Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Jantzi, erantzi

2025eko maiatzaren 20a
Eg. 2025eko maiatzaren 20a
pilar kaltzada

Zara etxeak 50 urte beti ditu aurten. Galiziako zoko-bazter baten txikizkako arropa merke antxeran ekoizten eta saltzen hasi zen negozio hura mundu mailako erraldoia bilakatu da. Zenbakiak zehatz-mehatz ematerik ez badago ere, bere balioa ia 34.000 milioi eurotan dagoela esaten da, eta mundu mailan Brand Finance ranking-etxearen arabera, 500 markarik baliotsuenen artean 116. postuan dago, urtez urte gora egiten jarraitzen duelarik. Deloitte etxeak Global Powers of Retailing ikerketa argitaratu berri du eta aurten Zararen Inditex jatorri-etxea 32. tokian kokatu du.

 

Nekez aurresan zitekeen era honetako garapenik duela mende-erdia, eta ez naiz soilik enpresaren datuez. Inditex eta gisa bereko enpresak ez dira merkatu baten handitu: merkatua sortu egin dute handitu ahal izateko, eta horrekin batera, janzteko eta kontsumitzeko ohiturak aldatu egin dituzte. Gu aldatu gaituzte.

Gogora dezagun, hasteko, fast fashion delakoa ez dela beti gurean izan. Modaren bertsio azkarra eta iragankorra zerbait berria da, eta bai, berria dela esan dezakegu eragin duen eraldaketa sozial eta kulturala ezin baita neurtu enpresen emaitzak neurtzen diren denbora-tarte berberean. Ni txikia nintzenean, arropak iraun egingo zuela uste izanda erosi egiten zen, eta horregatik, seme-alaben artean “heredatu” egiten zen, edo gorde egiten zen urtaroaren aldaketarekin. Moda-urteak lau denboraldi zituen (gurean bi, udazken eta negua ez baitziren berezkotzat jotzen), eta orain bi astetik behin bilduma berriak plazaratzen dira. Okasio handietarako jantziak genituen, gogoratzen? Bada orain, okasio guztiek jantzi desberdin bat eskatzen dute. Badaezpadakoez bete zaigu armairua: moda (ustez) merkea baita, modelo berriak noiznahi ageri dira eta ia bilatu ere egin gabe aurkitzen da. Erosketak hirian egiten zirenean, kalerik onenetan kokatzen ziren dendak, eta online salmenta nagusitu denean, garraio eta etxera eramate denbora garaiezinak eskaintzen dizkigute. Modan egotea ez da gehiago aukera bat, betebehar soziala baizik.

 

Zenbaki ikusgarri horien atzean beste batzuk ezkutatzen dira, noski: milaka tona arropa alferrik botatzen dira urtero, kutsadura masiboa eragiten du ekoizpen-prozesuak, lan-prekarioa ez aipatzearren. Merkatu globala pitzatuta dago, aspalditik, eta iraunkortasun-mehatxu handia bada ere, ez du ematen oraingoz behintzat makinaria galgatzen ari denik. Kontsumoaren gurpila ez da sekula gelditzen, Zararen eta gainerako fast fashion etxeen lorpena ez baita moda, bizimoduari eragiteko gaitasuna baizik. Behar berri etengabeak sortuz, garena egituratzeraino iritsi dira: kontsumitzen duguna gara, erosten duguna gara, janzten duguna gara. Besteek ikusten dutena izan nahi dugu. Horixe da benetako merkatua: geu gara erosle eta merkantzia. Duela 50 urte ez zen existitzen, ez Zara ezta munduan dirutzak mugitzen dituen merkatua ere. Behar bati erantzuteko sortu zen enpresa, eta beharra bera ere sortuz eta sustatuz egin da handi.

Gu garenaren parte bat diseinatu du: bizkortasunaren kultura, berritasunaren gosea eta modaren bidez onartua izateko beharra. 50 urteotan Zarak jantzi egin gaitu, baina ez bakarrik jantziak eskura jarri dizkigulako: neurria hartu digu eta neurrikoa eskaintzen digu.