Kaleratzeak banatu dituen aplikazioa

Getir banaketa-aplikazio “ultraazkar” bezala aurkeztu zen 2015. urtean, baina orain gutxi berretsi duenez, 1.560 kaleratze besterik ez du banatu estatu mailan; izan ere, banaketa ultralasterren konpainiak enplegua erregulatzeko espedientearen —ERE delakoa— berri eman du Espainian 1.500 langile baino gehiago kaleratzeko.

Glovoren aurkari zuzena den enpresak azaldu duenez, beste konpainia batzuek bezala, "bere hazkunde-planak, estrategiak eta eredu operatiboa berriro ebaluatu behar izan ditu, egoera ekonomiko zailari erantzuteko, ziurgabetasunak, inflazioak eta interes-tasen igoerak markatua". Baina hori atzeragotik datorren zerbait da. Sektore honetan lanean dabiltzan enpresa nagusi guztiek azkeneko hilabeteetan erabileran erorketa nabarmena izan dute eta salmenten beherakadarekin batera, kaleratzeak etorri dira.

Oraingoa ez da lehen kaleratze-uholdea izan. Getirrek mundu mailan 4.500 langile kaleratu zituen 2022an. Langileei bidalitako barne-mezu batean, konpainiak “inflazioa handitzea eta mundu osoko ikuspegi makroekonomikoak hondatzea” izan ziren negozioaren hazkundea eta hedapena geldiarazteko arrazoiak. Baina nik, nire zutabe apal honetatik, ezetz esango dut. Ezetz esango dut, inflazioa eta “ikuspegi makroekonomikoak” beti izan baitira munduan. Ezetz esango dut, negozio-eredu hori ez baita batere jasangarria. Ezetz esango dut, hazkunde oldarkorra izan eta merkatuko lehenak izatera iristeko izugarrizko inbertsioak egin dituztelako negozioaren ekonomia-unitateen jarraipenik egin gabe. Denak ez du balio.

Denak ez du balio. Batzuek sektore honetan enpresa aitzindaria izan zela esango dute banaketa-zerbitzua minututara jaisten lehena izan baitzen. Gainera, urte honen hasieran, Europako lehen enpresa “dekakornioa” ere bilakatu zen (10.000 milioi dolar baino gehiago baloratutako enpresa), baina zein preziotan? Azkar hazi, merkatuko lehena izan, handiena izatera iritsi… orain korapilo gabeko puxika bezala hustutzen hasteko.

Oro har, enpresa teknologikoen merkatua -—Getir teknologikotzat jotzen da, nahiz eta logistika besterik ez den—  ez dago txantxetarako. Teknologikotzat mozorratu diren enpresa askok izugarrizko inbertsioak jaso dituzte inoiz izan diren hazkundeak promestuz, eta hala egin dute azken hilabeteotan: dirua erre. Asko hazi dira, baina inflazioa eta krisia dela eta inbertsioak eten egin direnean, ez dute negozio-eredu errentagarririk topatu, eta milaka kaleratze eman dira azken hiruhilekoetan.

Inbertsio edo finantzaketa handia pilatzeko gai diren ekintzaileen artean ere oso modan jarri da enpresak erostearena. Bi urte negozio bat hasi eta hazteko esfortzua hartu beharrean, zergatik ez martxan dagoen bat erosi? Getirrek joan den abenduan Gorillas alemaniarraren erosketa iragarri zuen. Gorillas sektoreko aurkarietako bat zen, finantza-arazoak zituen, baina aurrera, 1.200 milioi inguruko balorazioarekin erosi zuten aurkaria gainetik kendu eta merkatu-kuota erosteko. Eta hori gutxi ez balitz, Weezy erosi zuen Erresuma Batuan, Frichti Frantzian eta Block Katalunian; azken honekin lehorreratu zen Espainiar estatuan.

Negozio-eredu jasangarriak diseinatu behar ditugu, hazkunde inorganikoak justu eta negozio-eredua ondo landuz, kontrolatuz eta mimatuz. Jasangarritasuna ez da baita ekonomikoki edo ingurumenarekiko indizeetan bakarrik neurtzen; jasangarritasun soziala, eta, orain inoiz baino gehiago, legala ere kontuan hartu beharrekoak dira.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK