Pandemiaren etenaren ostean, berotegi efektuko gasen isurpenak marka berria hautsi zuen 2021ean. Karbono dioxidoaren (CO2) kontzentrazioa mundu mailako puntu berri batera iritsi zen, 415 ppm-ko langa gaindituz. Datu hauen garrantzia ulertzeko, pista bat: XIX. mendearen amaieran CO2 kontzentrazioa 280 ppm-koa zen, eta azken milioi urteetan ez da sekula 300 ppm-ko muga gainditu.
Munduko Meteorologia Erakundeak urtero argitaratzen duen klimaren egoeraren txostena ezagutu berri dugu, eta honek datu asaldagarriak erakutsi dizkigu. Munduko batez besteko tenperatura 1,1 gradu igo da aro aurre-industrialarekin alderatuz, eta azken zazpi urteak erregistratutako urterik beroenak izan dira. Bero-bolada bortitzak gertatu ziren iaz Ipar Amerikan eta Mediterraneoan zehar, termometroek muturreko tenperaturak neurtuta: Kalifornian 54 gradura iritsi ziren, eta Kanadako Kolunbia Britainiarrean tenperaturak 49 graduak gainditu zituen. Aurten, India eta Pakistan bero-boladarik larriena izan dute. Jakina da horrelako fenomenoak beti gertatu izan direla, baina klima-aldaketaren ondorioz, Indiako bero-bolada bezalako muturreko gertakariak izateko 30 bider aukera gehiago direla ere ondorioztatu da.
Atmosfera ez da berotzen ari den bakarra. Orain arteko bero kopuru handia ozeanoek xurgatu dute, baita atmosferako CO2 isurpenen ia laurdena. Prozesu hauek ozeanoen azidifikazioa dakartzate, itsasoko espezieentzat honek izan dezakeen eragin izugarriarekin. Itsas mailaren igoera ere bizkortzen ari dela ikusi dute, honen abiadura bikoiztu delarik 1990eko hamarkadatik hona. Honen eraginak zeintzuk izan daitezken ondo ezagutzen ditugu: 2014ean euskal kostaldean jo zuen denboraleak 15 milioi euroko galerak eragin zituen. Muturreko euri-jasak ere areagotzen ari dira. Adibidez, Japonian 2019an gertatutako Hagibis tifoiaren kalteen % 40 klima-aldaketaren eragin zuzenarekin lotu dute. Gogora dezagun ere iaz Europa erdialdean gertaturiko uholdeak: 243 pertsona hil ziren, eta hondamendiaren kalteak 2.500 milioi euro gainditu zituen.
Klima aldaketari aurre egitea ez da erronka makala. Munduko gobernuek planetaren batezbesteko tenperatura 1,5 gradutara mugatzea adostu zuten Parisen 2015ean. Helburu honi erantzuteko, berotegi efektuko isurpenak % 45 murriztu beharko genituzke 2030erako. Klima-politiken onurak ezagunak, nabarmenak eta ukaezinak dira. Klima aldaketari aurre egiten ez badiogu, ondorioek okerrera baino ez dute egingo.