Vinod Khoslak, Silicon Valleyko inbertitzailerik ospetsuenetako batek, oso gutxik espero zuten zerbait esan du azken egunotan: zerga gehiago ordaindu nahi duela. 13.700 milioi dolarreko fortuna duen gizon horrek kapital-irabazien gaineko zerga lan-errenten mailara igo behar litzatekeela defendatzen du, eta horrela eginda, oinarrizko errenta unibertsal bat ere bideragarri bihur litekeela. Paradoxa ederra: adimen artifizialean gehien apustu egin duten inbertitzaileetako bat, AArekin dirua irabazi duen hori bera, AAk berak eragindako kalte sozialaren konponbidea eskatzen ari da ozenki. Kontrajarria al da jarrera hau?
Khoslaren proposamenak logika ekonomiko sinple bat jarraitzen du, eta aspaldi ekonomista erreferenteak errepikatzen ari diren ideia berresten: kapitala lana baino azkarrago hazten da, eta zerga-sistemek, oro har, kapitalean lanean baino gutxiago esku-hartzen dute. Estatu Batuetan, kapital-irabaziek lan-errentek baino zerga-tasa txikiagoa ordaintzen dute, eta hori, Khoslaren hitzetan, are absurdoago bihurtzen da AAren garaian, non balio gehiena kapitalak sortuko duen —algoritmoek, datuek, robotek—, eta gutxiago, lanak berak. Beraz, zergatik ordaindu behar du langile batek bere soldataren ehuneko handiagoa, kapital-jabe batek bere irabaziekiko baino gehiago?
AAk balioa sortzeko modua aldatu du jada, baina zerga-sistemek ez dute oraindik aldaketa hori islatzen. Kapitalak berak ez du inolako berezko meriturik, baina gaur egun oraindik pribilegio fiskal argia du lanarekin alderatuta, eta pribilegio hori are absurdoagoa da AAren garai hauetan.
AAren eragin ekonomikoa hemen ere sentitzen ari gara: automatizazioak lanpostuak desagerraraziko ditu, beste batzuk sustraitik eraldatuko ditu, eta kapital-jabeek —fondoek, enpresa handiek, plataforma teknologikoek— gero eta gehiago bereganatuko dute sortutako errentatik. Zerga-politiken joera global hori ez bada egokitzen, banaketa are asimetrikoagoa izango da eta kapitalaren metaketa are gehiago kontzentratuko.
Gogoeta honek, gainera, beste galdera bat mahaigaineratzen du: zenbat denbora beharko dugu norbaitek diskurtso mailan zentzua duen zerbait defendatu —”kapitala gehiago zergapetu behar da"— ados jarri eta hori benetan gauzatu arte? Denboran dago gakoa eta hausnarketa handietan sartuko bagara, jai dugu.
Zer egin? Adimen artifizialak sortutako produktibitate-irabaziak lana zergapetzen den neurri berean zergapetzen ez badira, sistemak berak kapitala are gehiago pilatzea bultzatuko du, talentuaren eta lanaren kaltetan. Bestalde, maila instituzional txikiagoan —autonomia erkidegoetan, foru aldundietan eta udal-mailan— AArekin lotutako laguntza publikoak baldintzatzea: dirulaguntza edo pizgarri fiskala jasotzen duen enpresa batek, gutxienez, sortutako balioaren zati bat gizarteari itzuli beharko lioke modu gardenean. AAk sortuko duen aberastasuna norena izango den erabakitzeko unea da, ez robotak lanpostu guztiak hartu dituztenean. Jar gaitezen behingoagatik plataforma teknologikoen aurretik eta legeak egin ditzagun arduraz, baina abiaduraz.
Gehitu EnpresaBIDEA Google-ren iturri hobetsi gisa doan
Egon zaitez azken berriekin informatuta