Kezka pertsonala

Aitaren aldeko gure aitona duela hiru mende jaio zen, eta 101 urterekin zendu zenez gero, “denetarik eta ugari” ikusia zela esaten zuen. Hegazkinekin eta telebistaren aurrean erabat liluraturik geratzen zen, eta bereziki atsegin zuen munduko mapari begiratuta hiri batetik bestera hegan egiten zenbat denboran joan zitekeen kalkulatzea. Hori guztia ikusi eta gero ezer berri gehiagorik ezin izango zuela ikasi esaten zuen. Txiki-txikia nintzen, baina gogoratzen dut harritu (eta apur bat hunkitu) egiten ninduela haren harridurak. Orain neu naiz, aitona zenaren gisan, harentzat edozer ikusi eta edonora joatearen parekoak diren teknologiaren “aztikeriekin” txundituta geratzen dena.

Ez dago pertsona batek ikasteko gaitasuna izateari uzten dion adin espezifikorik. Adina ez da faktore erabakigarria edo zehatzago esanda, ez da faktore erabakigarri bakarra. Bere pisua izan dezake, baina susmoa dut huraxe gehiegi nabarmentzen dugula maiz, adinkeriak jota, beste askoren eraginari behar bezala erreparatu gabe. Osasuna, motibazioa, trebetasun kognitiboa, edota ikasteko baliabideak eta aukerak eskura izatea ere hor daude, eta adinak beste horiek adina (barka hitz-joko merkea) baldintza dezake bizitzan zehar ikasi eta geure egingo dugun aurrerabidearen multzoa. Ezagutzaren aurrerapenak unibertsalak dira berez, baina horietaz baliatu ahal izateko orduan gizarte-arrakalak aintzat hartzen ez badira, ohiko desorekak zuzentzeko balio zezakeena alferrik izango da.

Pertsonen garapenari dagokiona aplika ote dakieke enpresei? Zein da enpresa baten garapen teknologikoa bizkortzen duten motibatzaileak: eraginkortasuna, zerbitzuaren kalitatea?

Galderaren atzean kezka pertsonala datza. Nire bizitzaz nik baino askoz gehiago jakin dezakeen enpresa batekin hartu-eman nahikoa toxikoa izaten ari naiz azken bolada luzean: telefonia-konpainiarekin, maila teknologiko bikainekoa, aditu guztien arabera. Nire jardunak eragindako datuen ustiapena egiteko gaitasun teknologikoa du, horretan zalantzarik ez dut. Hamar urte baino gehiago dira bezeroa naizela, eta beraz, teknologikoki hitz eginda, kapaz da jakiteko zenbat ordu egiten ditudan datuak kontsumitzen, nondik konektatzen naizen etxetik baino maizago, zenbat orduko telebista-kontsumoa egiten dudan, zein ordutan eta zer ikusiz, gainera. Jakingo ez du ba, non bizi naizen, kobrezko kable batez lotuta nauka-eta. Teknologia nahikoa du hori guztia jakiteko eta datu horietatik nire bizitzaren nondik-norakoa ondorioztatzeko. Bada, arazo baten berri emateko deitzen dudan bakoitzean, ez dizkit bada, izen-deiturak, NAN zenbakia, helbidea eta are telefono-zenbakia eskatzen!

Arrazoia ulertu nahi nuke, pertsonek teknologia barneratzeko berez ditugun arrakala horien parekoak zein ote diren enpresen kasuan. Aitonak planto egin zuen hegazkinez bidaia egiteko aukera izan zuen lehen aldi horretan, handik aurrerakoa ez baitzitzaion jada axola. Eta, tamalez, esango nuke enpresa batzuei horixe bera gertatzen zaiela: ez zaiela batere axola gaitasun teknologikoa bezeroen mesedetan erabiltzea. Kasu honetan, neu naizelarik koxkorrik inporta ez duena.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK