Kazetaria eta komunikazio-aholkularia

Kooperazioa edo kolapsoa

2025eko uztailaren 1a
pilar kaltzada

Termometroek eztanda egingo dute aste honetan Sevillan. Justizia soziala begien aurrean nola desegiten ari den ikusten duen mundu zoro honetan, gaitzerdi, justizia poetikoa geratzen zaigu: Hegoalde Globalaren egiturazko hondamendiaz hitz egiteko asfaltoa urtzen ari den une eta tokian elkartuko da Garapenenerako Finantzaketari buruzko Laugarren Konferentzia. 

 

Aste betez, bada, itotzeko moduko beroa sufrituko dute itotzeko moduko bizi-baldintzetara kondenatu ditugun herrialdeetako arazoei irtenbidea emateko xedez. Mundu osoko 60 ordezkaritza, 20 estatu eta gobernu-buru eta hamaika gizarte-erakunde. Nazio Batuen Erakundeak antolatu du gailurra eta “Sevillako Konpromisoa” adostu nahi du, zorra, fiskalitatea eta klima-aldaketari aurre egiteko neurri zehatzekin. Lortuko duten itxaropenik handirik ez dago, eta lortutakoan ere, badakigu ez dela nahikoa izango: sistema indartu egin behar da sistema bera eraldatzen den bitartean. Urrats ausartagoak behar direla ez dago dudarik. Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak berak esana da: "zorraren munduko sistema bidegabea da eta hautsita dago".

Duela hamar urte Garapen Iraunkorreko Helburuak onartu ziren eta baita horiek finantzatzeko mundu-mailako konpromiso asko ere. Ispilatze bat izan ote zen galdetzen dute promesekin batera baliabiderik jaso ez duten Hegoalde Globalek: jomugen bi heren betetzetik urrun daude eta urtero-urtero lau bilioi dolarreko zuloa pilatzen da. 2023an, Afrikako herrien zorra beren BPGren %24,5en baliokidea izan zen eta garapenerako laguntzan sartu zena baina diru gehiago erabili behar izan zuten zorra ordaintzeko.

 

Ez da kontabilitate-ariketa soil bat: GIBaren, tuberkulosiaren edo malariaren aurkako tratamenduak eten egin behar izan dituzte azken hilabete hauetan makina bat herritan, eta ez da denbora asko igaroko horren ondorioak ikusi arte. Hegoalde Globaleko osasun-sistemen inbertsioaren herena eten egin da edo kinka larrian dago.

Oraintsu arte, nazioarteko lankidetza izan da mundu mailan lortu dugun adostasun moral bakarrenetako bat. Kritikatu ditugu, eta arrazoiz, bere itzalak, baina duela gutxira arte oinarri-oinarrizko printzipioak eztabaidaezina zirudien: batzuen ongizatea ezin da eraiki besteen bazterketaren gainean eta garapenari, bidezkoa ez bada, ezin zaio garapen esan. Pertsonen duintasuna —hau da, pertsona guztien duintasuna— printzipio ukaezina zela uste genuen.

Ustea ustela. Zailtasunen aurrean printzipioak bazter uzten direnean, argi ikusten da ez zirela funtsezkoak, komenientzien araberako apaingarriak baizik. Adostasuna zartatu egin da eta orain, erantzukizunik eza eraginkortasunez mozorrotzen den atari zabalean, ezkutatu beharrik gabe. Bidegabekeria errealismo politiko gisa izendatzen dugu. Murrizketak, atzerapenak eta kanporatzeak justifikatzen dira, garai asaldatu hauetan lankidetza baztertu behar dugun luxua balitz bezala. Atzerri politikaren hiru D-ak, Development, Diplomacy and Defence, bakar batera lerrokatu dira, baldarrenera, arriskutsuenera. Ekilibristen antzera gabiltza, oin-puntatan, alanbrearen gainean, erorikoaren esperoan.   

Lankidetza ez da karitatea: justizia eta oreka da. Logika geopolitikoak ez du interdependentzia asmatu: lehenagokoa da, oinarri-oinarrizkoa da. "Besteen" sufrimendutik isolatu gaitezkeela esatea immorala da, eta gainera inozoa. Mundu interkonektatu batean bizi gara eta ez dago mugarik goseari, pandemiei, gatazkei edo kolapso klimatikoari eusteko.

Eraldatu behar al da lankidetza? Bai, zalantzarik gabe. Nola? Bertan behera utzita ez, noski. Bisturia eta gillotina ez dira baliokideak. Lankidetzaren munduko sistemak erreformak behar ditu, ez da behar bezain eraginkorra, huts egin du hamaika aldiz eta bere eredua zaharkitu egin da. Oraindik askoaren buruetan dirauen karitatearen eredu kolonialista gainditu egin behar da behingoz eta betiko. 

Isolamenduan oinarritutako mundu bat edo erantzunkidetasuna globalaren gainean eraikitako mundu bat nahi dugun erabakitzea da kontua. Premiazko irtenbideak behar ditugu, eta zintzoak izatea: ez da filantropia, ezta keinu sinbolikoak ere, baizik eta planetaren beraren egonkortasuna da. Horri uko egiten dionak ez du soilik justiziaren printzipioa baztertzen: biziraupen kolektiboari uko egiten dio.

Lankidetzan ekintza politiko eta konpromiso etikoa da, bai: ekintza eta konpromisoa. Elkarrizketa publikoa suspertzeko ordua da, erantzukizuna eskatzekoa, gogoratzekoa lankidetza ez dela negoziatzen, egin egiten dela. Kooperatzen ez duen mundu bat kolapsorako baino ez da prestatzen eta denbora askorik ez badugu ere, oraindik aukera genezake beste bide bat. 

Jokoan dagoena ez da politika publiko soil bat. Epe laburretik harago begiratzeko dugun gaitasuna da. Mundu bat eraikitzeko aukera da, non garapena ez den pribilegio bat, baizik eta horizonte partekatu bat. Izan ere, justiziak mugitzen ez bagaitu, gutxienez bizirauteko senak mugiarazten gaitu: munduaren egonkortasuna apurtzen ari garen orekaren mende dago.

Etorkizun bateratua ala banantze globala jokatzen ari gara. Izendatzeko eta aldarrikatzeko kuraia behar dugu eta orain da unea. Kolapsoaren aurrean, kooperazioa da gure azken aukera.