Jaiak, aberastasuna eta miopia

Iraila hastearekin uda eta udako jaiak ahazten ari gara dagoeneko, nahiz eta han-hemenka festa gotortu egingo den oraindik ere udazkenera arte. Gurean maiz, eta ezinbestean, festak eta zenbait jarduera ekonomiko lotuta daude. Hor ditugu udazkeneko eta neguko feriak, askotariko santuen egunetara bilduak zein ez: Gernikako astelehentxutxu, Santa Lutziko feria Zumarragan edo San Tomas. Ekonomiaren eta jaiaren arteko lotura monetarioa baino askoz ere sakonagoa da, ordea.

Festak eta ospakizunak jarduera ekonomiko batzuentzako sostengu garrantzitsua izateaz gain, nortasuna eraikitzeko ezinbesteko tresna ere badira. Zer, zergatik, nola edota nork ospatu? Segun eta nola erantzun nahi diogun galdera horietako bakoitzari, halako komunitatearen hazia ariko gara ereiten eta birsortzen. Festak erritu sozial bereziak dira. Askotan sozializaziorako eta gizarte aktibaziorako espazio iniziatikoak ere izaten dira eta horrexegatik daukate hainbesteko potentzial eraldatzailea.

Animaliak publikoki heriotzeraino torturatuz gozatzen duen komunitate bat sustatu liteke, ala eskaintza kultural anitza auzolanean eskaini daiteke, eraso sexistarik, arrazistarik edota LGTBIQfoborik gabeko espazio seguruetan. Herritarrak bezero huts izango diren kontsumo intentsiboko makrofestibalei alfonbra gorria jarri ahal zaie, edo bertako talde eta artisten eszena elikatuko duten espazio autogestionatuei bidea erraztu ahal zaie. Ordaindu dezaketenentzako festa egin daiteke, turistentzako edo gizonentzako soilik.

Jaiak herrikoiak direnean, eta ez despotismo festibo-ilustratua, gizarte giharra sortzeko ezinbesteko espazioak dira. Herritar aktibo eta inplikatuak sortzeaz gain, tokiko sare sozialak (benetakoak) eta ekonomikoak josten dituzte.

Kasu askotan jai herrikoietako kolektiboak aitzindariak izaten dira antolakuntza eta elkarlaguntza era berriak sortzen, erasoei erantzuteko zaintza eta protokolo feministak sortzen, elkartasun sareak sortzen, gizarte eztabaidak mahai gaineratzen edota imaginario eraldatzaileak kaleetara ekartzen. Gainera, jaietako diru-sarrerek urtean zehar haien jarduera burutu ahal izateko arnasa ematen diete mugimendu eraldatzaile askori. Nor aberasten duen jarduera ekonomiko honek, hortxe ezabaidaren epizentroa. Gu denok oso modu anitzetan, baina izen-abizendun inor ez.

Aurten Bilbon zorigaiztoko urteurrena dugu, 40 urte bete baitira 1983ko uholde handitik. Aste Nagusi bete-betea izanik, Bilboko Konpartsetako kideek zuten eskarmentu eta jarrerari esker elkartasuna aktibatu eta antolatzeko gaitasun izugarria erakutsi zuten. Hori da, hain zuzen, gizarte baten aberastasuna: behar bat denean erantzuteko gai den bihotz, beso eta garun kolektibo bat izatea. Gaitasun hori ez da ezerezetik sortzen, ordea. Erein eta zaindu egin behar da. Horrexegatik, Euskal Herrian dugun altxor horri "lehia desleial" deitzen diotenek eta txosnak irabazi asmodun enpresak bezala tratatzea eskatzen dutenek aberastasunaren eta irabaziaren kontzeptu triste xamarra dutela esango nuke. Eta miopia pixka bat ere bai, bide batez, bista haien patrikaraino baizik ez baitzaie heltzen, denon aberastasunaren kaltetan. Zeren izan gaitezen zintzoak. Ez dago txosnen erruz itxi den tabernarik galaxia osoan, baina bai jai herrikoiek ekarritako kanpo-eragin positibo horiek jaso dituzten ostalari asko.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK