Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Joan-etorriko balioa

2025eko azaroaren 4a
Pilar Kaltzada Gonzalez

Lagun zahar batek dio oinekin pentsatzen duela, kontzentrazioa eskatzen dion zerbait sortzen denean, zapatilak jantzi eta bideetan galtzen delako. Ez da nire kasua, zoritxarrez. Nire metodologia definitu beharko banu, belarriekin pentsatzen dudala esango nuke: elkarrizketek elikatzen naute nire lagunari kilometroetako bakardadeak bezainbeste.

 

Elkarrizketa zoragarri horietako bat suertatu zen duela egun batzuk, esateko zehatzik gabe ez duten pertsonen arteko solasaldi horietako bat. Honetaz eta hartaz jardun genuen eta ez dakit oso ondo nola, enpresa txikientzat eta proiektu ekintzaileak abian jartzen dituztenentzat gauzak zein makur jarri diren aipatu zuen urliak. Lehiatzea benetan zaila dela eta, baldintza basatietan bizi direla gaineratu zuen. Buruarekin bai eta bai ari ginela, baina, norbaitek ondoko esaldi biribila bota zuen, eta hantxe geratu zen, oihartzuna eginez: "Zaila? Bai, noski, irabazi edo aurrera egin nahi duzun, horren arabera".

Jakingo zenuke zuk zer nahi duzun, irabazi edo aurrera egin?

 

Gizakiak ez du arnasa hartzen oxigenoa metatzeko, bizirik eusteko baizik. Era berean, enpresek baliabideak behar dituzte, baina baliabideak irabaztea ezin da haien helburu bakarra izan. Lehiakortasuna ez da baliabideen metaketa soila, munduan aztarna uztea baizik: denboran baliagarria eta garrantzitsua izaten jarraitzeko gaitasuna izatea. Arnasa hartzea, aurrera egitea, eustea... bizitzarekin lotzen ditugun aditzak dira, eta badira, halaber, sendo iraun nahi duen enpresarenak ere.

Urteetan zehar, enpresa-kudeaketan gizartearekiko konpromisoa, kasurik onenean, azken urratsa izan da: gauzak ondo joanez gero egiten zen ekarpen gisa ulertu genuen, hau da, dohaintza bat, ekintza puntual bat, babes-ekitaldi bat, eta kitto. Horren ondoren, erantzukizun sozial korporatiboa iritsi zen, bere memoria, adierazle eta sailekin. Hori ere gainditu dugu eta gaur egun, zerbait sakonagorantz jarraitu dugu, konpromiso hori estrategian bertan txertatuta. Kontua ez da bakarrik zer saltzen dugun, baizik eta zertarako existitzen garen.

Peter Druckerrek definizio argia eman zuen: "Kudeaketa gauzak ondo egitean datza; lidergoa, berriz, zuzen jokatzen asmatzean". Gero eta gehiago dira zuzen jokatzen duten enpresak, kontrakoa baieztatzen duten adibideak oso ugariak izanik ere. Batak ez du bestea kentzen, eta nik inspiratzen gaituzten adibideei gehiago erreparatu beharko geniekeela uste dut, erabat gaitzesgarriak zaizkigun praktika horiek, mundua gupidarik gabe zukutzen ari direnak, batere ahaleginik egin gabe iristen zaizkigu eta. Bai, jende asko dago egin behar dena egiten.

Michael Porterrek eta Mark Kramerrek aspaldi teorizatu zuten balio partekatuaren inguruan eta demostratu zuten enpresa-lehiakortasuna eta gizarte-aurrerapena ez direla elkarren aurka diharduten indarrak, elkarren mendekoak baizik. Bere ingurua (zentzurik zabalenean) ezagutzen ez duen enpresa bat hazi daiteke, eta mozkinak izan ditzake, noski, bai, baina eusten dion lurzorua higatuz egingo du, gaur-biharkoa lotuta, eta etzikoa suntsituta. Beste aldean daude ongizate komunean inbertitzen dutenak, etorkizun-aukerak sortuz aurrera egiten duten bitartean.

Duela egun batzuk, Erresuma Batuko Save the Children erakundeak txosten bat argitaratu zuen enpresekin eratu dituzten aliantzak aztertuz eta urteetan zehar jaso dituzten ikaspenak partekatuz. Enpresa eta gizarte-erakundeen arteko lotura hori ez da beti erraz ikusten, eta oso baliagarria gertatu zait horretan eskarmentu handia dutenen ikuspegia. Gobernuz kanpoko erakunde eta enpresa baten arteko harreman iraunkorrak ehuntzeko orduan aintzat hartu beharrekoak zerrendatu dituzte, eta joera nagusiak argitara ekarri. Besteak beste diote finantzazio-eredu malguagoetara eta aliantzaren helburuak berak gidatutakoetara zuzendu behar direla esfortzuak, berrikuntza sustatu eta erantzuteko arintasuna bermatu ahal izateko. Esperientzia partekatuen fasea gainditu eta ko-sorkuntza estrategia ere nabarmendu dute, GKEen ezagutza teknikoa eta tokiko jarduera pribatuaren gaitasun eraldatzaileak konbinatuz. Eta azkenik, inpaktua finantzatzeko modu berriak bultzatzea azpimarratu dute joera nagusi gisa, dohaintza klasikoa gainditu, eta iraunkortasuna eta ekitatea negozio-ereduan bertan integratzeko.

Aro aldaketa bat markatzen duten hiru joera: filantropiatik asmo partekatura, keinu puntualetik egiturazko konpromisora.

Bide beretik doa azken Corporate – Non-ProfitPartnerships Barometer izeneko ikerketa. Enpresen %84k uste dute aliantza mota horiek garrantzitsuagoak izango direla etorkizunean eta %73k horietan egiten duten inbertsioa handitzeko asmoa dute. Datu horiek ikusita, saiatu naiz Europako produkzio-sarearen %99 osatzen duten enpresa txiki eta ertainetan gauzak nola dauden ikusten, gizarte-erakundeekin benetan kolaboratzen duten ikertzeko, baina ez dut apenas erreferentziarik aurkitu. Ez dut esan nahi ez dagoenik, baina, eta uste dut hutsune hori gonbidapen gisa ere har dezakegula: oraindik existitzen ez dena eraikitzeko gonbita.

Izan ere, abangoardian dauden enpresa handiek ulertu badute irabazia ezin dela alde bakarrekoa izan, hurbiltasuna, malgutasuna eta sustraitzea identitate-zeinu nagusi dituzten enpresa txiki eta ertainak izan daitezke helburudun ekonomia berri horren benetako protagonistak. Henry Mintzbergek bere ohiko argitasunarekin adierazi zuen: "Estrategia ez da kontrol-dorretik diseinatzen, jendearekin solasean baizik".

Etorkizunean lehiakortasuna ez da azkarrago korrika egitea izango, zentzuz aurrera egitea baizik. Funtsean, aldaketa oso sinplea da: enpresa komunitatean dagoela ulertzetik, komunitatea dela onartzera. Izan ere, ematen duguna —denbora, ezagutza, konpromisoa— beti biderkatuta itzultzen dela gogoratzea besterik ez dago. Lehiatzen baino gehiago entzuten ikasten badugu, baliteke ulertzea benetako balioa beti bueltatzen dela, partekatzen denean bakarrik irabazten baita.