Etorkizunaz idazten dut beti zutabe honetan: biharko teknologiez, datozen joerez, gure enpresek aurrean izango dituzten erronkez. Gaur, salbuespen bat. Gaur atzera begiratuko dut, gaurkoa hobeto ulertzeko. Zeren batzuetan, biharamuna asmatzeko, jakin behar baita nondik gatozen.
Abuztuaren 23an Anton Aranzabe zendu zen. Aitortu behar dut: nik ez nuen ezagutzen. Bere heriotzaren berri izan arte ez naiz jabetu zenbat zor diogun. Eta horrek berak asko esaten du gizonaz: bere obra ez dago plaka batean idatzita, ez du bere izena kaleetan; gure enpresa-ehunean josita dago, isilean.
Kokatu gaitezen. 80ko hamarkadaren hasiera: krisialdi gogorra, industria astuna atzeraka, itxierak eta birmoldaketak nonahi, langabezia gora eta gora. Familia askotan etxeko soldata bakarra kolokan, eta belaunaldi oso bat etorkizunari beldurrez begira. Ni umea nintzen orduan, ikastolan lehen urratsak ematen, ezer gutxi ulertzen nuen krisi hartaz. Baina bitartean, guri ezikusian, pertsona batzuk kontrako norabidean ari ziren pentsatzen: denek epe laburrera begiratzen zuten unean, haiek epe luzerako apustuak diseinatzen.
Anton Aranzabe horietako bat izan zen, eta ez edonolakoa. Berak diseinatu zuen 80ko hamarkadaren hasieran zentro teknologikoak babestu eta bideragarri egin zituen tutoretza-dekretua. Eta berak eta bere ingurukoek izan zuten asmamena —eta ausardia— ikerketaren fase bakoitza dagokion tokian kokatzeko: oinarrizko zientzia unibertsitate inguruan indartu, eta teknologia eta ikerketa aplikatua Industria Sailari lotu, sortzen den ezagutza enpresetara azkar irits zedin. Banaketa xume hori, hain agerikoa ez zena garai hartan, gure sistemaren zutabe bihurtu da. Enpresetako I+G unitateen eta gaur eguneko zentro teknologikoen bultzatzaile izan zen, eta Zamudioko Parke Teknologikoaren lehen presidentea. Ezagutu zutenek diote gizon jakintsua eta pragmatikoa zela, gizatasun handikoa. Baina Anton ez zegoen bakarrik: bere inguruan pertsona asko aritu ziren isilean oinarriak jartzen —funtzionarioak, ingeniariak, enpresariak, irakasleak—, gehienak inoiz titular batean agertu gabekoak. Haiek ere gogoan hartu nahi ditut gaur.
Zergatik da hori garrantzitsua enpresa-aldizkari batean? Bada, gaur egun Hego Euskal Herrian —EAEn zein Nafarroan— daukagun ehun teknologikoa ezinezkoa litzatekeelako apustu haiek gabe. Pentsa dezagun gure makina-erremintan, munduko onenen artean lehiatzen dena. Gure automozio-industrian, hornitzaile globala bihurtu dena. Trengintzan, aeronautikan, energian, elektronikan diharduten ehunka enpresetan. Edo belaunaldi berriagoetan: hutsetik sortutako sektore bioteknologikoan, eta gure industriari balioa eransten dion sektore digital oso batean. Guztiek dute komunean gauza bat: krisiaren erdian norbaitek teknologiaren aldeko apustua egin zuelako existitzen dira, edo eraldatu zirelako bizirik daude. Enpresa txiki eta ertain askok ordurik ilunenetan ikasi zuten ikertzen, produktu propioa garatzen, esportatzen. Ez zen kasualitatea izan: ekosistema bat eraiki zen haien inguruan, eta ekosistema hark arkitektoak izan zituen.
Eta etorkizuna? Erantzuna ez da nostalgia, jarraikortasuna baizik. Apustuak etengabe eguneratu behar dira: adimen artifiziala, teknologia kuantikoak, energia berriak, fabrikazio aurreratua, ziberjasangarritasuna... zerrenda aldatzen da, logika ez. Ikerketa aplikatua sustatzen jarraitu behar dugu, ezagutza enpresetara iristen dela ziurtatuz, orain 40 urte bezala. Formula ez da sekretua: berriztu epe laburrera, ikertu epe ertainera eta haziak erein epe luzera. Hori da bidea, orduan eta orain.
Baina bada fenomeno bat isilean gertatzen ari dena, eta aipatu gabe ezin dut amaitu. Anton Aranzaberen belaunaldiak zabaldutako bidetik, profesional asko murgildu ziren 80ko hamarkadan teknologian, berrikuntzan eta ikerketa aplikatuan. Haiek eraiki zituzten gure enpresetako lehen I+G sailak, haiek erregistratu zituzten lehen patenteak, haiek ireki zituzten lehen merkatu urrunak. Eta, garrantzitsuena beharbada: patente horiek eta ezagutza hori hemen sustraitu zituzten, hemen sortutako enpresa teknologikoetan, erabakiguneak eta jabetza intelektuala bertan mantenduz. Horregatik dira gaur gure enpresa teknologiko asko errotuak eta aldi berean globalak: sustraiak sakon, adarrak zabal. Bada, belaunaldi hori orain ari da erretiroa hartzen, masiboki. Eta lekukoa eskuz aldatzen ari da: 90eko hamarkadan lanean hasi ginenok gara orain erantzule, eta XXI. mendean hasitakoak euren sasoirik onenean daude jada. Erreleboa ez da automatikoa: energia hura mantendu egin behar da, anbizio hura transmititu, epe luzeko begirada hura zaindu, hiruhilekoen tiraniak irentsi ez dezan.
Anton Aranzabe joan da, baina bere obra hor dago, egunero, gure lantegietan, gure bulego teknikoetan, gure enpresetan sortzen den lanpostu kualifikatu bakoitzean. Berari eta bere belaunaldiko pertsona anonimo guztiei zor diegu gaur daukaguna. Guri dagokigu orain haiek bezain ausartak izatea, etorkizuneko umeek ere esan ahal izan dezaten: izan zirelako gara.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta