Euskara irakaslea

Jauzia

2025eko uztailaren 17a
Sin título

Norbaitek erabaki du Donostia gazteek bizitzeko eta bizi-proiektu bat garatzeko lekua ez izatea. Horrela adierazi zidan, gordin, lagun batek duela egun batzuk. Adierazitakoa egitate sozial bat da, besteak beste, politika publikoen edo horien gabeziaren, merkatuaren logikaren eta interes ekonomikoen ondorioa dena. Ez gara egoera honetara besterik gabe iritsi. Hainbat faktorek elkarreragin dute egoera den bezalakoa izan dadin. Eta, beraz, hainbat faktorek elkarreragin beharko lukete egoera gaur egungoaren desberdina izan dadin. Eta hori eremu guztietan gertatzen da. Gauzak ez dira besterik gabe gertatzen, ez horixe.

 

UEMAren eskariz, Siadecok landu duen proiekzio demolinguistikoaren bitartez erakutsi dute zein izango den euskararen egoera 2036an. Ondorioek ezinegona sorrarazten dute egoeraren larritasunagatik, izan ere, proiekzioa betez gero, euskaldun gehienak ingurune oso erdaldunean biziko dira eta gaur egun euskara nagusi den arnasguneak murrizteko bidean dira.

Ikerketan jaso dutenez, azken hamarkadetan euskararen ezagutza handitu da hezkuntza-ereduen bidez, batez ere Euskal Autonomia Erkidegoan, nahiz eta hazkundea moteltzen ari den. Nafarroan, aldiz, biztanleria euskaldunaren gainbehera aurreikusten da. Ipar Euskal Herria ikerketatik kanpo utzi behar izan dute, biztanleriaren zentsu bidezko datuetan ez delako hizkuntzari buruzko daturik jasotzen; hala ere, ez nuke esango baikorregia izateko zantzurik dagoenik. Biztanleria euskalduna zahartzeak eta migrazioak eragina izango dute hizkuntzaren transmisioan eta erabileran, eta etorkizunean haur eta gazteen artean ezagutza-maila apalagoa izango da. Lehen hizkuntzaren eta etxeko erabileraren proiekzioek erakusten dute euskara eta gaztelania ez diren beste hizkuntza batzuen pisua dela hazkunderik handiena izango duena. Euskara lehen hizkuntza dutenen kopurua murrizten ari da, eta euskal hiztunen artean erdal elebidunen pisua handitzen ari da. Biztanleria euskaldunaren ezaugarriak aldatzen ari dira, eta horrek euskararen bizi-indarra ahultzen du, bereziki Bizkaian eta Nafarroan. Euskararen erabilera soziala zailtzen duten faktoreak ugaritzen ari dira, eta transmisioa gero eta ahulagoa izango da. Hala ere, badaude alde positiboak: helduen ezagutza-maila handiagoa, transmisio eraginkorragoa eta zenbait eremutan euskararen bizitasunari eustea. Erronka nagusia da ahulguneei aurre egitea eta indarguneak baliatzea etorkizuneko hizkuntza-politiketan. Euskararen biziraupenerako, erabilera eta transmisioa sustatzea funtsezkoa izango da, ez baita espero izatekoa bestelako neurriak hartu ezean, epe laburrean norabide aldaketa gertatzea joera horietan.

 

Hau ezagututa, euskarak jauzia behar du, bai eta altuerako jauzilariak, eta luzerakoak, Martxelo Otamendik esan zuen bezala. Ikuspegi sistemikoa behar da, etorkizuneko erronkei erantzuteko eta proiekzio ilunari aurrea hartzeko. Euskarak ikuspegi estrategikoa duten pertsonak behar ditu, luzera begiratzen dutenak eta, oinarri sendoetan bermatuta, sektore guztietako erronken aurrean egoera eraldatzeko proposamen ausartak eta berritzaileak egiten dituztenak... Eta horiekin batera, egunerokoan lanean arituko diren eta lan isila eta etengabea egingo duten norbanako eta erakunde eragileak. Hizkuntza-politiketan jauzia behar da, lehenbailehen, bai eta arlo nagusietan ere, UEMAren ikerketan iradoki den bezala.

Ekainaren hasieran Pradales lehendakariak “Jauzia Gara” lelopean antolatutako ekitaldian, Eusko Jaurlaritzak, bi urteko epean, “Euskararen Erabilera Biziberritzeko Biltzarra” antolatuko duela iragarri zuen, euskararen biziberritze prozesuak jauzi kualitatibo zein kuantitatiboa behar dituelakoan. Bide berri bat zabaldu nahi dute, datozen hamarkadetan euskararen oinarrizko printzipio eta ardatzei buruzko adostasun zabala lortzeko. Hainbat dinamika, ekimen, prozesu eta eztabaiden bitartez, euskararen geroa irudikatu nahi dute. Lehendakariak jardunaldian parte hartu zuten askotariko eragileei arduraz jokatzeko dei egin zien eta euskara eztabaida politiko instrumentaletarako erabil ez dezaten eskatu zien. Biltzar horrek ekarriko al du joera-aldaketarako ekimen sendorik? Biltzar hori beharrezkoa al da halako neurriak hartu ahal izateko? Aurretik ezin ote dugu orain baino ausartago jokatu gai honetan?

UEMAren ikerketaren aurkezpen biharamunean, Elixabete Etxanobek, Bizkaiko Ahaldun Nagusiak esan zuen gakoa ez dela funtzio publikora sartzeko derrigor euskaraz jakin behar izatea, baizik eta euskarazko arreta bermatzea. Alegia, zuzeneko arretan ari diren langileek euskaraz jakin dezaten eskatzea zilegi da, baina gainerako langileek gaztelaniaz derrigor jakin beharko dute, euskaraz ez. Nola bermatuko da euskara zerbitzu eta lan hizkuntza izatea, langileek euskaraz ez badakite eta haien lanpostua euskaraz garatzeko gaitasunik ez badute? Hau administrazioan gertatzen ari da, aldekoena izan beharko lukeen eremuan... Pentsa zein den egoera alor sozioekonomikoaren gainerako esparruetan...

Egunotan ere jakin dugu Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak kezkaz jaso dituztela Eusko Jaurlaritzak bideratutako Osasun Itunaren inguruko azken berriak, itunak ez baitu osasungintza euskalduntzeko urratsik egingo ezta herritarren hizkuntza eskubideen urraketak konponduko ere. Urtebete eman dute lan horretan, emaitzarik gabe. Agian lehendakariak 2027rako iragarri duen biltzarraren zain egon beharko dugu.

Azken adibide bat jartzearren, 2024ko urtarrilean “Languages Lanean. Hizkuntza kudeaketaren erronkak jarduera ekonomikoan” kongresua antolatu zen, lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia azpimarratzeko eta eremu sozioekonomikoan hizkuntza-kudeaketa aurreratua duten erakundeen praktika onak zabaltzeko. Bertatik, aurrera begirako hainbat lan ildo eta proposamen zehaztu ziren... Ez dakit bertan parte hartu zuten Euskal Herri osoko administrazioak kongresuan proposatutakoen ildotik lanean ari diren eta egindako lan horrek aldaketa nabarmenik ekarri duen, jauzirik ez baitut nabaritu azken urte eta erdian.

Erronkari berandu baino lehen aurre egin behar diogu. Ezin dugu atzeratu. Zeren zain gaude? Ekimen soziopolitikoa behar dugu, ausardiaz eta anbizioz arituko dena. Ekin diezaiegun jauzia bermatuko duten aldagaiak eta jauzilariak identifikatzeari, erronkak adosteari eta aplikatzeari. Ez dugu zain egon behar. Ez da beharrezkoa mundu mailako biltzar baten zain egotea. Erronkari heldu behar diogu, behingoz, ausardiaz eta konbikzioz, etorkizuneko belaunaldiek euskaraz eroso bizitzeko aukera erreala izango badute.