Argiak piztu dituzte nonahi eta edonora begiratzen duzula, dir-dir egiten du munduak. Etxe ia guztietan martxan dago dena: pentsatu ditugu menuak, antolatu ditugu joan-etorriak, egin beharrekoen zerrendak. Olentzerori gutuna idatzi diogu, jakitun izanik Maridomingi izango dela guztiaz arduratuko dena. Telebistan salmenta-aurreikuspenak aipatu dituzte, tokiko merkataritzarentzat nahikoak ez direnak. Garai honetan mirariak posible omen dira: mahaiak bete egiten dira, nola edo hala, ordutegiek bat egiten dute eta elkartu egiten gara behin eta berriro, familia, lagunak, lankideak eta abar. Mirariaren atzean, baina, ez dago magiarik: eskuak daude. Sukaldetik ateratzen ez diren eskuak, erosketak antolatu eta egiten dituztenak, ahaztu egin direnak gogoratzen dutenak, garbitzen dutenak, goizaldean labadorak ipintzen dituztenak, edo senideen arteko komeriak eta tentsioak broker emozionalen gisan kudeatzen dituztenak. Bizitza sostengatzen duen lan ez-ordaindua da, emakume-lana eskuarki, baina ez da ageri inolako kontu-emate ekonomikoan.
Zer gertatuko litzateke lan-ordu horiek kontatuko bagenitu? Bere garaian proposatu zuenean, erabat iraultzailea izan zen, eta hortxe dago oraindik Marilyn Waring-en galdera, batek daki zergatik, oraindik erantzun ez duguna. Sinplea bezain argia da: neurtzen ez dena ez da existitzen ekonomiaren logikan. Neurtzen ez dena ez da babesten, ez da baloratzen, ez da planifikatzen. BPGk —gure totem modernoak— merkatuaren bidez igarotzen dena baino ez du jasotzen. Gainerako guztia, merkatuak bera egonkor mantentzen duena, estatistika ofizialetik kanpo geratzen da. Bizitzak ez du kotizatzen.
Galdera hori intuizio hutsa izan zen hasieran eta denborarekin, ekonomia feministaren zutabeetako bat da, gauzak beste era batera antolatzea eskatzen duen elkarrizketa zabala abiatu zuena. Batek daki zergatik, baina, elkarrizketa horretan emakumeak dira ia bakarrak. Katrine Marçalek beste galdera bat jarri zuen mahai gainean, behin eta berriro ekonomiak baztertu egin duen galdera:
Nork prestatzen zion afaria Adam Smithi hark interes propioaren teoria idazten zuen bitartean?
Erantzuna badakizu, irakurle: emakume bat, kasu honetan, bere ama. Liburuetan izenik ez duen emakumea, kontabilitatean haren soldatarik ez da ageri, ezta teoria ospetsu horretan haren aitortzarik ere ez. Norbait hori Smith sostengatzen ari zen Smithek mundua alda zezan. Ekonomiak horrela funtzionatu da mendeetan: ondasunak ekoizten dituztenak goresten ditugu, baina ez ondasun horiek ekoiztu daitezen baldintzak sortzen dituztenak. Konplexua iruditzen bazaizu, probatu egun hauetan bi ume dituen etxe baten antolaketa kudeatzen eta esango didazu zer den “konplexutasuna”.
Gabonetan ez da arazoa sortzen, handietsi besterik ez da egiten. Etxeko eta emozio-kargek gora egiten dute, baina logika berbera da martxoan, uztailean edo urrian. Lantokiko atetik sartzean, aurretik dozenaka lan-ordu eginda iristen gara denok (batzuk besteak baino gehiago): zaintza inprobisatuari aurre egin diogu, familiako logistika antolatuta utzi dugu, haurren edo nagusien sostengu emozionala bizkar gainean daramagu, bizitzari martxan eusteko lan isila eta ez ordaindua eginda. Ekonomia formala ekonomia informal ikusezinaren gainean eraikita dago, aitortzen ez badugu ere.
Lan isil horrek lan formalaren produktibitatea, berrikuntza eta talentua erabat baldintzatzen ditu. Horri guztiari ez ikusiarena egiten duen enpresak izotz-mendiaren puntxa baino ez du kudeatzen: ordutegi formalak, KPIak, entregak. Gainerako guztia —nekearen jatorria, sormenaren gorabeherak, motibazioaren indarra— kudeaketatik kanpo geratzen da, gorputzik, etxerik eta testuingururik ez duen business plan baten.
Talentua erakartzea zaila dela esaten dugu, baina ez dugu kontuan hartzen talentu horren bizitzak zer baldintza dituen. Produktibitatea bilatzen dugula diogu, baina ez dugu kontuan hartzen emozio-kargak nola higatzen duen. Konpromisoa nahi dugula diogu, baina politikak diseinatzen ditugu existitzen ez diren pertsonentzat, zaintzarik gabeko izaki autonomoak balira bezala.
Ekonomia erreala ez da merkatuetan hasten, sukaldeetan hasten da. Norbaiten premiak asetzen dituen beste pertsona batekin hasten da, gaurko eta biharko lana posible egiten duen zaintzarekin hasten da.
Waring zuzen zegoen: neurtzen ez dena desagertu egiten da. Eta Marçal ere zuzen zegoen: izendatzen ez dena betikotu egiten da. Bi emakume horien galderek zalantza uzten dute airean:
Nola eraikiko dugu etorkizuna, oraindik ere oraina sostengatzen duena kontuan hartu nahi ez badugu?
Zaintza-karga neurtzea ez da kapritxo estatistikoa. Benetako produktibitatea aurreikustea da, absentismoa ulertzea edo epidemia baten gisan zabaltzen ari den burnouta prebenitzea da. Eta batez ere, bereziki emakumeok gure gain dugun lan isil hori azaleratzea politika publiko eta korporatiboak diseinatzeko oinarrizko osagaia da: ongizatea ez da abantaila osagarri hutsa, egiturazko baldintza baizik.
Kontua ez da emozioak KPI bihurtzea edo eguneko zenbat garbigailu ipintzen ditugun kalkulatzea. Hori baino askoz sakonagoa da: ulertzea eta aitortzea ekonomia ez dela sistema autonomoa, elkarren beharretan oinarritutako ekosistema baizik. Interdependentzia hori ulertzen duten enpresek izango dute, hain zuzen, etorkizun nahasi honetan abantaila handiena.
Agian noizbait kontuek lan ikusezin hori azaleratuko dute, Waringek proposatzen duen bezala, Agian, Marçalek iradokitzen duen bezala, ez dugu gehiago idatziko ekonomia-teoriarik teoriaren zimenduei eusten nor dagoen galdetu gabe. Agian. Baina bitartean, bada gure esku dagoen zerbait: ikustea, aitortzea eta erabakitzea.
Ez dago miraririk, ez Gabonetan ez beste inoiz. Lana da, lan isila. Gehienetan emakumeen lana. Eta lan horri esker gertatzen da beste guztia.
Nork egingo dizu aurten afaria? Nork erabaki du zer afalduko duzun?
Ekonomiari eusten diona aintzat hartzen ez badugu, ekonomiak nekez eutsiko digu guri.