Klima-aldaketa eta zientziaren azken deiadarra

Udaberriarekin batera iritsi da IPCC bezala ezagutzen dugun Klima-aldaketarako Adituen Gobernuarteko Taldearen azken txostena. 1988an sortu zenetik, IPCC taldeak klima-aldaketaren zientziaren sei ebaluazio ziklo burutu ditu, argitaratu den txostenak azken ebaluazio zikloari amaiera ematen diolarik. Sintesi dokumentu horrek ebaluazio prozesu horren baitan sortutako aurreko hiru txostenen ondorio nagusiak biltzen dituela. Zaharrak berri beraz. Baina laburbiltze prozesuan, azpimarragarriak diren hainbat mezu utzi dizkigu.

Txostenaren arabera, klima-aldaketa giza jarduerek eragin dute “zalantzarik gabe”, batez ere berotegi-efektuko gasen isurketen bidez, eta horren ondorioz, planetaren tenperatura dagoeneko 1,1 gradu baino gehiago igo da 1850-1900 garaitik. Berotze hori azken milaka urtetan aurrekaririk ez duten aldaketak eragiten ari da: itsas-mailaren igoera, glaziar kontinentalak desagertzea, Groenlandia eta Antartikako izotz geruza handien desegonkortzea, muturreko gertakarien areagotzea, ozeanoen berotze eta azidifikazioa, etab.

Berotze dezima bakoitzak garrantzia du, tenperaturak handitzean mehatxuak areagotzen direlako. Munduko herrialdeek adostu dute munduko tenperatura igoera 1,5 gradutara mugatzea, baina horrek ere inpaktuak izango ditu; esaterako, munduko eremu idorretako 950 milioi pertsonek estres hidrikoa, estres termikoa eta desertifikazioa jasango dute, eta uholdeen eraginpean dagoen munduko biztanle kopurua % 24 handituko da. Tamalez, 1,5 graduko helburua lortzetik urrun gaude oraindik, eta epe laburrean berotegi-efektuko gasen isurien murrizketa handiak beharko dira: 2025rako isurien maximoa lortu beharko genuke eta, ondoren, 2030rako emisioak % 45 murriztu.

Berri onak ere badaude: energia sortzea, eraikinak, industria eta garraioa munduko emisioen % 80 inguru dira, eta gainerakoak nekazaritza, basogintza eta beste erabilera batzuk dira. Isurpen horiei aurre egiteko neurri asko dagoeneko eskuragarri daude, eta gainera, modu askotan egiten digute mesede: osasun-, ekitate-, justizia- eta are ekonomia-arazoei aurre egiten diete, etorkizun energetiko garbi baterako trantsizioa bizkortzearekin batera. Egokitzapen-neurriek ere klima-aldaketaren eraginak apaldu eta erresilientzia eragin dezakete.

Neurri horiek guztiak ezartzeko finantzaketa publiko eta pribatua handitzea ezinbestekoa da. Azken hamarkadan % 60 baino gehiago handitu bada ere, arintze-helburuak lortzeko soilik hamarkada honetan bertan klimarako finantzaketa 3 eta 6 aldiz artean igo beharko da. Gogora dezagun ere egun erregai fosiletara bideratutako finantzaketa fluxuek aise gainditzen dituztela klima-aldaketa arintze eta egokitzera bideratutakoak.

Ekitateak Nazio Batuen klima-erregimenaren funtsezko elementua izaten jarraitzen du eta txostenak bidezko trantsizioa bermatzearen garrantzia azpimarratzen du. Argi izan behar dugu planetako biztanle aberatsenok CO2 isuri gehien sortzen ditugula, eta gainera, gutxien isurtzen dutenek klima-aldaketaren ondorio larrienak jasango dituztela. 3.300 eta 3.600 milioi pertsona artean bizi dira klimaren ondorioetarako oso kalteberak diren herrialdeetan. Trantsizioak egoera horri erantzuteko bideak ere ezarri beharko ditu desparekotasunen areagotzea ekidin nahi badugu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK