Klimari buruzko auziak

Aste honetan irakurri dugu estatuko lehen klima-auzia epairako prest dagoela, eta ekainaren amaieran izango dela ikusgai. Duela hiru urte Ecologistas en Acción, Greenpeace eta Oxfam Intermón elkarteek aurkeztutako eskaera da, eta, ondoren, Fridays for the Future taldeak eta Garapenerako Erakundeen Koordinakundeak bat egin zuten, gobernuak larrialdi klimatikoari aurre egiteko eta Parisko Akordioaren helburuei erantzuteko asmo faltaren aurka.

Ez da auzi klimatiko bakarra. Mundu-mailan, klima-aldaketarekin lotutako kasuen kopuru metatua bikoiztu baino gehiago egin da 2015etik; beraz, kasu kopurua 2.000  baino gehiagokoa da. Horietatik laurden bat inguru 2020 eta 2022 artean aurkeztu ziren. Klima-auziek helburu desberdinak izan ditzakete. Hasieran, akordio global ezaren aurrean erantzuteko bide bat bilakatu zen. Argudio hori ez da hain argia Parisko Akordioa onartu ondoren, eta gobernuek anbizioa areagotzeko presio modu bihurtu da.

Estatu Batuetatik kanpo, auzien %80 gobernuen aurkakoak badira ere, erregai fosilen enpresen aurkako adibideak ere badaude. Enpresa horiek sortutako kalteen ordaina eskatu nahi dute, eta arreta jarri hainbat hamarkadatan erregai fosilen erabilerak sortutako ondorioetan eta komunitate zaurgarriak jasaten ari diren kalteetan.

2021ean epai garrantzitsua ezagutu genuen, Shell enpresa handiaren kontrakoa. Klima-aldaketa eragitearen erantzuletzat jo den lehen enpresa da Shell. Auzitegiaren ustez, konpainiak egiten dituen erregai fosilen operazioek oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzte, eta, beraz, isurketak berehala murrizteko agindu zion.

Epaia historikoa izan zen: onartzen zuen erabakiak eragin negatiboa izango zuela konpainian, baina jasotzen zuen isurpenak murriztearen onurek Shellen interes komertzialak gainditzen zituztela. 2022ko urrian, zenbait gobernuz kanpoko erakundek lehen aldiz merkataritza-banku bat salatu zuten, BNP Paribas, erregai fosilak ustiatzeko jarduerei laguntzeko duen erantzukizunagatik.

Europan, nabarmentzekoa da Urgenda kasua, mundu osoko klima-aldaketari buruzko auziak eragin baitzituen. Kasu hori izan zen gobernu batek, Herbeheretakoak, isurpenak murrizteko helburu zorrotzagoak hartu behar izatea lortu zuen lehen auzia. 2015eko ekainaren 24an, Hagako Barrutiko Auzitegiak erabaki zuen Gobernuak berotegi-efektuko gasen emisioak gutxienez %25 murriztu behar zituela 2020aren amaierarako, 1990eko mailekin alderatuta. Epaiak klima-aldaketaren aurkako neurri eraginkorragoak berehala hartzera behartzen zuen gobernua.

2021ean, Parisko Administrazio Auzitegiak erruduntzat jo zuen Frantziako estatua klimaren krisiari aurre egiteko konpromisorik ez izateagatik. Urte berean, Alemaniako Konstituzio Auzitegiak erabaki zuen 2019an onartutako Klima Babesteko Legea, neurri batean, ez zela nahikoa, eta 2022ko abenduaren 31ra arteko epea eman zion gobernuari, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko helburu berriak ezartzeko.

Klimari buruzko auziak berotze globalaren aurkako ekintza-lerro garrantzitsu bihurtu dira. Herbehereak, Alemania, Frantzia ostean, uda aldean Espainiako Auzitegi Gorenarenak emango duen erantzunaren zain egongo gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK