Otsaileko iritzian whatsappari buruzko gaztigua egin nuen. Orain sare sozialen beste arrisku bati buruz arituko naiz.
Izan ere, etxean nerabeak dauzkagunok kokoteraino gaude gure seme-alabek zer nolako erabilpena egiten duten sare sozialekin (horien artean TikTok errege delarik), inolako arriskurik ez balute bezala, lan arloan ere arriskuak izan daitezke langileentzako (eta abantailak enpresariarentzako).
Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak aurtengo martxoan emandako epaia. Ebatzitako kasuan, langileak, aldi baterako ezintasunean dagoela, baimena ematen dio lagun bati bidaia batean argazkiak eta bideoak ateratzeko. Ondoren, irudi horiek TikTok sare sozialean argitaratzen dira, eta enpresak diziplinazko kaleratzea justifikatzeko erabiltzen ditu, langilearen jokabidea (medikuaren baja-aldian bidaiak egitea) bateraezina izan daitekeelako bere errekuperazio-prozesuarekin. Enplegatzaileak ez du ezagutzen aldi baterako ezintasuna eragin duen patologiaren berri (antsietate-nahasmendua, izu-krisia eta depresioa, gaixotasun arruntak eragindakoa), ez eta langilearen gizarte-kalteberatasuneko egoera pertsonalaren berri ere (etxegabetze-mehatxuarekin, bakarrik bi alaba txikirekin). Horregatik epaiak kaleratzea bidegabetzat jotzen du eta ezdeustzat. Beraz, indemnizazio batekin kalera dezake, deuseza balitz langilea berriz onartu beharko lukeelarik.
Baina sakonean, auziaren xedea da zehaztea ea irudi horiek zabaltzeak langilearen irudia eta intimitatea urratzen dituen, eta ea enpresak material hori erabil dezakeen diziplinazko kaleratze batean frogabide gisa.
Epaiak zera dio: langileak irudi horiek zabaltzeko eragozpenik jartzen ez duenean, enpresaren partetik irudi horien erabilerak ez duela urratzen intimitaterako oinarrizko eskubidea, eta enpresak legitimoki erabil ditzakeela, baita diziplinazko kaleratzea justifikatzeko ere.
Hau da, bere intimitatea babesteko mekanismorik erabili ez duen sare sozial ireki batetik irudiak lortzea zilegitzat jo daiteke, eta ez du norberaren irudirako edo intimitaterako eskubidea urratzen, betiere esparru konstituzionala eta legala errespetatzen bada. Gainera, enpresak hartutako neurriak egokitasun-, beharrizan- eta proportzionaltasun-irizpideak gainditu behar ditu.
Kasu honetan, langilearen jokabide irregularraren zantzu nahikoak zeudela dio epaiak, eta laneko arau-haustea egiaztatzeko hain inbaditzaileak ez diren alternatibak ez daudela.
Beraz, TikTok sare sozialeko irudiak lortzea zilegi izan zen, eta ez zen urratu norberaren irudirako eskubidea hedapen- eta erreprodukzio-bertsioan, ezta norberaren intimitaterako eskubidea ere. Ondorioz, ez da bidezkoa kaleratzea deuseztzat jotzea, eta bidegabetzat jo da, egiaztatu baita bidaiak tratamendu medikoaren eremuan sartzen direla eta gomendatu egin zirela (medikuaren agindu gisa zuen irtetea, bidaiatzea eta ohiko errutinatik ateratzea eragiten zioten jarduerak).
Argi ibili, ez bakarrik argitaratzen dugunarekin, baizik eta baita ere gutaz argitaratzen denarekin, horrek sare sozialetan ordu gehiago sartzea eskatzen badigu ere.