Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Interakzio berri bat

2025eko maiatzaren 26a
xabi murua 2022

Gailuak hobetu egin dira. Duela hamar urteko mugikor bat eta gaur egungoa alderatzea besterik ez dago: kamera hobeak, pantaila argitsuagoak, prozesagailu azkarragoak. Baina gurekin duten harremana, funtsean, bera da: hatzarekin ukitzen dugun pantaila bat; egunero 2.600 aldiz ukitzen dugun leihotxo bat.

 

Horregatik da interesgarria OpenAIk Jony Ive-rekin sinatu berri duen akordioa. Ez da soilik diseinatzaile bat kontratatu dutelako —Appleko produktu nagusiak sortu zituen diseinatzailea, bai—, bi mundu elkar ukitzen hasi direlako baizik. Batetik, adimen artifizial aurreratua, eta bestetik, gizakiek teknologiarekin harremantzeko diseinatutako interfazeak. Orain arte, AA aplikazioak garatu dira: software hutsa, hizkuntza-ereduak, irudi-sortzaileak, chatbotak, etab. Gure smartphone zaharrean sartzen ditugu tresna berriok eta dagoeneko hasi gara gure egunerokoa pixkanaka aldatzen. Orain ordea, hardwarea ere iraultzera datoz. Ez da beste mugikor bat izango. Ezta ordenagailu bat ere. Ezta gure hatzekin ikutuko dugun pantailarik ere. Zer izango ote? Ive eta Altman ez dira gailu bat sortzera batu, interakzio modu berri bat sortzera batu dira: “gailuaren” arrastorik ez duen interfaze bat nik uste, baina beti gurekin egongo dena, entzuten duena/gaituena, ikusten duena, eta ulertzen saiatuko dena.

Adi! Hemendik aurrerakoak nire usteak besterik ez dira, iritzi bat besterik ez. Lanaren munduan txertatzetik hasiko dira eta erabat aldatuko du gaur egun ezagutzen dugun lana. Ez da zaila irudikatzen AA-n oinarritzen den sekretario automatiko bat garatzea; lan-aginduak ulertzen eta banatzen dituen laguntzaile bat; edo enpresa txiki bateko finantza eta fakturazio prozesuak automatizatzen dituena. Bere burua “AA agente” bat bezala aurkeztuko duelakoan nago, eta etorkizun batean, beste edozein langilek bezala, gizarte-segurantza ordaindu beharko —agentearen jabeak, noski— duela ere bai.

 

Honek dena aldatuko du: Lanerako ez dugu aplikaziorik ireki beharko, hitz egin baizik; ez dugu bulegoko ordenagailurik izango, entzun eta erantzungo gaituen gailu berria baizik; eta hor hasiko dugu paradigma berria: ez dugu tekleatzeko edo softwarerik erabiltzeko beharrik izango, dena interakzio hutsean egingo dugu eta. Pentsatzeko eta lan egiteko modu berri bat iristear dagoenaren sentimendua dut, eta lanaren kontzeptua bera zalantzan jartzera datorren iraultza teknologikoa.

Nola prestatu horretarako? Lehenik eta behin, ulertu beharko dugu adimen artifizialarekin elkarreragiteko moduak ez duela zertan iruzurra izan, ezta teknikoagoa ere, baina bai kontzeptualki sakonagoa. Interakzio-mota berriak ulermen gaitasun semantiko berriak eskatuko dizkigu, eta agindu operatiboen ordez, testuinguruan oinarritutako komunikazioa. Horrek prestakuntza berri bat eskatuko du: pentsatzeko, informazioa egituratzeko eta galderak egiteko gaitasuna sakonagoa. Gainera, lan-egitura klasikoak —postuak, lanorduak, prozesu linealak— kolokan jar daitezke agente hauek autonomoki erabakiak hartzen hasten direnean. Horrek lidergo-eredu berriak, erantzukizunen birbanaketa eta lanaren etika digital berria ekarriko ditu mahai gainera. Ez da makinen aurkako beldurra izatea kontua, aldaketa honek zer balio, gaitasun eta eginkizun eskatuko dizkigun ulertzea baizik, gizaki gisa.