Orain dela hilabete batzuk, euskal enpresen kluster batean, jasangarritasunaren sustapenaz arduratzen zen profesional bati galdetu nion ea bere kideek jasangarritasunaren inguruko sinesmenik ote zeukaten. Baietz erantzun zidan, zeharo konbentzituta. Erantzunak harritu ninduen, ez nuelako uste gure gizartean dagoen kontzientziazio soziala eta ekologiko apalak enpresen erabaki egiturak bustitzera iritsi zitekeenik. Herri honetan, gainera, ederki ezberdintzen dugu noraino iristen den konpromisoa eta noiz egiten den beharrezkoa mozkinen diskurtsoa aktibatzea (horren adibiderik aipatzea ez da beharrezkoa, ezta?). Nire erreakzioa sumatzerakoan, segituan erantsi zuen bideragarritasun ekonomikoa zela enpresen pentsamolde aldaketa behartzen ari zena: kluster horretako enpresen bezero nagusienak (kanpotar korporazio handiak, alegia) CO2 isurketen murrizketak edo GJHekiko atxikimenduak eskatzen hasten direnean, haien arduradunak korrika eta presaka hasten ziren gure lagunari deika, bezeroak ezarritako jasangarritasun baldintza berriak betetzeko aholkuaren bila. Klusterrak jasangarritasunaren inguruan eskainitako formazioetara hurbiltzen diren enpresen kudeatzaile eta zuzendarien kopurua laukoiztu egin omen da urte gutxitan.
Horrek guztiak baieztatzen al du jasangarritasuna enpresa kudeaketarako paradigma berria bihurtu dela? Nire zalantzak ditut. Baina ezin da esan itxurakeria edo greenwashing hutsa denik ere. Argi dago arautegiaren bultzadak eragina zuzena izan duela enpresen atxikimenduan: 2014an informazio ez finantzarioaren inguruko europar zuzentarauak zabaldutako bidean sakondu zuen 2022/2464 zuzentarauak, jasangarritasun txostenak derrigorrezkoak egin behar zituena enpresa handi eta ertainetan. Hala ere, zuzentarau horrek ezarritako konpromisoak asko leundu ditu aurtengo otsailean Europar Komisioak aprobatutako Omnibus Sinplifikazio Paketeak. Proposamen horrek ezabatu egiten ditu enpresa gehienen nahitaezko jasangarritasun-txostenak, enpresa handietara (1.000 langile baino gehiagoko eta urteko fakturazioak 45 milioi euro gutxienez) mugatuz. Gainera, enpresa handiek ETEei eska diezaieketena ere mugatzen du.
Bitartean, testuinguru geopolitiko desegonkor honetan, Europar Batasunak aurre egin behar die beste erraldoi ekonomikoen (Estatu Batuak eta Txina) presioari, eta bere ehun produktiboak pairatzen du haiekiko duen atzerapen teknologikoa (hori beste egun baterako kontua da)… eta natura baliabideen urritasunari. Petrolio eta gasik gabe, energia berriztagarrien garapenak garrantzi estrategikoa hartzen du, jasangarritasunarekiko apustu horrek biziraupen politiko eta ekonomikoarentzako derrigorrezko aukeran bihurtuz. Beraz, jasangarritasuna (eta horrekin lotuta dagoen baliabideen erabilpen eraginkorragoa) bihurtzen da zaurgarritasuna ekidin nahi duen estrategiaren ardatz, horrelakorik aitortzen ez den arren. Baina ingurumen, baliabide eta ekonomia-eraginkortasunek ez digute ahaztuarazi behar jasangarritasunak baduela ezinbestekoa den dimentsio sozial bat. Trantsizio ekologikoak eredu berri baterantz eraman behar baldin bagaitu, ezin du inor atzean utzi, eta are gutxiago ahulenak. Izatekotan, trantsizioa soziala ere izan beharko du.
P.S.: Lerro hauek idazten ari naizela, Iberiar Penintsula itzalaldi handia jasaten ari da. Oraindik ez da bere jatorria ezagutzen, ezta bere eraginaren hedapena ere. Edozein kasutan, gure sistema ekonomikoaren zaurgarritasuna agerian geratu da (berriro). Eta pandemiaren kasuan gertatu zen bezala, susmoa dut gertakari honetatik aterako ditugun ikasketak gutxi izango direla beste behin ere.