• IRITZIA
  • Klima-aldaketa, osasuna eta energia
EHUko irakaslea eta BC3ko ikertzaile elkartua

Klima-aldaketa, osasuna eta energia

2022eko azaroaren 3a
Elisa Sainz de Murieta

Aste oparoa izan genuen aurrekoa albiste klimatikoei dagokienez. Munduko Meteorologia Erakundeak asteartean ohartarazi zigun berotegi efektuko gas nagusien –CO2, metanoa eta oxido nitrosoa– maximo historiko berriak neurtu zirela 2021ean. Hori gutxi balitz, 2020tik 2021era CO2-aren mailak izan duen igoera azken hamarkadako hazkunde tasa baino handiagoa izan da. Eta egungo neurketek erakusten dute maila horiek gora egiten jarraitzen dutela aurten ere.

 

Egun berean, The Lancet osasunari buruzko aldizkari zientifiko ospetsuak, klima-aldaketak osasunean izango duen eraginei buruzko txosten berezia argitaratu zuen. Txostenaren izenburuak berak ez gaitu epel uzten: osasuna erregai fosilen menpe (health at the mercy of fossil fuels). Dokumentu mardula da eta tartetxo hau bere ondorio eta ñabardura guztiak laburtzeko txiki geratzen bazait ere, hona hemen gako batzuk.

Tenperaturen igoeraren ondorioz, beroarekin lotutako hilkortasuna nabarmen handitu da, baita lanorduen galera bero-estresaren eraginez eta, aldi berean, malaria edo denge bezalako gaixotasun infekziosoen hedapena zabaltzen ari da. Klima-aldaketak sortutako kalte ekonomikoek ere gero eta presio handiagoa suposatzen dute familientzat, batez ere garatu bidean dauden herrialdeetan. Elikagaien segurtasunaren dimentsio guztiak klima-aldaketaren eraginpean daude, lotutako beste krisi batzuen inpaktuak areagotuz.

 

Erronka are handiagoa da, COVID-19aren ondorioz mundu osoan zehar osasun zerbitzuak ahulduta daudela baieztatzen baitu. Halaber, inpaktuei erantzuteko egokitzapen politikak motel doaz. Adibidez, hirietako gune berdeen onurak ezagunak badira, munduko hirigune nagusien %27k baino ez dauka nolabaiteko berdegunerik. Testuinguru horretan, txostenak ez dauka mihipekorik erregai fosilei dagokionez: hauen menpekotasunak giza osasunari eta ongizateari zuzenean eragiten die, eta zeharka munduko osasuna kaltetzen ari da klima-aldaketaren inpaktu handiagoen bidez, gatazka geopolitikoak ere aipatuz. Ez dezagun ahaztu erregai fosilek jaso zituzten dirulaguntzak bikoiztu egin zirela 2021ean (700.000 milioi dolarrera iritsiz), aldi berean petrolio- eta gas-enpresek etekinak marka gainditu dutelarik.

Badaude, hala ere, itxaropenerako izpiak ere. Inbertsioak energia garbietan nabarmen handituz doaz eta Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) ostegunean esan zuenez, Ukrainako gerrak piztutako krisi energetikoak trantsizio berdea bizkortzeko balio dezake. Halaber, agentziaren ereduek historian lehen aldiz erakutsi dute erregai fosil mota guztien eskaria moteldu litekeela 2025etik aurrera.

Mezu oso garrantzitsuak, beraz, jaso ditugunak, azaroan Egipton burutuko den COP27 klima goi-bileraren atarian.