Kirol-turismoaren oinordetza

Datorren uztailaren 1an ekingo dio Frantziako Tourrak bere bideari. Itzuli hori munduko txirrindularitza-ekitaldi handiena da, eta milioika zale eta goi-mailako txirrindulari erakartzen ditu urtero. Bilbotik abiatuko da eta Hego Euskal Herriko lurrak zeharkatuko ditu lehen hiru etapetan. Zutabe honetan, ordea, ez dut kirolari eta errendimenduari buruz hitz egiteko asmorik, baizik eta lurraldean izango duen eragina eta inpaktua aztertu besterik.

Frantziako Tourrak munduan eragin duen txirrindularitzarekiko maitasuna ukaezina da. Herrialde askotan ikusle eta jarraitzaile asko erakartzen ditu, eta pixkanaka-pixkanaka txirrindularitzaren aldeko afizioa gorpuztu eta eraiki du han-hemen. Baina txirrindularitzarekiko afizio leial eta sutsurik bada, hori euskalduna da. Hala izan da eta hala izango da datorren astean hasiko den Tour honetan ere. Aspalditik zor zitzaion euskal afizioari Frantziako Tourrean merezi zuen tornuia, eta bada, aurten izango du aukera.

Euskal Herrian hastean, nazioarteko erakusketa masibo baten onurak batuko ditu. Euskal Herriko paisaia naturalak, kultura eta historia munduari eskaintzeko erakusleiho izango zaizkio, eta horrek turisten interesa piztu eta tokiko turismoa areagotuko du. Tourra pasatzen den auzo, herri eta hirietan izugarrizko mugimendua izango da eta diru-sarrera ekonomiko handiak sortuko ditu, ostalaritzaren, sukaldaritzaren eta merkataritzaren sektoreetan.

Halaber, orain artikulu batzuk atzera Donostian egiten diren ekitaldi masiboek ekartzen duten "aberastasuna” xehetu, eta bertakoei gelditzen zaien oinordetza ekonomikoaz jardun nintzen. Horietako bat da Frantziako Tourra. Bultzada ekonomikoa eta aberastasuna norentzat? Frantziako Tourraren antolaketak inbertsio nabarmena dakar azpiegitura eta zerbitzuetan. Tokiko hotel, jatetxe eta dendek ere eskaera handiagoa dute talde, jarraitzaile eta komunikabideen bisita jasotzen dutenean, baina horrek aberastasuna sortzen al du herritarrongan? Ezezkoan nago, bizitzaren garestitzea eragin edozein kasutan. Eta aldi baterako lan-aukerak? Ondo daude, baina ekitaldiak sortzen duen inpaktua tokiko ekonomiaren mesedetan egiten al dira? Eragin positiboa ala negatiboa eragiten du egunaren amaieran?

Frantziako Tourrak, gertakari handia izanik, inpaktu ekonomikoaz gain gorabeherak eragingo ditu trafikoan eta eguneroko bizitzan. Errepideak aldi baterako itxiko dira edo murrizketak egon, eta horrek pertsonen joan-etorriari eta salgaien garraioari eragingo dio halabeharrez. Gainera, inguruetatik iritsiko diren ikusleen etorrera masiboak pilaketa sor ditzake eta ohiko jarduerak egitea zaildu. Norbaitek bertako bizilagunengan pentsatuko zuelakoan.

Kirol-turismoa lehenestea ondo dago, baina beste behar batzuk albo batera utzi gabe. Batzuek beti esango dute Frantziako Tourrean egindako milioi askoko inbertsioa eta arreta lurraldeko premia larrienei erantzuteko erabil daitezkeela. Ez dut esango Frantziako Tourrak Euskal Herrian egingo duen pasada polita eta zirraragarria izango ez denik, baina errelatoa “aberastasun ekonomikoa” ekarriko duela esatea ez da erabat zuzena, eta ordezkari publikoek kontu izan beharko lukete. Kirol-turismoak eskaintzen duen ikuskizuna ez dago beste turismo mota batekin alderatzerik: ikusgarritasun eta erakargarritasun emozional handia sortzen du, merkataritza eta ostalaritzan ere inpaktu ekonomiko positiboa eragiten du. Baina bada guztia horren atzean galtzen aterako denik: sortuko diren masifikazio, trafiko intzidentzia eta prezioen igoerak egoiliarren bizitzen pobretzea eragingo du. Konpentsatzen al duen? Bakoitzak jakingo du hori.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK