Iraila: lanerako ordua

Oraindik udan bagaude ere, gutxi batzuk dira gaur oporretan dirautenak. Astelehena da, urteko nagiena akaso eta enpresetan ia guztiak itzuli gara lanera, oraindik oporretan direnengatik bekaizkor. Batzuen kontsolaziorako, iraileko lehen bileretan udan egindako bidaia eta pasadizoak partekatzeko uneak izaten dira gehienbat, lanean hasteko nakarkeriaz.

Baliteke norberaren enpresan telelana egiteko aukera dela eta, etxetik lan egiteko aukera izatea. Kontziliazioa eta familiaren antolaketa —balizko— aitzakia hartua, lehenengo egunak erreskadan etxetik egiteko aukera izango dugu eta ondoren hibridoan egiteko aukera eman. Azken batean, telelanean aritu edo ofizinara joatearen arteko eztabaida gainditu dugu jada, ezta?

Horixe bera pentsatu eta proposatuko zuten Meta, Google eta X —lehen Twitter zena— enpresetako langileek: telelana edo hibrido lan egiteko aukera izango zutela. Aitzitik, produktibitatearen eztabaida gainditurik zegoela uste zenean, enpresak ezbaian jartzen hasi dira telelanaren auzia. Zenbateraino da produktibo etxetik lan egitea?

Googlen iritziz lan presentzialera itzultzeko garaia da, eta trantsizio hori errazteko honako proposamena luzatu die langileei: “Google hotel bat eskaintzen ari da campus ‘berezi’ batea, bulegora itzuli behar duten langileei laguntzeko”. Hala dio hainbat hedabidetan azaldu zen albisteen izenburuak. Googlen iritziz, pandemian martxan jarritako telelanaren plana atzera botatzeko unea da, eta langileak bulegora itzularazi nahi izan dituzte irailetik aurrera. Horretarako, ordea, proposamen bitxi bat jarri du martxan: konpainiak esan duenez, lanaldi osoko langileek logela bat erreserba dezakete campuseko hotel batean, Mountain Viewn, gau bakoitzeko 99 dolarretan.

Haien ahotan, "Googleko langileei lantoki hibridorako trantsizioa erraztuko dien" itxaropenarekin jarri dute martxan proposamena. Izan ere, “imajinatu goizean etxetik lanerako bidea egin beharrean lo apur bat gehiago egiteko aukera izatea” [...] “Ondoren, zure gelatik atera eta gosari gozo-gozoa har dezakezula, edo entrenamendu bat egin lanari ekin aurretik” [...] “Lana hoteletik metro gutxi batzutara izango dute langileek, kontziliazioa asko errazteraino”. Googlen hotela campus berri batean dago, eta bere iragarkietan lan egiten duten 4.000 langile hartzeko adina gaitasuna du.

Proposamen horrek, inongo testuingururik gabe, izugarrizko erokeria dirudien arren —gutariko inork ez luke begi onez ikusiko proposamena— badu arrazoi bat, oso krudela den arren. Jakina da San Frantziskoko Badiako Areak higiezin-kostu altuenetakoak dituela. Etxebizitzen eskaintza oso mugatua da izugarrizko eskaera baitago. Etxebizitza gehienak inguruko industria teknologikoan lan egiten duten goi-postuetan dauden langile eta exekutiboek hartzen dituzte, gainontzekoak kanpora desplazatuz. Horietariko asko Googlen jabetzakoak edo alokatuak dira. Beraz, esan genezake langileak ia derrigortuta daudela, eta hortaz hobeto aterako zaiela “Googlen hotelean” bizitzea San Francisco hirian bizitzea baino. Izugarrizko keinua Googlen partetik, aizu! A zer mauka! Eta zuk, aukera izanez gero, ez zenuke halakorik egingo?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK