EHUko irakaslea, Politika Publikoak eta Historia Ekonomikoa Saileko eta Hegoa instituko kidea

Jolastu nahi

2025eko urriaren 1a
eduardo malagon

Hamaika urterekin ekintzaile bihurtu nintzen. Futbola izan zen errudun. Garai postmoderno hauetan ez bezala, eskola kirolak ez zuen bere besoetan inklusioaren ikurrina altxatzen. Beraz, ikastolako taldean ez zegoen guztientzako lekurik, eta gure belaunaldiko hainbat mutil (inork ez zuen nesken kirola sustatzeko beharrik ikusten) Kontxako hondartzako txapelketan jolasteko aukerarik gabe geratu ginen. Baina guk futbolean jolastu nahi genuen. Eta ez ginen gelditu besoak gurutzatuta, ez.

 

Lehen pausua ekipazio bat eskuratzea izan zen. Horretarako, gurasoei dirua eskatu behar, noski (badakizue, edozein enpresa jaioberriak bere lehen urratsak finantzatzeko hiru F-engana jotzen du: family, fools and friends). Artzain Onaren arkupetan aspaldian itxi zuen Alzugaray kirol dendan zeuden kirol kamiseta merkeenak erosi genituen (hazkura izugarria ematen zuten ehun akriliko berdeko batzuk, ezin ahaztu), gure amek zenbakiak bizkarretan josi zituztela. Baina inskripzioa egiteko azken oztopo bat gainditu behar genuen: atzetik klub edo ikastetxerik ez izanda, babesle bat beharrezkoa zen, hala eskatzen baitzuen federazioak. Garai haietan, nahiko ohikoa zen tokiko enpresa edo dendek hondartzan jolasten zuten futbol taldeak zuzenean babestea, izenaren truke hauen gastu apalak finantzatuz. Beraz, fitxak ordaintzeko eta izena jartzeko prest egon zitekeen norbait behar genuen, besterik ez. Eta inoren laguntzarik gabe horren bila hasi ginen, ate guztiak joka, Donostiako kaleetan zehar. Eskutan Domundeko eltzetxoa eraman izan bagenu bezala, gure ametsa betetzeko prest egon zitekeen norbaiten bila ateratzen ginen. Eta larunbat goiz batean, itxaropen guztia galduta genuenean, Amara Berri auzoko bulego batean topatu genuen gure mirarizko finantzatzailea (bigarren Fa hemen: fools): Deia egunkariko donostiar delegazioa. Bertan zeuden langileei grazia (edo errukia, nork daki) piztu genien, eta baiezkoa eman ziguten. Une horretan Uhinak-Deia taldea sortu zen.

Nahiz eta hasiera baten egitura "kooperatibista" izan, The Lord of the Flies irakurri duen edonork jakin beharko luke horrek ezin zuela ondo bukatu: segituan, txapelketak eskatutako lehiakortasunak (partiduak irabazi nahi genituen, noski) denok jolastu behar izatea baztertu zuen irizpide bezala, lehenengo hika-mikak sortuz. Gatazkak taldean eztanda egin baino lehen, lortu genuen pertsona heldu batek entrenatzaile gisa jardutea (norbaiten aita, memoriak huts egiten ez badit) eta, aldi berean, ordena pixka bat ezartzea. Lehen urteko kirol emaitza kaskarrak izan arren, taldeak hainbat urte biziraun zuen, altzari denda baten babesarekin. Nik taldea lehen urte horretan utzi nuen.

 

Denborak ematen duen perspektibarekin, badirudi haurtzaroan izandako lehen abentura hark nire ekintzailetzarako gogoa agortu zuela. Nerabe lasai eta ikasia izan nintzen, eta lan munduan, unibertsitatea izan da nire ibilbide profesionalaren lekuko bakarra. Norberaren kuriositatea eta ikasteko grina ase dezakeen eremu bat, zure lana zentzuz (bai, unibertsitatean zentzu bat bilatzea ez da konplikatua, muturreko exijentzia ez duzun heinean) garatzen duzun bitartean. Hala ere, erretiroaren garaia hurbiltzerakoan, indarrak eta gogoak leuntzen aritu beharko luketenean, ahots isil baten zurrumurrua entzuten hasten zara. Urtetan buruan metatzen joan diren ideiak forma hartzen hasten dira, eta zure buruari esaten diozu: zergatik ez? Adinak eman dizu gaztaroan ez zenuen konfiantza, ezagutza eta (garrantzitsuena) helburua. Purpose. Ez da dirua, ospea, fama, posizioa. Gutxirako balio dute horiek. Adinak argi eta garbi uzten dizu zein den zure helburua. Egin behar duzuna zergatik eta zertarako egingo duzu. Eta hori dakizunean, jada martxan zaude.

Guk futbolean jolastu nahi genuen. Jolas dezagun orain ere.