Itsulapikoa

Nire logelako apalategi baten jarrita daukat gurasoen etxetik eraman nuen azken itsulapikoa, egunero ikusteko moduan. Buztinezkoa da eta Mafalda ospetsuaren lagun Miguelito ez horren ezagunaren irudia duena. Hautsa egiteko mugitzen dudan aldiro pentsatzen dut alferrik dagoela bertan, pisua baitu, nonbait, goraino beteta ekarri nuen eta. Edonola ere, ez zait sekula apurtzea otu, garai bateko aurrezkiak ez ezik, balio sinbolikoa ere baduelako. Zintzoa izate aldera, bada arrazoi sentimentaletatik haragoko pisuzko beste motibo bat: Miguelito pezetaz beterik dago eta beraz, aspaldi igaro zen aurrezkiak berreskuratzeko garaia.

Aurrezkia diru-sarreraren eta kontsumoaren arteko aldea da, pertsona edo erakunde batek irabazten (sartzen) duena baino gutxiago gastatzen (kontsumitzen) duenean, aurrezten duela esaten da. Antzinatik dabil gure artean kontzeptua, baina ez beti gaur egun ematen diogun adierarekin. 1462an sortu zen aurrezkirako lehen erakundea —aurrezki-kutxen arbasoak edo—, eta lehen aldiz modu instituzionalizatu batez eskaini zen aurrezkia ondasun gisa gordetzeko eta babesteko sistema bat. Gaur, urriak 31, Aurrezkiaren Mundu Eguna da, aurrezkiaren kultura sustatzeko helburuarekin ezarri zena Milanen 1924. urtean.

Informazio gehiago Aurrezkiak: nola atera etekinik handiena

Nik honetaz guztiaz fitsik ez nekien nire Miguelitoa betetzen hasi nintzenean; beharrik ere ez, egia esan. Garai hartan, niretzat aurrezkia ez zen beldur zehaztugabearen aurrean babestuko ninduen bermea, etorkizunak berez zekartzan aukerak baliatu ahal izateko fede-inbertsioa baizik. Gurasoek asteburuan ematen zidaten dirutxotik txanpon bat edo bi gordeko nuen, seguruenik begiz jota nuen zerbait erosteko asmoarekin. Edo helburu zehatzik gabe, nire diruaren zati bat gordeko nuen badaezpada, teoria ekonomikoa ezagutu beharrik ez baitago jakiteko hobe dela zeri heldu edukitzea ez edukitzea baino.

Aurrezkia ez da soilik zenbakien kalkulu hotz bat. Etorkizun-itxaropena adierazten du, gaitasunean konfiantza adierazten du. Ziurgabetasuna eta nolabaiteko ezkortasun kolektiboa nagusitu diren testuinguruan, oharkabean bada ere, gure buruari mezu positiboa helarazten diogu aurrezkiaren bidez. Gurasoen etxetik aterako diren itxaropenez aurrezten dute gazteek. Noizbait errealitate izango denaren itxaropenez aurreztu egiten du ekintzaileak. Noizbait inbertsio-plan hori gauzatu ahal izango den ikuspegiarekin aurreztu egiten du enpresak.

Nahiko zenukeena baino gutxiago aurrezten baduzu ere, irakurle, saiatzen zaren bakoitzean zure buruari esaten diozu baietz, zentzua duela erantzukizunez jokatzeak zerbait hobea gerta dakizun etorkizunean. Konfiantza proiektatzen duzu, izan ere, etorkizunean sinesten ez baduzu, zer zentzu izango luke etorkizun-inbertsio horrek?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK