Algoritmoak ez, aurreko larunbateko paperezko egunkariak elkartu zizkidan bi artikulu begi-kolpe batean.
Hedoi Etxartek iritzi artikulu bat argitaratu zuen Lislore Iruñeko urteetako loradendaren itxierak sortzen zizkion bizipenak kontatuz. Ekartzen zizkion gogorapenen artean, loradenda txikitatik zeuzkan oroitzapenekin lotzen zuen.
Egunkari berean Irati Elorrietak argitaratu berri duen “Langile baten alaba” liburuaren pasarte bat zetorren, honezkero nire gau-mahaian, erdi alde inguruan orri-marka jarrita.
Klik egin zidan bien arteko loturak. Gure txikitako langile etxean lorerik sekula ez zela erosi, ez gure langile etxean, ez, ziur asko, gure langile auzo osoan. Loreak bai, erositako lorerik ez. Amari errekaduak egiten laguntzen, gogoan dut loreak erostea iradoki izana. Erantzuna, ezezkoa, laster zimeldu eta bota beharko zirela. Ez omen zuen merezi lore-sorta efimeroetan dirua gastatzerik. Sortak aldirietako gure auzotik gertuko zelaietan batzen genituen loreekin egiten genituen. Eta balkoiak betetzen zituzten buztinezko ontzietako geranioak eta besteak, emakumeek trukatzen zituzten aldaxka bitartez erein eta hazten ziren.
70eko hamarkadan gure auzoko aitak, guztiak gurea ez zen herrietatik etorritakoak, Eibarko industriako beharginak ziren. Amek, Irati Elorrietaren liburuan kontatzen den lanbiderik gabeko amak bezala, lan egiten zuten nahiz eta soldata aitorturik ez izan. Tarteka inoren etxeetan garbiketak, jertseak dendetarako trikotatu, arropak eta errezelak josi, tailerren baterako piezaren batzuk egin, eta beti etxeko lan guztiak, zaintza, kontserbak, arropak josi, trikotatu, konpondu eta egokitu.
Soldatapeko behargin eta soldata gabeko etxekoandre langileen seme-alabak ikasi genuen dirua loretarako erabiltzea ez zela guretzako, oporrak edo urte-sasoi bakoitzean arropa berria estreinatzea ez ziren bezala. Dirua erabili behar zen, eta langileen seme-alabek izan genuen, ikasteko edo hobetzeko. Beti egon zen dirua ikastolako urteko hamabi kuotak ordaintzeko, ikastolako eraikin eta premia berri guztietarako aparteko kuota guztiak ordaintzeko. Baita dantza eta musika klaseetarako, ingeleseko partikularretarako, euskal udalekuetarako.
Buruan klik egitera eraman ninduen etengailua lehenago piztu zen, aurreko astean bezero batekin izandako elkarrizketan. Gure bezeroak, soldatapeko familia bakarreko ama langileak, penaz esan zidan bere irabaziarekin etxea eta seme-alaben mantenua ordaintzeko iristen zitzaiola. Ez, ostera, umeak eskolaz kanpoko jardueretara eramateko. Langilearen seme-alabek ezin dute futbola edo judoa egin, ezin dute musika, ingelesa edo zirkua ikasi.
Egun gutxira etorri zen klikari zentzua eman zion albistea: Espainiako Gobernuak 1.286 eurotara igo du lanbidearteko gutxieneko soldata. Etxea eta hilabeteko janaria ordaindu ondoren, seme-alaben eskolaz kanpoko jarduerak ordaindu ondoren, baldin eta ordainsari horrekin jarduerarik posible balitz, kalkula beza irakurleak zenbat euro geratu ahal zaizkion langileari loretarako hilabete amaieran.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta