Komunikazio eraginkorrari buruzko eskoletan irakatsi ziguten komunikatzen ez dena ez dela existitzen. Nire ikuspegi filosofikoa ez dator edonola ere bat premisa horrekin, inoiz ez ditudalako egia absolutuak gustuko izan. Gainera, askotan gauza onenak pribatuan edota, are gehiago, intimitatean gertatzen direla uste dut. Sarritan ez dago gertaera bat lau haizetara zabaltzeko beharrik, ez. Baina ez gara filosofiaz ari, garapen ekonomikoaz eta negozioez baizik. Hemen, salduta gaude; komunikazioa ezinbestekoa zaigu proiektuek aurrera egin dezaten.
Ekitaldi, kongresu eta azoketan ere hala izaten da: ezagutzera eman behar ditugu gauza daitezen, egia bihur daitezen. Nola lortuko dugu, bestela, jendea bertaratzea? Funtsean, eta bisio erromantikoa alde batera utzita, edozein ekitalditan oinarrizko elementua publikoa baita. Baina ez digu edozein motatako bisitarik balio, baizik eta ekitaldiaren izaerarekin lotura duena: jardueretan parte hartzeko gogotsu azaltzen dena, zerbitzuak kontratatu edo produktuak eskuratzeko prestutasuna duena, gaiarekiko sentsibilitatea duena. Laburbilduz, bere beharrak asetzeko gai garen publiko hori.
Komunikazio, marketin eta publizitatean dihardugunok badakigu, hala ere, pertsona horiengana iristeko ezin dugula edonola egin, erabakiak ezin ditugula ausaz hartu. Helburuak, publiko-objektiboaren definizio zehatza, komunikazio-dimentsioak eta euskarriak ondo aztertu eta pentsatu behar dira. Alegia, estrategia garatu behar dugu. Eta erabiltzen ditugun hitz, esaldi, argazki, tipografia, ikono eta plataforma guztiek estrategikoki bideratuta egon beharra dute helburuak bete ditzagun.
Hori guztia zuzen eta zorrotz zehaztea ere maiz ez da nahikoa gure publiko desiratua erakartzeko. Hain justu, kontuan izan behar dugu gure ekitaldiak konpetentzia duela, eta ez dagoela lehian soilik beste azoka batzuekin, hamaika direlako bisitari potentzial baten erabakian eragiten duten faktoreak: futbol-partidak, kontzertuak, herrietako jaiak… Baita eguraldia bera ere. Gero eta plan gehiago egon inguruan, orduan eta zailagoa da gurea hautatzea, eta orduan eta beharrezkoagoa komunikazio estrategikoaren bidez besteengandik bereiztea.
Nire ikuspegi idealistarekin kontraesanean eroriko naiz, baina baliteke sarrerako premisa hori egiazkoa izatea. Bisitariak ez baditugu, ez gara existituko. Eta bisitariak izateko, (ongi) komunikatu behar dugu. Zarata bihurtzen diren nonahiko input-en eta aisialdirako aukera amaiezinen ondorioz jendea saturatuta dagoen honetan, komunikazio eta ekitaldien munduko profesional gisa, premisa hau banderatzat hartzea proposatzen dut: komunikazioa zorroztu gugan interesa duen pertsona horren beharrak asetzeko gainerako guztiak gogaitu gabe. Sormenez, estrategiaz eta arduraz ere komunika dezakegulako.