Azken hilabeteotan, AEBko politikek hankaz gora jarri dituzte bai teoria ekonomiko neoklasikoaren oinarriak, bai klima-aldaketa bezalako arazo larrien aurrean merkatuek eman dezaketen laguntzaren narratiba. Zorionez, Europar Batasunak diskurtso koherentea mantentzen du oraindik, eta karbono gutxiko ekonomiara igarotzea errazteko tresna erabilgarri eta sendoak garatzen zein indartzen jarraitzen du.
Horrela, erregai fosilen aldeko lobbyek eta krisi klimatikoa ukatzen duten talde ultraeskuindarrek bultzatutako iskanbilen gainetik, Europako politika klimatikoa fase berri batean sartu da bi tresna nagusiren bidez: Karbonoaren Muga Doikuntzarako Mekanismoa (CBAM, ingelesezko siglen arabera) —2026ko urtarrilaren 1etik aurrera behin betiko erregimenean sartu dena— eta eraikinen zein errepideko garraioaren isurpenen merkataritza-sistema berria (ETS2), aurreikuspenen arabera, 2027ko urtarrilerako indarrean egongo litzatekeena.
CBAMek analisi ekonomikoak identifikatutako efizientzia-arazo bati erantzuten dio: Europar Batasunak bere industrian karbonoaren kostua barneratzen badu eta Europaz kanpo kostu hori ez bada kontuan hartzen, karbono-isurpen handiko inportazioek abantaila lehiakorra izango dute, ingurumen-kaltea ordaintzen ez dutelako. Beraz, CBAMa joko-zelaia berdintzeko balioko duen muga-zerga bat da. Bere logika ez da protekzionismo tradizionala, baizik eta pizgarriak zuzentzea karbono-ihesa eta araudiaren araberako arbitrajea murrizteko.
ETS2 sistema ere efizientzia bermatzeko tresna da, eta isurpenen prezio-seinalea zuzentzea du helburu. Zentzu horretan, garrantzitsua da bereiztea Europar Batasuneko Isurpenen Merkataritza Sistema (EU ETS) jatorriz isurpen industrial handiei eta elektrizitate zein bero-sorkuntzari aplikatutako mekanismoa dela. 2005ean martxan jarri zenetik, instalazio handiek isuri bakoitzeko baimenak eskuratu behar dituzte merkatuan, isurpenak murrizteko ahaleginean kostu-eraginkortasuna bultzatuz.
ETS2k logika hori hedatu egiten du orain arte isurpenen merkatutik kanpo geratu diren sektoreetara: eraikinetako eta errepideko garraioko erregaietara. Baina badu berezitasun bat: arauketa “iturburuan” (upstream) egiten da. Hau da, ez zaie azken kontsumitzaileei zuzenean ezartzen, baizik eta erregai-hornitzaileei; haiek dira isurpenak neurtzeko, jakinarazteko eta baimenak entregatzeko arduradunak. Horrela, prezio-seinalea balio-katean zehar transmititzen da, trantsiziorako portaera-erabakiak eta erabaki teknologikoak bideratuz.
Efizientzia, ordea, ez da nahikoa politika klimatikoaren tresna berri horien arrakasta bermatzeko: justizia eta legitimitatea ere ezinbesteko baldintzak dira. Izan ere, karbonoaren prezioa zuzentzeko tresnek emaitza onak ematen dituzte soilik gizarteak “joko-arauak” zilegitzat jotzen dituenean, eta kostuak zein onurak modu ulergarri eta bidezkoan banatzen direnean. Hortik dator CBAMen eta ETS2ren erronka politiko-ekonomikoa: biak dira analisi ekonomikoaren ikuspegitik koherenteak, baina biek behar dituzte diseinu instituzional eta komunikazio-estrategia sendoak 'zigor' gisa hauteman ez daitezen.
CBAMen kasuan, legitimitatearen giltza nazioartean dago. Mekanismoa muga-zerga protekzionista gisa interpreta daiteke, merkataritza-tentsioak areagotu diren testuinguru honetan. Horregatik, funtsezkoa da azpimarratzea helburua ez dela kanpoko ekoizleak zigortzea, baizik eta karbono-kostuen barnerapena unibertsalizatzeko bide bat irekitzea. CBAMek konbergentzia klimatikoa eragiteko palanka izan behar du: gardentasun-estandarrak hedatuz, isurpenen kontabilitatea hobetuz eta bazkide komertzialekin akordioak erraztuz.
ETS2ren erronka, berriz, ekitateari lotuta dago. Prezio-seinalea hornitzaileei ezartzen bazaie ere, azken efektua etxeetara eta mugikortasunera iristen da. Horrek arrisku bat dakar: karbono-kostua proportzionalki handiagoa izan daiteke diru-sarrera txikiagoak dituztenentzat. Horregatik, ETS2k arrakasta izango badu, ezinbestekoa da prezioa trantsiziorako palanka gisa ulertzea eta alternatiba errealekin batera etortzea (birgaitze energetikoa, mugikortasun irisgarria, etab.). Aldi berean, kalteberatasun egoeran dauden familiak babesteko mekanismo esplizituak behar dira. Bestela, efizientzia-argudioak ez dira nahikoak izango legitimitate politikoa eraikitzeko.