Hego Euskal Herrian bizi denak badaki: hemen ez dugu aukera faltarik, ezta identifikazio digitalean ere. NAN elektronikoa, Cl@ve sistema, FNMTren ziurtagiriak, BaQ EAEn (profesionala eta pertsonala), Navarra ID Nafarroan… norberak aukeratzeko moduko buffet digitala dugu, administrazioarekin harremanak izateko. Beste lurralde batzuetan ate bakarra dena, hemen labirintoko ataria da: sarritan ez dakigu zeinetatik sartu garen… edo nola irten.
Teorian, askatasun eta erraztasunaren seinale izan beharko luke. Praktikan, ordea, erabiltzaile askok sentitzen dute pasahitz, PIN, txartel eta aplikazioen arteko ginkanaren parte direla. Identitate digitala sinplifikatzeko jaio ziren tresnak, batzuetan, identitate-aniztasunaren adibide bihurtu dira.
Galdera ez da ea sistema horiek beharrezkoak diren —argi dago baietz—, baizik eta ea erabiltzailearen ikuspegitik pentsatu ditugun… edo administrazio bakoitzaren erosotasunetik. Federalismoaren garapenean izandako 40 urtetako esperientziak lagungarria izan beharko zukeen administrazio digitalak beharrezkoa duen bateragarritasunaren inguruko ekimenen diseinuan, baina nork daki… Izan ere, trantsizio digitala ere bada politika publikoen ispilu.
Noski, nortasun digital bakarraren aldeko apustua egiteak ez ditu arazoak saihesten. Herbeheretan horren inguruko ebidentzia nabarmena eduki dute azken hilabetetan. Han, DigiD (Digitale Identiteit) 2003an sortu zen, administrazio digitalerako sistema bakar bezala. Aurretik, administrazio bakoitzak (ogasunak, gizarte segurantza edo udalek, adibidez) hiritarrentzako erabat deserosoa suertatzen ziren sarbide sistema propioak zituzten. 2006an, gobernuak behartu zuen zergak aurkezteko sistema bakarra DigiD izatea, adopzio masiboa eraginez. Barne Ministerioko agentzia batek sortu eta kudeatu du sistema, baina bere azpiegitura teknikoak (zerbitzariak, adibidez) enpresa pribatuen eskuetan izan dira. Eta hor sortu da koxka.
Solvinity Herbehereetako hodeiko zerbitzuen hornitzaile garrantzitsuenetako bat da, eta Herbehereetako Estatuko derrigorrezko azpiegiturak eusten dituen zutabe teknologikoa. Horien artean, Justizia Ministerioaren segurtasun-ingurunea, eta, hor barnean, DigiDren azpiegituraren zati bat dago. 2025eko azaroan, Kyndril enpresa estatubatuarrak Solvinity erosteko asmoa iragarri zuen. Kyndril ez da edonor: 2021ean jaio zen IBMren zerbitzu teknologiko globalen negozioaren zatiketa gisa, informazio teknologien azpiegitura-zerbitzuen hornitzaile global handiena bihurtuz.
Aipaturiko erosketa burutuko balitz, Herbeheretako azpiegitura kritiko bat AEBeko enpresa baten eskutan gera daiteke. Hagako gobernuak egindako ebaluazioaren arabera, hiritarren inguruko informazio delikatua (errenten edo osasunaren ingurukoak, adibidez) atzerritar enpresen edo gobernuen eskutan erortzeko arriskurik ez dago. Baina Washingtonek onartutako Cloud Act aplikatuko balitz, Kyndril enpresa estatubatuarra izanda, AEBeko administrazioak Solvinityk gordetako datu delikatuetarako sarbidea eska dezake (hala nola, identitate digitalekoak edo justiziakoak), zerbitzariak fisikoki Herbehereetan egon arren. Bistako arrazoiengatik, gaur egun inoiz baino justifikatuagoa dago AEBetako gobernuaren erabakien beldur izatea.
Beraz, identifikazio digitalaz hitz egiten dugunean, giltzen kopuruan (zenbat sistema, zenbat pasahitz, zenbat aplikazio) arreta jartzea baino garrantzitsuagoa da jakitea nork daukan sarraila, edo nork egin duen. DigiDiren kasuan, sistema publikoa izan arren, azpiegitura teknologikoa AEBetako enpresa baten esku geratzeak kezka politiko eta juridikoak piztu ditu. Datuak non dauden baino gehiago, galdera da noren menpe egon daitezkeen. Azkenean, identitate digitala ez da login bat bakarrik: botere-harremanen mapa txiki bat ere bada. Eta mapa horretan, erabiltzaileak sarritan azkenak gara helmugara iristen… nahiz eta pasahitza gogoratu.