Ekintzailea eta Osoigo plataformaren fundatzailea

Klimaren kostu kolektiboa

2026ko ekainaren 29a - 05:30
IMG 0131

Ekainaren 22an, Eusko Jaurlaritzak alarma gorria aktibatu zuen. Zizurkilen 37,3 gradu, eta Gardean 38,5. Kostaldean, maiatzaren amaieratik ekainaren erdira arte, astebeteko beroaldiak pilatu dira —gauak gutxi freskatuta—, aldaketa klimatikoak gero eta ohikoagoa egin duen dinamika. Denak ados gaude termometroa igotzen ari dela, baina nabaritu al dugu bero honek poltsikoari eragiten diona?

 

Erantzuna ez da berdina denontzat. Climate Analytics ikerketa-zentroak frogatu du Europako etxe pobreenek diru-sarreraren %4 galtzen dutela bero eta lehorte egoeratan, gainerako biztanleak %1,1 eta %1,8 artean galtzen duten bitartean. Bero berdinaren aurrean, poltsikoek ez dute modu berdinean sufritzen. Gela bakarra duen pisua eta leiho txikiak dituena ezin da hiri erdiguneko etxe handiak bezala aireztatu. Aire girotua instalatzeko inbertsiorik ez duenak, tenperatura gorenetako orduetan tabernan denbora pasa edo denda handira joatera behartuta dago, dagokion kontsumoa eginez, noski. Eraginkortasun energetiko baxuko etxebizitzan bizi dena, argindarraren faktura bikoiztera iristen da udan zehar.

2026ko ekainaren 1etik aurrera, BEZa %21era itzuli da eta Zerga Berezia ere ia bikoiztu da. Kalkulu sinple batzuen arabera, etxe batek hilean 15 euro gehiago ordaindu beharko du ohitura eta egunerokoa aldatu gabe. Horixe da paradoxa: ezer aldatu ez dutenentzat, faktura igo da, eta klimatizazioa edo freskatzeko gailuak erabiltzen dituztenentzat, are gehiago. Aire girotuaren eta hozkailuen erabilera masiboa dela-eta, energia-eskaria nabarmen igo da udan, eta tentsio horrek sare elektrikoaren kostua ere goratu egiten du.

 

Baina eragin ekonomikoa ez da elektrizitatera mugatzen. Ura, elikagaiak eta garraioa ere aldatzen dira beroaldi hauen ondorioz. Eraikuntzako langileek, nekazariek eta kanpoko lanpostuek produktibitatea galtzen dute: ikerketa ugarik frogatu dute tenperatura altuek kontzentrazioa murrizten dutela eta nekea handitzen dutela, kanpoan lan egiten dutenengan bereziki. Ordenagailuaren aurrean lan egin dezakeenak, klimatizatutako bulegoan, ez du arazorik. Kanpoan lan egiten duenak, ordea, beroa etsai du egun osoan zehar. Aldaketa klimatikoaren eragina ez da berdina denontzat. 

Guztiok sufritzen ditugu bero-olatuak, kutsadura, lehorte luzeak eta sute gero eta handiago eta maizagoak. Espainian, beroaldietan Madrileko diru-sarrerak ia %10 jaitsi dira; eta proiekzioen arabera, 2,7 °Cko beroketa global baten eszenatokian, etxeen errenten herena baino gehiago galdu liteke. Irabaziak, ordea, ez dira hala banatzen: enpresa energetikoen mozkinak, aseguru-konpainien primak eta aire-girotuen salmentak igo egiten dira udan beroarekin. Gizarte osoak pairatzen du kostu kolektiboa, baina etekin pribatua sortzen du.

Zer egin daiteke? Nik bi proposamen. Lehenik, eraikuntza-kode eta -erregulazio egokiak: etxebizitza berri guztiek isolamendu termiko egokia izan behar dute, eta zaharberritzeko dauden etxeetan ere eragin. Eta bigarren, zergapetze progresibo bat klima-kaltearengatik: gehien kutsatzen dutenek gehiago ordaindu behar lukete, eta kalte gehien jasaten dutenentzat, mekanismo konpentsatzaileak sortu.