Kooperatibismoaren 'impasse'-a

Joan den ostiralean Ulma eta Oronako bazkideek Mondragon Korporaziotik irteteko erabakia bozkatu zuten. Bozkaketaren emaitzak ezagun badira ere, oraindik ere sakon aztertzeko abagunea eskaintzen duten erabakiak badaude, eta horietan jarri nahiko nuke fokua aste honetako zutabean. Ekaitza osteko barealdiak analisirako ematen duen pausa eta ikuspegitik egiten saiatuko naiz.

Ondo dakizunez, aurreko ostiralean Ulma eta Oronako bazkide kooperatibistek —4500 bazkide inguru bi enpresen artean— haien kupuletako proposamen bat bozkatu zuten, Mondragon Korporaziotik irten ala bertan jarraitzea. Emaitzak argia izan dira bi kasuetan: Ulmako bazkideen %80,52k eta Oronako bazkideen %71,9k Korporaziotik ateratzearen alde egin dute. Emaitzak biribilak izan ziren, baina bozkaketan egin zen galderetan —Mondragon Korporazioko kide izateari uztea eta, aldi berean, Taldearekiko harreman-eredu berria aztertzea— aurrerantzean Taldea eta kooperatiben arteko harreman berri bat zehazteko beharra ere ageri zen, eta bozkaketa ondorengo egunetan erabiltzen den tonu eta borondateak zehaztuko du norabidea.

Jakina dena da gutxi dakigula. Prentsan alde baten eta bestearen arteko hikamiken atal, esaldi, aipamen konkretuak… baino ez dituzte erakusten. Baina erakusten dutena egia osoa da edo izebergaren muturra baino ez? Irakurri dugu hartu duten erabakiaz, baina ez zergatiaz. Zer da Ulma eta Oronak nahi dutena? Zerk egin du Taldearen eta kooperatiba bien arteko harremana muturreraino higatzea? Zer da Mondragon Taldeak egiten uzten ez duena? Handik eta hemendik entzuten ditut alde baten eta bestearen aldeko argudioak, baina ez dago eskaintza eta eskariaren arteko talkaren argitasun handirik. Elkarrizketa edo negoziazioen auditoria bat eskatzen dut, bederen.

Eta orain, emaitzak eskutan ditugula, nola aldatzen du kooperatiben eta Taldearen egunerokoa? Zer ahalbidetuko du etorkizunean orain artekoaren ezberdina dena? Baliteke kooperatiben gobernantzan autonomia irabaztea? Edo urteko emaitzen kontuan hemendik aurrera margin handiagoak izatea? Edo kooperatiben inbertsio planetan beste estrategia batzuk lehenestea? Zuzendaritza edo management mailan elkarren arteko jakinarazpenak urriagotzea? Korporazioak berregituratu beharko du barrena? Taldeak barruan dauden kooperatibekiko harreman instituzionalak berrikusiko ditu?

Bi kooperatiben kasuan Mondragon Korporaziotik ateratzeko hautua egin duten arren, emaitza biribil horien irtetzeko planaren ertzak zorrozten hasi beharko dira lehenbailehen: bi kooperatibek taldearekin izango duten harreman korporatiboa zehaztu, bazkideen eskumen eta abantailen bermea landu, Koporazioaren parte diren gainontzeko kooperatibekin harremanak mantentzeko espazioak eraiki… Eta beste hainbeste gertatuko zaio Mondragon Taldeari ere.

Galdera gehiago, iritzia baino.

Asko dirudigu, baina gutxi gara. 

Errespeta gaitezen, eta zainduko gara.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK