuna salatuz.

Aitzitik, eskutitzak fruituak eman ditu, fundazioak astelehenean iragarri baitzuen "IZA zuzentzeko izendapena bertan behera uztea" eskatu zuela Falkek berak. Aipatzekoa da sinatzaileetako gehienak IZAren parte direla edo izan direla —modu zuzenean edo afiliatuan—, eta erabakia atzera bota ezean, institutuarekin zuten lotura bertan behera uzteko asmoa iragartzen zutela 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Jakina da instituzio akademikoentzat funtsak ezinbestekoak direla biziraungo badute, baina euren osperako punta-puntako ikertzaileen izenak ere behar dituzte. IZAk ekonomia zientzietako mundu mailako ikerketa sare zabalena kudeatzen du, 1.300 lagunetik gorakoak ikertzaileak, afiliatuak eta bestelako profilak aintzat hartzen badira, baina zifra nabaria galdu zezakeen aurrera eginez gero, eta tartean lehen mailako izenak.

Albiste ona da, zalantzarik gabe, ekonomialari talde zabal batek halako izendapen baten kontra egin izana, eta Falkek kargua ez hartzea. Szechen salaketak #EconMeToo mugimendua abiarazi duela ere irakurri dut. Emandako pausoak ukatzeko asmorik gabe, ordea, fokua beste nonbaiten jarri nahiko nuke.

2023ko abuztuan Szechek, —ustezko— biktimak, bere buruaz beste egin zuen. Alemaniarra hura ere, Karlsruhe Institute of Technologyko Ekonomia Institutuan ari zen lanean, Ekonomia Politikako irakasle gisa. Matematika eta Ekonomia ikasi zuen Bonneko Unibertsitatean, eta bertan lortu zuen bere doktoretza 2010ean, eta Ekonomia Industrialeko irakasle ere aritutakoa zen.

Pentsatu nahi nuke barne ikerketa zorroztasunez eginikoa izan dela. Zoritxarrez, sarritan ikusi dugu halakoetan ez dela benetan gertatu dena agerian utzi, probak lortzeko zailtasunak direla medio. Indarkeria matxista kasu argi baten aurrean izan gintezke, beste behin.

Ekonomia ikuspegitik oso ikerketa gutxi egin dira indarkeria matxistak duen eragin ekonomikoa barnebiltzen dituztenak, segur aski eragin hori kalkulatzeko zailtasunak direla medio. Alcala de Henareseko Unibertsitateak 2019an argitaratu zuen bat aurki daiteke sarean. Ikerketak indarkeria matxistaren 23 inpaktu ekonomiko jasotzen ditu, osasunari, lanari, ekoizpenari, segurtasunari... dagozkionak, baina baita biktimek pairatu behar dituzten aukera kostuei —diru-sarrerak edo bestelako errekurtsoak, adibidez— loturikoak.

Baina badago beste alderdi bat: indarkeria matxistaren ondorioz gizarteak bere gain hartutako aukera kostuak, historian zehar milioika emakumeri euren ekarpen baliotsua modu askean egiteko aukera kendu diena. Akaso, gastu eta kostu kontzeptuak erabilita ulertu nahi ez duten askok ulertuko dute benetan gizartearen egiturazko arazo dela. Agian kontzeptu ekonomikoetara jota, indarkeria matxistarekin guztiz amaitzeko borrokari bultzada ematea lortzen dugu.

Ikertzaileek sinatutako eskutitza irakurri nahi baduzu, eldiario.es egunkariak oso-osorik argitaratu du (ingelesez)

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK