• IRITZIA
  • Klima-aldaketari aurre egiteko, mundua lanpetuegi?
EHUko irakaslea eta BC3ko ikertzaile elkartua

Klima-aldaketari aurre egiteko, mundua lanpetuegi?

2022eko irailaren 30a
Elisa Sainz de Murieta

Pasa den urteko azaroan Nazio Batuek klima-aldaketarako 26. goi bilera ospatu zuten, COP26, alegia. Pandemiaren eraginez urtebetez atzeratu ostean, aurreikuspen handiak sortu ziren honen inguruan, eta aurrerapauso garrantzitsu batzuk gertatu ere, besteak beste, herrialdeek aurkeztu eta iragarritako konpromisoen eguneratzea. Aurtengo azaroan bilduko den COP27 bilerarako atarian, hala ere, helburuak eguneratzeko konpromisoa hartu zuten 193 herrialdeen artean, 19k baino ez dituzte etxerako lanak egin; hamar herrialdeetatik batek, hain zuzen.

 

Zalantzarik gabe gauza asko aldatu dira iragan den azarotik hona, tartean Ukrainako gerra, Europan energia-merkatua hankaz gora jarri duena. Baina gogora ditzagun hilabete hauetan jazotako beste gertakari batzuk ere.

Has gaitezen udan Europan gertatutako bero-boladekin. Erresuma Batuan lehen aldiz termometroek 40ºCko langara iritsi ziren. Espainian eta Portugalen, muturreko beroaren ondorioz, 2.000 pertsonako gehiegizko hilkortasuna estimatu dute adituek. Giza kostu horri produktibitate galerari lotutako kostu ekonomikoa ere gehitu behar zaio. Gutxi balitz, Europako lurraldearen bi heren lehorte egoeran egon da aurten ere. Ipar Euskal Herrian, esaterako, ur erabileraren murrizketak pairatu dituzte. Eraginak nabarmenak izan dira nekazaritzan, eta baita abeltzaintzan ere. Europatik kanpo, India eta Pakistanen 120 urteetako bero-boladarik handiena jasan zuten udaberrian, eta Somalian milioi bat pertsona desplazatu dira lehorte bortitzaren ondorioz.

 

Muturreko beroa ez da protagonista bakarra izan. Ameriketako Estatu Batuetan bederatzi gertakari jazo dira 2022an, eta horietako bakoitzaren kaltea 1.000 milioi dolarrekoa izan da. Pakistanek ohikoa den prezipitazioa baino 500 aldiz gehiago jaso du azken hiru hilabeteetan eta ondorioak benetan ikaragarriak dira: 33 milioi pertsona kaltetu, 1.7 milioi etxebizitza deuseztatu eta 1.400 hildako. Galera ekonomikoak 30.000 milioi dolar ingurukoak izan direla kalkulatu dute.

Muturreko fenomenoak beti gertatu izan badira ere, azken urteetan zientzialariek klima-aldaketak gertakari horietan duen eragina neurtzeko aurrerapauso handiak eman dituzte. Hortaz, badakigu Indian gertatutako bero-bolada 30 bider errazago gerta daitekeela klima-aldaketaren ondorioz. Edota litekeena dela Pakistango uholdeetan klima aldaketak eragina eduki izana.

Klima aldaketari aurre egiteko mundua lanpetuegi dagoela irakurri nuen aste honetan. Lanik badagoela ezin ukatu, noski. Trantsizio ekologikoa aurrera eramateko dauden zailtasunak ere agerikoak dira. Baina ez dezagun ahaztu klima-aldaketaren eragin bortitzenak saihesteko bide bakarra isurpenak bortizki murriztea dela hurrengo hamarkada eskasean. Ez hori bakarrik: isurpenak ekiditean inbertitzen dugun euro bakoitzeko, mozkinak ia bikoitza izango direla. Pizgarriak hor daude. Erantzuteko premia ere bai.