Ez naiz fededuna eta beraz, arrotza egiten zait mamia, baina ikuskizuna… a ze ikuskizun!
Aita Santuaren heriotza eta horri erantzunez martxan jartzen diren errituak eta protokoloak zeharo liluragarriak zaizkit. Ez dakit nola azaldu, baina harrapatu egiten naute. Hasi besterik ez da egin, gainera, hileta eta ondorengo elizkizunak igaro eta gero, egiaren unea berehala iritsiko baita, datozen egunotan Eliza Katolikoaren buru berria hautatzeko prozesuarekin. Konklabea. Duela 12 urte, Bergoglio Frantzisko bihurtu zen unean telebistan nintzen. Zuzeneko seinalea jasotzen ari ginen, berria noiz iritsiko zain. Halako baten, korrika sartu zen makilaje-gelara errealizazio-lankidea, "kea, kea!" garrasii eginez.
Denboraren jarioa gelditu egiten dute erritualek eta, horregatik, lilura berezia dute: ordena solemnea da, gauzek jarraitu egingo dutela segurtatzen duen promesa iradokitzen du, misterio ukigabeaz. Erakarri egiten zaigu errituak ohartarazten digulako gure modernitatea, funtsean, horretaz guztiaz eransteko, soiltzeko, operazio bat izan zela. Erritu zaharrak alde batera utz ditugu, kortseetatik askatu egin gara eta ziurgabetasunean murgildu gara, buru-belarri. Malgutasuna, sormena eta abiadura irabazi ditugu, baina gure bihotz modernoaren zokoren batean edo nostalgia isil bat ezkutatu zen.
Dimentsioa gorabehera, trantsizio-aldiak erakunde guztietan tentsiorik handiena eragiten duten uneak izaten dira. Boterea eskuz aldatzen da eta ia kasu guztietan, iritsi berriak bere nortasuna islatu egingo duela segurutzat ematen dugu, edo horretan saiatu egingo dela uste dugu behintzat. Une horiek kudeatzea ez da erraza, noski.
Bistakoa denez, ez da gauza bera Aita Santua eta Zuzendari Nagusia aldatzea, ezin dira bere horretan alderatu trantsizioetarako ezarrita dauden prozedurak, baina funtsean, ez al dira gauza bera?
2025 urte eta gero, Eliza Katolikoak ongi baino hobeto ulertu du zer paper jokatzen duen errituak. Konklabearen indar sinbolikoa ez da ausazkoa: komunitate-zentzua elikatzen du, lotura emozionala sendotu egiten du elkarren antzik ere ez duten milioika pertsonen artean. Ziurgabetasuna nagusi denean, ziurtzat eman daitekeenak aparteko balioa hartzen du, dakigunera ainguratzen gaituen sentsazioarengatik besterik ez bada ere. Lidergoan aldaketa egitea egokitzen denean, enpresan ere fakzio eta taldeen arteko barne-borrokak nonahi ageri dira eta badakigu ekidinezina dela, aldaketaren beraren ezaugarria baita. Horregatik behar dira errituak, kohesioari laguntzeko. Zuzendari nagusia hautatzeko Kapera Sixtino bat eraiki beharrik ez badago ere, zaindu komunikazioa, zaindu gauzak egiteko modua, emaitza gustukoa izan ala ez, prozesuaren ziurtasunak balio terapeutikoa du eta.
Hortik aurrera, Konklabeak lidergo-trantsizioan saihestu beharreko praktiken katalogo argia ematen digu (Baltasar Gracian idazleak Orakulua lanean esan zuen bezala, besteen hutsetatik ikastea trebetasun handia da). Hasteko, ateak itxita —zigilatuta— egiten da bilera, bizkar emanda erakundeko bestelako interes-taldeei. Boterearen jagole direnek baino ez dute parte hartzen: adineko gizon gutxi batzuk. Ez da aldez aurretik egindako hausnarketaren emaitza eztabaidatzen, ez da estrategia bat hautatzen, ez da programarik aurkezten ezta partekatzen ere: botere-hautaketa da, ad nomine: pertsona bat hautatzen da eta behin erabakia hartuta, botere, gaitasun eta ahal guztien jabe gisa aurkezten zaio munduari. Vatikanoari horrelakoek mesede edo kalte egiten dioten esateko gauza ez naiz ni, baina XXI. mendeko erakunde bizien ikuspuntutik erabat saihesteko modukoa da hori guztia.
Fededunek arnasa eutsiz zelatatuko dute San Pietroko tximinia datozen asteotan, ke zuria ikusteko irrikaz. Ez dakigu zer gertatuko den, baina badakigu nola gertatuko den. Ez da fededun izan behar momentuko estetika eta sinbolismoa oso indartsuak direla ikusteko, baina hori ez da nahikoa. Kea, izan ere, berehala desagertzen da, eta une txinpartatsuen oroitzapenez ezin da bizi.
Etengabe eta bizkor eraldatzen ari den testuinguru baten, lidergo-trantsizioek aukera ematen dute proposamen berriak egiteko, inertziak hausteko eta norabide berriak esploratzen hasteko. Aginte-posiziora iritsi berri denak badaki aukera-aldi hori laburra dela, inguruak eskainiko dion kreditua berehala agortuko duela eta beraz, ongi planifikatu behar du nola garatu nahi dituen bere lehentasunak. Iritsi orduko kea erakutsiko du, baina iraungo badu, benetako sutea pizteko gai izan delako izango da.