Bigarren Hezkuntzako irakaslea

Jabetzeak eta jabetzeak

2026ko azaroaren 5a - 05:30
Amaia Oleaga

Goizean goiz heldu zen zalantza Whatsapp taldera: “Neskak, nola esango zenukete apropiación cultural euskaraz?” Eta hor aktibatu zen garun kolektiboa. Euskarazko itzulpenik zuzenena “kultura jabetzea” izango litzatekeela bat gentozen arren, arazo bat genuen: euskaraz eta euskaratik “jabetzea” entzuten duen pertsonaren munduan, hitz horrek “apropiazio” hitzak ez dituen loturak dakartza itsatsita. 

 

Laugarren edo bosgarren batek bota zuen sententzia: “Nik kultura jabetzea irakurrita ez nuke apropiazioaz ari zarela ulertuko”.

Izan ere, “jabetzea” jabe egitea da, jakina, baina konturatzearen oihartzuna ere badakar: ohartzea, kontziente izatea, aitortza bat eskaintzea… hain zuzen ere apropiazio kulturalak esan nahi duenaren antipodetan dauden ideiak. Jabetzeak (jabe egiteak), euskaraz ardura inplizitu bat ekar dezake. Desjabetzerik gabeko jabetza bat posible denaren ideia, akaso. Apropiatzea, berriz, bestelako inolako aspektuei erreparatu gabe norberarena egitea litzateke. Are gehiago, beste ezeri erreparatu gabeko parte horretan izango luke enfasi inplizitua.

 

Hizkuntza bat ezin da bere mundutik isolatu eta hutsune aseptiko batean aztertu. Horregatik dira, hain zuzen ere, zoragarriak hizkuntzak; mundu ikuskera oso baten oinordekotza jasotzen duten artxibategi kolektiboak direlako. Ideia batzuk ezin dira beste hizkuntza batzuetan ulertu, ezpada hizkuntza hori gabe ikusezina zaigun mundu oso batera sartuta. Eta hori da, hain justuki, apropiazio kulturalaren eta apreziazio kulturalaren arteko lerro lausoa, ibilkera funanbulistaren soka bailitzan: adierazpen zehatz batek itsatsita dakarren munduarekiko begirunea, ardura, miresmena eta zaintza.

Kapitalismotik eta zuritasunetik guztia da guretzat eskuragarria. Denerako sarbidea izan dugu nahieran eta nahi beste, baita zapaldu, esplotatu, eta desagerraraztera eraman ditugun herrien ezagutzak eta adierazpen kulturalak ere. Exotiko egin, fetitxizatu edota kontsumitu egiten ditugu, gure ekintzek dituzten bestelako eraginei erreparatu gabe aseptikoki egin daitekeelakoan, hori delako munduan egoteko ezagutzen dugun modua. Eros ditzakegun zerbitzu, produktu, estilo edo joera bilakatzen ditugu, gu baikara kapitalismo kolonialaren subjektuak. 

Kapitalismora kolonizatutako herri gisa, indarrez txertatutako pertsonen eta lurraldeen elementu oro, berriz, objektu bat da: berdin baliabide naturalak zein pertsonak eta haien bizitzak, identitate kolektiboak, ezagutzak nahiz adierazpen kulturalak. Analisi sintaktikoetan bezala, subjektuak egiten du ekintza eta objektuak jaso, subjektuarengan inolako eragiteko gaitasunik gabe. Kapitalismoak eta kolonialismoak bere hizkuntza propioa hitz egiten dute: jabetzarena eta salerosketarena. Jabe denak sal dezake eta ordain dezakeenak erosi, bestelako inolako inplikaziorik eta ardurarik gabe. Horregatik behar genuen ardura eta aitortzarik gabeko jabetzearen esanahia argi bilduko zuen hitz bat. Lehen galdera bota zuenak ekarri zigun proposamena: “Kultura jabekeria?”

Sare sozialetan galdetu genion komunitateari, mundua kapitalismotik eta kolonialismotik bai, baina euskaratik bizi dugunok zein iritzi genuen biltzeko. Beste mundu batzuk geureari azaltzeko hitzak falta zaizkigulako batzuetan, eta beste mundu horiek esan nahi diguten horri entzuteko moduak, batzuetan, kolektiboki asmatu behar ditugulako. Jabetzeak eta jabetzeak daudelako, alegia.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain