Industria-politika berriak: misioak kapitalismoa eraldatzeko

Aurreko mende bukaeran, Espainiako Gobernuko ministro bat (Carlos Solchaga nafarra, hain zuzen ere) ospetsua egin zen industria-politika hoberena existitzen ez zena zela esan omen zuelako. Geroztik, badirudi hitz horiek espainiar sektore industriala sustatzeko ekimen publikoen gaineko madarikazioan bihurtu direla. Sektorearen biziraupena sektore pribatuaren eta merkatuaren eskutan utzi izan da, eta, lehiakortasun hazkorreko testuinguru batean, ezin daiteke esan bere eboluzioa suziriak botatzeko modukoa izan denik: 2000an BPGaren %18a izatetik, 2022ko %12 eskas batera pasa gara. Epe horretan, bi alderdi nagusiak txandakatu dira boterean. Baina industria- politikaren arrastorik ez dugu izan. Euskal Herrian, aitzitik, manufaktura-sektoreak bere pisua mantendu izan du, bai EAEn eta, bereziki, Nafarroan. Azken hau da estatuko erkidego industrialena: bertan, manufaktura- sektoreak, BPGaren %25a suposatzen du. Bi kasutan, Europar Batasuneko batezbestekoaren gainetik.

Jakina da herrialde garatuetako ehun produktiboak industria-ekonomietatik zerbitzu-ekonomietarako trantsizioan murgilduta dabiltzala azken hamarkadetan. Derrigorrezko patua dirudi, digitalizazioak markatutako aurrerapenaren bide horretan egin beharrekoa. Industriaren aipamenak burdina, tximinia, herdoila eta pabiloi zatarren irudia gogora ekartzen digu, gaur egungo modernitatearen eta abangoardiaren ikono diren basamortu erdian eraikitako metropoli berrien argazkietatik oso urruti dauden imajinak.

Baina ez dugu ahaztu behar gure bizitza eredua enpresa industrialek egindako ekarpenen gainean sostengatzen dela. Enpresa hauetan gure eguneroko bizitza errazten dituzten produktu berriak sortzen dira; bertan lan egiten duten langileek kalitatezko enpleguak eta lan baldintza egokiak dituzte; eta globalizazioen haize boladek bere oinarriak astindu arren, erroak lurraldean sustraituta daude.

Estatuaren parte hartzea ekonomian (eta are gutxiago, industrian) popularra ez den garai hauetan, ez dirudi erraza industria-politika defendatzea. Baina jakina da gure gizarteak arazo handiei aurre egin behar diela, eta horien inguruko kontsensua nahiko zabala dela ez dago ukatzerik. Aldaketa klimatikoaren ondorioen leuntzea, energia berriztagarrien hedapena edo populazioaren zaharkitzea bezalako erronkek aktore anitzen ahaleginak eta baliabideak beharrezkoak dituzte, publikoak zein pribatuak. Hala ere, oso ohikoa da kasu horietan merkatuak ez sortzea pizgarri nahikoak sektore pribatuarentzat. Beraz, Mariana Mazzucato ekonomialari italiarrak dioen bezala, administrazio publikoen papera erronka horiei aurre egiteko estrategia edo misioak diseinatzea izango litzateke.

Misio horiek ez lirateke eskumen publikoak pribatizatzeko beste aitzakia bat, enpresa pribatuak gizadi osoaren mesedean jarduteko bultzada bat baizik. Elkar lan horretan arriskuak eta etekinak modu ekitatibo batean banatuko lirateke sektore publiko eta pribatuaren artean, balorea elkarrekin sortuz, eta ez elkarri zurrupatuz. Misio horien ondorio gisa, beste hainbat sektoretan erabilgarriak izango liratekeen berrikuntza eta produktuak sortuko lirateke ere, 60ko hamarkada gizakia ilargira eramateko martxan jarritako Apolo programarekin gertatu zen bezala. Guzti horretarako, estatuaren rola ekonomian aldatu egin behar da, azken hamarkadetan jasandako ahultze eta infantilizazioa irauliz, eta Mazzucatok berak dioen bezala, kapitalismoa bera eraldatuz. Industria- politika bere errautsetatik berpiztu beharko da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK