Kontziliazioaren errentagarritasuna

Ofiziala da. Uda amaitu da, bai. Eta horrekin batera, lana eta bizitza pertsonala (haurren zaintza, bizitza soziala, etab.) uztartzeko malabarak itzuli dira. Izan ere, kontziliazioa ez da bakarrik seme-alabak dituzten familien kontua, nahiz eta familia horiek izan neurri horien behar handiena dutenak.

Kontziliazioa lana eta familia bizitza bateragarri egitea bilatzen duen neurri multzo bat da, langileak bere karrera profesionala garatzeko baldintza onuragarriagoak izan ditzan laguntzeko, bere bizitza pertsonalari eta familia-bizitzari kalterik egin gabe.

Azkenaldian iritzi zabaldua da telelana dela kontziliazioa lortzeko funtsezko tresna. Nire ikuspuntutik, baina, telelana ez da panazea, eta ez dela kontziliaziorako irtenbidea, besteak beste telelana egiteak, etxetik arituta ere, lan egitea esan nahi baitu. Seme-alabak dituztenen kasuan, ezin diogu kontziliazio deitu haurren ordutegiak aldatzeari eta ikastetxean goizeko 7:00etatik arratsaldeko 19:00etara edukitzeari, edo eskolaz kanpoko jardueretan.

Gure bizitzak uztartu ezinik jarraituko dugu. Datuen arabera, Europa mailan ordu gehien lan egiten duen herrialdeetako bat gara. Aldiz, produktibitateari begiratzen badiogu, emaitza baxua dugu. Hain ezaguna den egon beharraren arazoa dugu, alegia.

Lana eta bizitza bateragarri egiteko, zentzuzko ordutegiak eta produktibitatea bultzatu behar dira. Enpresek kontziliazioaren alde egitea epe ertain-luzera errentagarria dela ulertzen ez duten bitartean, eta produktibitate eta lehiakortasun handiagoa lortzen ez duten bitartean (batez ere, enpresak helburuen araberako zuzendaritza-sistema ondo ezarrita badu), ez dago zer eginik.

Uztartze-neurririk ez izateak, lanaldi luzeek eta deskonexio digitaleko protokolorik ezak eramaten gaituzte langile estresatuagoak eta, beraz, ez hain produktiboak edukitzera. Kontziliazioa langileak (talentua) erakartzeko eta atxikitzeko tresna moduan erabiltzen duten enpresen eredua jarraitu beharko dugu, orduan, enpresa mota horiek ulertzen baitute pertsonek osatzen dituztela enpresak, eta giza kapitala dela zaindu beharreko kapital garrantzitsuena. Oraindik, ordea, asko dugu egiteko, eta gako izango da enpresen kultura aldaketan aurrera egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK