Kontsumitzaileen mesede eta bankuen fabore

Bihartik aurrera errazagoa izango da herritar soilentzat hipoteka maileguengatik bidegabe ordaindutakoa erreklamatzea epaitegietan. Oro har, apur bat sinpleago egingo dira norbanako soilak kontratazioaren baldintza orokorrak oinarri hartuta, enpresa bat epaitegietara eramateko tramiteak.

Kontratazioaren baldintza orokorrak dira atxikitze-kontratuetan alderdi batek ezartzen dituenak (beti ezartzen ditu indarra daukan enpresak), hainbat kontratuetan jaso daitezen, norbanakoak klausulak banaka negoziatzeko aukerarik gabe. Alegia, enpresak norbanako kontsumitzaileari ezarri egiten dizkion klausulak, eta beraz, ezartzen dizkion kontratatzeko baldintzak. Herritarrok esperientzia zabala daukagu atxikitze-kontratuak sinatzen eta klausuletan inolako negoziatzeko betarik ez izaten: argi-indarraren kontratuetan, telefono kontratuetan, erakunde finantzarioekin egindako kontratuetan… Klausulak blokean onartu baino ez daukagu zerbitzuaren hornidura jaso nahi badugu.

Luzea izan da kontratazioaren baldintza orokorretan abusuzko klausulak identifikatzeko bidea. Europako Kontseiluak 93/13/EEE Zuzentarauean jaso zuen estatukideen ardura zela abusuzko klausularik ez zedila sar kontsumitzaileekin egindako kontratuetan, eta abusuzko klausulak definitu zituen. Hari horretan beste urrats bat emanda, Espainiako Auzitegi Gorenak hipoteka maileguak kontratatzerakoan bankuek ezartzen dituzten ordainketetariko batzuk bidegabe deklaratu zituen 2015ean, eta harrez gero milaka herritarrek erreklamatu dituzte notaritza, erregistro, tasazio eta gestoria gastuak epaitegietan. Baita gehien-gehienetan epaitegiak arrazoia eman eta dirua bueltatu ere, finantza erakundea epaitegiko kostak ordaintzera kondenatuz.

Bihar indarrean sartuko den lege erreforma abenduan onartu zen 6/2023 Errege Lege Dekretuaren ondorio da, justizia-zerbitzu publikoaren, funtzio publikoaren, toki-araubidearen eta mezenasgoaren arloko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betearazteko premiazko neurriak onartzen dituena. Hainbat lege-aldaketen artean, zabaldu egiten du epailearen eskumena abusuzko klausulak ofizioz kontrolatzeko. Eta kontratazioaren baldintza orokorren aurka egiteko prozedura aldatu egiten du: orain arte Prozedura Zibileko Legeko prozedura arruntaren bitartez tramitatzen diren gastuak erreklamatzeko demandak, bihartik aurrera, ahozko judizioaren tramiteen bitartez bideratuko dira. Bihartik aurrera aurkezten diren demanda berri guztiei eragingo die.

Ahozko judizioak prozedura arruntak baino tramite gutxiago dauzkanez, kontsumitzaile herritar arruntak aukera izango du bere erreklamazio auzia azkarrago (irakur bedi azkartasuna sistema-judizialeko epeen barruan, hau da, mantso) ebazteko orain arte baino.

Baina, eta hemen ezpala, deabrua xehetasunetan baitago, lege erreforma honek berekin bestelako ondorio bat ere ekarriko du: banku eta finantza erakundeek milaka erreklamazio auzi hauengatik ordainduko duten epaitegiko kosten fakturan arindu bat izango dute. Merkeago baita ahozko judizioa prozedura arrunta baino. Beraz, kontsumitzaileen mesede eta bankuen fabore. Beste behin, bankua beti irabazle.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK