Iraizpenagatik jasandako kalte ordainak. Kaleratze konpontzaileari buruzko gogoetak

Duela gutxi, Lan eta Gizarte Ekonomiako ministroak kaleratze kasu jakin batzuetan kalte-ordainaren zenbatekoa handitzeko beharra planteatu zuen. Asmoa da kalte ordainen zenbatekoa langilearen egoerarekin lotzea. Hau da, "kaleratze konpontzaile edo errestauratiboaz" hitz egin du, Europar Batasuneko herrialdeetan dagoeneko kontuan hartzen ari den kontzeptuaz.

Proposamen zehatzik luzatu ez badu ere, kalte-ordaina desberdina (altuagoa) izatea izango litzateke helburua, kaleratzeak pertsonengan duen eraginaren arabera, eta horretarako generoa, adina eta familia aipatu ditu. Adibidez, pertsonaren arabera, kaleratze batek zapuztutako karrera profesionala ekar dezake, eta lan-merkatura itzultzeko zailtasun handiagoa. Pentsa dezagun 58 edo59 urteko langile batean.

Era berean, kasu horietan kalte ordain altuagoak ordaindu behar izana ondore eragozleak edukiko lituzke kaleratzeetan.

Jakina denez, oraingo legediarekin, kaleratzegatiko kalte-ordaina hainbat faktoreren araberakoa da: langilearen soldata eta antzinatasuna, kontratua azkentzeko arrazoia eta aukeratutako modalitatea (mugagabea edo iraupen jakinekoa).

Sistema horren izaera tasatuak segurtasun juridiko handia eskaintzen die enpresei, azkentze-erabakien ondorioei dagokienez, ondorio ekonomikoak ez baitira auzitegien esku geratzen. Langileen ikuspegitik ere abantaila bat dakar: askatu egiten ditu kontratua amaitzeak eragindako benetako kaltea alegatu eta frogatzetik, oinarrizko eskubideak urratzen diren kasuetan izan ezik.

Proposatutako sistema berriak, kasu ezberdinak ezberdin tratatu nahiko lituzke eta zentzu horretan guztiz bidezkoa izan daiteke. Aitzitik, kolektibo jakin batzuentzako kalte-ordain handienen erregulazioak (esaterako, adinekoena) pertsona horiek ez kontratatzea ekar dezake ondorio. Enpresek beste kolektibo batzuk kontratatu ahal izango dituzte, kaleratzearen kostua edo segurtasunik eza handiagoa bada.

Horren harira, segurtasun juridikoa gehitzeko eta langileen eskubideak bermatzeko, ziurrenik berriro etorriko da eztabaida publikora Austriako Motxila famatua (funts indibiduala, langile bakoitzaren soldata gordinaren zati baten ekarpenekin).

Eta bidezkoa bada kasu ezberdinak ezberdin tratatzea, zergatik ez enpresaren ikuspegitik ere? Hain zuzen ere, kalte-ordainak modulatzea enpresaren tamainaren arabera. Guztiok dakigu zer nolako eragina eduki dezakeen kalte-ordain batek enpresa txiki batetan, askotan enpresaren bideragarritasuna kolokan jar dezakeela. Beraz, kalte-ordain kopuru bera ordaindu behar du enpresa handiak (10.000 langile dauzkanak, esaterako) zein txikiak (bi edo hiru langile besterik ez daukanak, esaterako)? Ez da horren ideia bitxia. Izan ere, adibidez, 2010 eta 2013 urteen artean FOGASAK bere gain hartzen zuen, 25 langile baino gutxiagoko enpresen kasuan, langileari kaleratze objektiboagatiko kalte-ordainaren % 40 ordaintzea. Eztabaidarako ideia xumea, eztabaidak jarraituko du-eta.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK