Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Keysenen hamabost orduak

2026ko urriaren 26a - 05:30
IMG 0131

Gaur goizean, kafea hoztu baino lehen, hiru agentek egin dute lan nire izenean: batek posta sailkatu eta erantzunak zirriborroan prestatu ditu, besteak proiektu bateko kronograma prestatu du eta proiektuko karpetara igo du, eta hirugarrenak arratsaldeko bilerarako txostena prestatu dit. Duela urtebete, goiz oso bat eskatzen zidan horrek. Distopikoa dirudi, baina errealitatea da dagoeneko, eta plataforma erraldoiak lehian dabiltza norberaren agenteak entrenatu eta automatizatzeko. Agente pertsonalak hemen dira duela aste gutxitik, eta gelditzeko datoz.

 

1930ean, Keynesek —XX. mendean eragin handia izan zuen ekonomialari britainiarra— bere bilobek astean hamabost ordu lan egingo zutela idatzi zuen, eta arazo nagusia aisialdia nola bete izango zela aurreikusi zuen. Produktibitatean asmatu zuen, lanaldian, ikusteko dago. Hemen, gehieneko legezko lanaldia 40 ordukoa da oraindik, 1983an bezala. 37,5 orduetarako murrizketa Kongresuan erori zen, eta aurtengo lehen hiruhilekoan sinatutako hitzarmenak asteko 38,8 ordukoak izan dira. Bitartean, Hego Euskal Herrian astero 180.000 aparteko ordu inguru egiten dira.

AAk denbora aurrezten du, bai. Baina nork jasotzen du aurrezki hori? Berkeleyko ikertzaile batzuek zortzi hilabetez aztertu zuten 200 bat langileko teknologia-enpresa bat, eta ondorioetan, adimen artifizialak ez zuen lana arindu, trinkotu baizik. Langileek erritmo biziagoan jardun zuten, zeregin gehiago hartu zituzten beren gain eta eguneko ordu gehiagotara zabaldu zuten lana, inork eskatu gabe. Hasierako AAren euforia neke bihurtu zen.

 

Ez da berria. Jevonsek XIX. mendean antzeko patroia ikusi zuen ikatzarekin: eraginkortasunak ez du kontsumoa murrizten, handitu baizik. Agenteak txosten bat bost minututan idazten badu, ez digute bat eskatuko, bost baizik. Mezu bat erantzutea doakoa denean, mezu gehiago iritsiko dira. Nola egingo dugu lana, beraz, urtebete barru? 

Bi bide daude. Inertziarena batetik: zortzi orduak bere horretan, baina dentsitate handiagoz. Langile bakoitza agente-sare baten kudeatzaile izango litzateke, eta kontratatu beharko liratekeen pertsonak, ez lirateke gehiago kontratatu beharko. Edo bestetik, bide politikoa: aurreztutako denbora banatzea. Ez da utopia: zortzi orduak borrokaren bidez irabazi ziren, are gehiago jaisteko aukera ere eman liteke.

Agenteak aurrezten duen ordua ez da inon erregistratzen: ez nominan, ez hitzarmenean, ez lanaldiaren kontrolean. Langileak badaki goiz oso bat irabazi duela, eta oraintxe goiz horretan beste zeregin bat jarri ala ez langilearen esku dago gehiengo kasuetan. Negoziazio kolektibo sendoa duen herri batean, hori nola negoziatu pentsatzen hasi beharko genuke. Agenteek ez dute erabakiko zenbat ordu egingo ditugun lanean. Guk erabaki ezean, beste norbaitek egingo du gure partez, eta ez gure alde. Keynesek arrazoi zuen, produktibitatea handitzen ari da bizi-bizi, baina gure esku dago produktibitate hori denbora librean bilakatzeko borroka egin nahi dugun ala ez.

Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan  

Egon zaitez azken berriekin informatuta  

 
Aktibatu orain