Izan kontsekuente, 'trader'

2010ean jaio zenetik, kriptodiruak izan duen oihartzun mediatikoa handiagoa izan da eragin edo inpaktu ekonomikoa baino. Bitcoin kriptodirua,lehen moneta digitala, banku zentralik edo administratzaile bakar gabeko ordainketa-sistema bat da, aitzindaria.

Hasiera ez zen moda bat izan, eta gutxik ezagutzen zuten kripto mundua. Software librea bultzatzen zuten garatzaile boluntario talde batek sortu zuen bankuekiko dependentzia saihesteko xedearekin. 2017. urtean, ordea, izugarrizko gorakada izan zuen. 200-300 euroko balioa izatetik 14.000 euroko balioa izatera iritsi zen bitcoina. Hortik aurrera, gorakadak ez du etenik izan 2021. urteko azaro bukaera arte; moneta bakarra 60.000 euroko balioa izatera iritsi zen. Izan ere, inbertsore, enpresari ezagun, Silicon Valleyko erreferente asko… batu ziren tendentzia honetara, eta horrek paradigma aldaketa ekarri zuen: bankuekiko menpekotasuna ekiditeko erreminta bat izatetik, merkatu izatera igaro zen. Fenomeno hori dela eta, dozenaka kriptodiru enpresa sortu ziren, salerosle komunitate handiak erakarri eta merkatua esponentzialki puztu zuen. Merkatu-dimentsioaren ideia bat egiteko, 2021. urtean Espainiar estatuan bakarrik 60.000 milioi euroko salerosketa izan zen kripto erabiltzaileen artean, Espainiako Bankuaren arabera.

Transakzio bolumen handi hauen gakoa sistemaren erraztasuna da: email eta pasahitz batekin kontua sortu, 10 euro —gutxienez— kriptodiru bilakatu eta jolasean has gaitezke, 2 minuturen buruan. Erraza bezain arriskutsua. Askok sasiogibide bezala interpretatu dute merkatu berri honek eskaintzen duen abagunea. Izan ere, beste inbertsio eta finantzazio sistema askok ez bezala, ezagutza tekniko gutxi behar da kriptodiruan inbertitu eta espekulazioaren jokoan sartzeko, apustu edota loterian bezalaxe. Honek milaka trader —finantza-merkatuetan epe labur, ertain edo luzean etekinak lortzeko xedez jarduten duen inbertitzaile edo espekulatzaileak— sortu ditu bidean, epe laburreko inbertsioen harian dantzan dabiltzan orekariak.

Merkatu honen izaera aldakorrak inbertsioen arriskua areagotzen du, aldakorra dena ez baita segurua. Salerosketa operazioak oso azkarrak dira; minutu edo orduetako kontua izan daiteke. Monetaren balioa baxu dagoenean, erosi, eta denbora batean balioa igotzean, saldu. Espekulazio hutsa. Aldiz, badira epe luzera inbertitu dutenak ere. Monetaren balioak urteetan gora egin duen bitartean (2010-2021), joko erakargarria izan da hauentzat, baina orain gutxi ezusteko handi batekin topatu dira: lehen beherakada bortitza sufritu du bitcoinak, balioa erdira murriztu arte, 27.000 eurora, hain zuzen ere.

Milioika trader edo inbertsore izan dira aurrezkiak kriptoetan sartu dituztenak, baita guztia apustuan jarri duten batzuk ere. Dena ondo bidean ez dugu prebentzioa ezagutzen, eta anbizioak biziora garamatza itsu-itsuan. Alabaina, aurtengoan sufritutako erorketa batek ekarri ditu orain larrialdiak, eta instituzio eskumendunei exijentzia, alegia, kaltetuei laguntza eman eta merkatuaren erregulazioa. Inor ezin da atzean utzi; laguntza eskaini eta, ondo dioten bezala, kriptodirua erregularizatzearen aldeko naiz, baina hurrengo baterako, egiten dugun inbertsioa egiten dugula, ez dezagun operazio horren arrakastan laga aurrezki guztia. Burua erabili, eta izan kontsekuente, trader!

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK