Jai Alai, azpidatziak eta bikoizketa

"Esaten dute Jai Alai euskarazko hitzik erabiliena dela munduan zehar, eta hori guretzat ohore handia da: gure kirolaren bitartez, gure hizkuntza munduko txoko guztietara zabaltzeko aukera izatea". Hitzok Iñaki Osa Goikoetxea zesta-puntistarenak dira, Ilaski Serrano telebista aurkezleari esandakoak, euskal kulturaren eta oro har euskararen prestigioa handitze aldera Etb1ek 2020an sustatutako kanpaina baten harira. Urte horretan bertan, egonaldi luze baten ondoren, AEB utzi eta Euskal Herrira itzultzea erabaki zuen Goikok: “autorik modernoena eta mugikorrik modakoena eros ditzakezu han, baina hemen dugun familiarekiko eta lagunekiko elkartasunarekin ez naiz sekula topatu”. Handik urtebetera, Floridako Dania Beach frontoia —jai alai jokoa programatzen zuen azkena— itxi zuten, eta ordurarte pilota profesionalean ziharduten euskal puntistak etxera derrigor itzuli beharrean aurkitu ziren. Amets amerikarraren bukaera. Inork gutxik espero zuen orduan zestaren berpiztea gertatu ahal izatea, baina fenix hegaztia nola, errautsetatik birsortu eta aro berri bat hastear zen. Non eta Euskal Herrian, bere jaioterrian.

Nola gauzatu zen hori guztia? Labur esanda, apustu ausart bat egin zelako. Batetik, Eitbren kirol departamentuaren eta Jai Alai: azken hegaldia dokumentalaren sortzaileen arteko elkarlanak fruitua eman zuelako: Eusko Label Winter Series txapelketa, hain zuzen. Bestetik, Gernikako Jai Alai pilotalekua progresiboki ikuslez —gazte zein heldu— betetzen joan zelako astelehen joan astelehen etorri. Nola bestela, munduko zestalari onenak tartean izanda! Audientziak ere harrigarri bezain progresiboki gorantz. Beste askok bezala uste nuen erremintako modalitateek —palak, erremonteak eta zestak— handicap gaindiezina zutela telebistako emankizunetan. Pilotak hartzen duen abiadurak, pilota bera eta ondorioz jokoa ere, telebistatik jarraitzea oztopatu zezakeelako edo. Baina usteak erdi ustel. Eta horrelaxe, ildo beretik doan Women Winter Series emakumeen txapelketa jokatuko da otsailaren 27tik aitzinera.

Gogoratzen dut VHS bideo-formatuan grabatu nuen lehendabiziko pelikuletako bat David Lynchen Blue Velvet izan zela. Ez zen seguru asko nire orduko adinerako filma, baina kontua da inglesetik euskarara bikoiztuta eta gaztelerazko azpidatziekin emititu zutela. Bada, gaur egun ez dago ez bata, ez bestea. Ez azpidatzi, ez bikoizketa.

Goikok arestian aipatutako elkarrizketan esaten zuenaren alderantzizko norabidean, nik zera galdetzen dut: zergatik ez munduko txoko guztietatik gurera datozen ikus-entzunezko, fikzio zein dokumentalak euskaraz –ere— eman? Zergatik ez, adibidez, Parasite hegokorearra edo Derry Girls irlandarra euskarara bikoiztu? Zergatik ez Hondar ahoak edo Irabazi Arte bezalako telesail zoragarriak erdarazko (gaztelerazko zein frantsesezko) azpidatziekin emititu? Zergatik ez? Zer dugu, bada, galtzeko?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK