Izena duena da

Nekea, are loa hartzeko zailtasunak. Gorputzaldi txarraz jaiki eta egunak aurrera egin ahala, are okerrago bihurtzen da dena. Zama gainetik kendu ezinik, etxeratzean egoerak ez du hobera egiten. Ingelesez “she-flation” kontzeptuaz bataiatu dute sintoma-sorta hori, inflazioak emakumeengan duten inpaktu bereizgarria izendatzeko.

Inflazioa ekonomistek "zerga atzeragarri edo erregresiboa" deitzen duten fenomeno horietako bat da: gutxien duenari eragiten dio gehien, eta egoera hobean daudenentzat eramangarriagoa da. Ezusterik ez da horretan, beraz: emakumeak dira ekonomikoki giza-talderik prekarioena eta beraz, haien (gure) zaurgarritasuna areagotu egiten du inflazioak.

Eskari zurruneko produktuak dira gehien garestitu direnak azken bolada honetan. Elikagaiak, energiaren prezioa eta oro bat, eguneroko bizitza aurrera ateratzeko ezinbestekoak direnak. Horregatik “zurrun” izen-laguna: prezioak garestituta ere, derrigor kontsumitu behar dira. Oporretara joateri utz diezaiokegu; argindarra pizteari, ordea, ez.

Baliabide gutxien duten pertsonek errentaren zati handi bat erabiltzen dute oinarrizko premiako ondasunak eskuratu ahal izateko. Eurostatek horri buruz argitaratutako azken datuen arabera, pandemiaren aurretik errenta txikiena zuten familiek gastuaren % 13 bideratzen zuten elikagaietan, eta % 20 inguru gasean, elektrizitatean eta berokuntzan; errenta handiena zuten familiek, berriz, % 10 eta % 5 baino gutxiago bideratzen zuten, hurrenez hurren.

Genero, klasea… Zauritutako tokian piku egitera etorri da krisi orokorrago baten agerraldi bortitza den inflazioa. Krisiek areagotu egiten dute egiturazko gabezien eragina eta oraingo hau ez da salbuespena. Oinarrizko eta egiturazko desberdinasunetatik ari dira emakumeak krisi honen erauntsiari aurre egiten. Eta ahalegin hori ez zaie (ez zaigu) musutruk aterako.

Emakume landunen lan-baldintzak batez besteko biztanleriarenak baino ezegonkorragoak dira kontratu-mota, lanaldi edo ordutegi-malgutasunari dagokienez. Eustatek Emakumeen Nazioarteko Egunaren kariaz argitaratu zuen estatistika-txostenak argi eta garbi erakusten du. Hamar emakumetik ia hiru denbora partzialeko kontratuetan ari dira, gizonen kasuan hamarretik batera iristen ez den bitartean.

Lanaldia mugatzea ez da apeta kontua emakumeen kasuan, etxeko zaintzaren ardura bere gain dutelarik, ezinbestean laburtu behar dute soldatapeko lanetara eskainitako denbora, horrek dakarren guztiarekin. Emakumeek, seme-alaben zainketan, egunean 4,6 ordu ematen dituzte, eta gizonek, 3,4. Mendeko pertsonen zaintzan, aldea are handiagoa da: 2,3 ordu ematen dituzte, eta gizonek, 1,6. Etxeko lanei dagokienez, emakumeek ematen dute haietan denbora gehiago; egunean 2,2 ordu eta, gizonetan, 1,6.

Zaintzaren korapiloa askatzen ez dugun bitartean, desberdintasun ekonomikoen mataza areagotuz joango da. Krisi ekonomikoak guztioi eragiten digu, baina ez digu berdin eragiten. Kontzeptu berririk ez genuen behar lehendik ezaguna den genero-arrakalaz ohartzeko, baina gaitzerdi faktore ekonomikoen inpaktu desberdinez ohartzeko balio badu. Izena duena da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK