2006an egindako elkarrizketa batean, orduan oraindik Illinoiseko senataria zen Barack Obamari osasun sistema pribatua mantentzearen aldeko arrazoien inguruan galdetu zioten. Kazetariak adierazi zion bere hautesleen lehentasunak sistema publiko baten aldekoak zirela. Hala ere, Obama tematu zen sektore pribatuaren defentsan. Baina bere arrazoiak ez ziren ideologikoak (sic), sozialak baizik. Argi zegoen sare pribatuaren kostua puztuta zegoela, aseguru enpresetan lan administratiboetan jarduten zuten 3 milioi langileengatik (eta bere enplegatzaileen marjinengatik, noski). Beraz, sistema esku bakarretan (publikoetan) uzteak kudeaketa kostu horiek erabat murriztu zitzakeen eta, aldi berean, bere eraginkortasuna handitu. Baina (eta hemen dator Obamaren posizioaren gakoa), lanpostu horiek desagertuko balira, “zer egingo dugu pertsona horiekin guztiekin?”
David Graeber antropologoak elkarrizketa hori jaso zuen bere Bullshit Jobs (bai, izenburu hori du: Kaka Lanpostuak) liburuan. Bere idatzietan, Graeberrek sostengatzen du gaur egungo ekonomian existitzen diren lanpostuen erdiak ez duela ezertarako balio. Ez diotela inongo ekarpenik egiten ez gizarteari ez eta ekonomia ere. Eta okerrena dena: lanpostu horiek betetzen dituzten pertsonak jadanik jabetu dira zentzugabetasun horretaz, eta bere osasun mentala hondatzen duen itxurakeria egin behar dute egunero, erabat zorigaiztokoak sentituz. Kaka lan horien adibide ugari deskribatzen ditu, horietako asko egitura administratiboetan (publiko zein pribatuan) eta finantza sektorean. Graeberrentzat, Obamaren aipu hori hilketa baten ondoren kea zerion pistola baten parekoa zen: ebidentzian uzten zuen aseguru enpresa horietan egiten ziren lanek ez zutela inongo baliorik, eta, beraz, ez ziren beharrezkoak. Are gehiago, bere hitzetatik deduzitu genezake osasun sistema publiko bat askoz ere eraginkorragoa izango litzatekeela; izan ere, beharrezkoak ez diren izapideak egitea eta dozenaka enpresa pribatu lehiakideren ahaleginen bikoizketa esponentzialki murriztuko lituzke. Baina orduko AEBetako presidenteari desiragarria iruditzen zitzaion alferrikako bulego-lanpostuei eustea.
Nahiz eta gure inguruan enplegu mota horiek ugaltzen ari diren susmoa izan, kapitalismoaren eta eraginkortasunaren paradigmaren barnean hezi garenontzat, ez da erraza identifikatzea enpresa pribatuetan (eta ezta ere administrazio publikoan, ze arraio) horrelako praktiken hedapenaren zergatia. Graeberrek fenomeno horri ematen dion azalpena feudalismoaren bertsio gaurkotu batean oinarritzen da: korporazio modernoek jada ez dute merkatu librearen printzipioen arabera funtzionatzen, botere-egituren, kontrol burokratikoaren eta Erdi Aroko feudalismoaren antzeko errenten erauzketaren bidez baizik. Horretarako, Erdi Aroko nobleziarena bezala, erakundetarako zuzendarien boterea neurtzen da bere azpitik dauden erdi-mailako karguen eta egituren dimentsioaren arabera. Egitura horiek guztiak bata bestearen gainean ezartzen dira, fikziozko kontrol eta gainbegiraketa jarduerak burutuz. Bere lanorduak fideltasun txartelen eskaeratan zeuden akatsak zuzentzen pasatzen zituen langile hura glebaren morroiaren XXI. mendeko bertsioa bihurtu da.
Zentzurik gabeko lan horien desagerpena defendatzen zuen bitartean, oinarrizko errenta unibertsal baten beharra aldarrikatzen zuen Graeberrek ere, pertsonak benetan askeagoak egingo zituelakoan, bizitzeko enplegu antzu baten menpean egongo ez zirelarik. Tamalez, Graeber garaiz baino lehen hil zen 2020an. Adimen artifizialaren olatu erraldoiaren arrastorik ez zen oraindik sumatzen. Beste jauntxo eta beste feudal aro baten kiratsa sumatzen da nonbait.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta