• IRITZIA
  • Itzalaldiaren kalteordainak, Administrazioari?

Itzalaldiaren kalteordainak, Administrazioari?

2025eko maiatzaren 2a
elena laka

Argi barik geratu ginen eta gure mundua geratu egin zen. Itzalaldiaren tamainak izua sortu zuen lehen minututik, nahiz eta izan zen arnasa hartu eta lasaigunea topatu zuenik. Jarduera ekonomikoarentzako baina, argiindarra etetea buruhauste iturri galanta izateaz gain, indarra berreskuratu denean, sortutako kalte ekonomikoak azaleratzeko unea iritsi da. Lehenik zenbatu, etenaldiak sortutako kalteak zein indarra etenda egon den bitartean lortu gabe geratu zaizkigun irabaziak. Bigarrenik, nori zuzendu kalteordain eskaera?

 

Kontratatuta daukagun aseguruan jardueraren etenaldia estalita baldin badago, behar bada aseguruari bideratu ahal izango zaio eskaera. Ikusi beharko polizak zein estaldura daukan, edo sortutako ezbeharra ezinbesteko kasutzat hartzen den ala ez.

Espainiako Konstituzioan jasota dago Administrazio Publikoari kalteordaina eskatzeko eskubidea berak kudeatutako zerbitzuak kalte bat sortu dutenean. Erantzukizuna sortzeko eman beharreko baldintzak, hauexek:  

 
  1. Kalteordaina erreklamatzen duenak bere ondarean kalte bat sortu izana frogatu ahal izatea. Kaltea izan daiteke bai sortutako kalte bat bai lortu bariko irabazi bat.
  2. Kaltea jaso duenak ez zeukan hura jasotzeko obligaziorik, kalteak antijuridikoa izan behar du. Kalte guztiak ez dira ordaingarriak, jasotzeko obligaziorik ez zegoen kalteak bakarrik ordainduko dira.
  3. Kaltearen eta kaltea sortu duenaren artean, alegia, Administrazio publikoaren artean, egon dadila lotura bat, kaltea izan dadila Administrazioaren funtzionamendu normal edo anormal baten ondorio. Baldintza hau oinarrizkoa da: beharrezko da jarduera administratiboko kudeatzaileek kalte bat sor dezakete oker jokatu dutelako, baina baita ere izan daiteke zuzen jokatuta, kalte bat sortu dutelako.Alegia, funtzionamendu normal batek ere kaltea sortu badu, kaltea jasotzeko obligaziorik ez egonda, ordaina jasotzeko eskubidea sor daiteke.
  4. Kalteak benetakoa eta eraginkorra izan behar du, dirutan ordaintzeko modukoa.  

Behar beharrezkoa izango dira itzalaldiaren kausaren azterketa txostenak. Hortik bideratuko da Administrazioak, Red Eléctricak kasu honetan, erantzukizunik ote duen eta behar den arduraz jokatu duen, edo argindarraren etenaldia ezinbesteko kasu bat izan den, Administrazioaren jarduera eta kaltearen arteko kausa lotura apurtuko duen ezinbesteko kasuren bat. Horrela balitz, Administrazio publikoari ez luke inolako erantzukizunik sortutako kaltean. Ekidin zitekeen itzalaldia? Horixe da galdera. Ezinezko kasua gertatuko litzateke baldin eta frogatuko balitz Administrazioaren jarduerak ezin zuela inolako neurririk hartu itzalaldia ekiditeko, adibidez, klimari lotutako kausa batek sortu balu itzalaldia.

Enpresa batek Administrazioari erantzukizuna eskatzeko beharrezkoa da izandako argindarraren etenak sortutako kalte guztien txosten xehetu bat, ahal bada, peritu batek egindakoa, kausa eta kuantifikazioa ondo jasota. Administrazioak erantzuteko sei hilabeteko epea du. Epea pasata erantzunik ez balego, ohiko jarduna Administrazioan, epaitegietara jo daiteke.

Kausak argitzeko bide luzea hasten bada ere, komenigarria da kalte-ordainen txostena ahalik eta lehenen egitea, etenaldiaren eta kaltearen lotura kausala ahalik eta egokien frogatu ahal izateko balizko epaiketa bati begira.